Marc Ribot Hurry Red Telephone + Dee Dee Bridgewater
Marc Ribot Hurry Red Telephone
Marc Ribot (gitarra), Ava Mendoza (gitarra), Chad Taylor (bateria)
Marc Ribot, 1954an New Jerseyn jaioa, azken hamarkadetako asmamen eta sormen handieneko gitarristen artean dago, konpositorea eta abeslaria izateaz gainera. Bere musika esperimentazioaren eta inprobisazioaren munduari lotuta dago beti, eta erabateko askatasunetik abiatzen da, eta zaletasun berezia erakusten du rock gordin, zuzen eta zaratatsuarekiko.
Ribotek gitarra klasikoa ikasi zuen, baita soula ere, Rufus Thomas eta Solomon Burke musikariekin batera jotzen. Bere garaian, John Lurierekin eta Lounge Lizars taldearekin finkatu zituen bere estiloaren oinarriak. 40 urtetik gorako bere ibilbide luzean artista gailenekin kolaboratu du, tartean, Tom Waits, Laurie Anderson, McCoy Tyner, Marianne Faithfull, Alan Toussaint, Caetano Veloso, Jamaaladeen Takya, Sun Ra, Norah Jones, Elvis Costello, Iggy Pop, T-Bone Burnett, David Sylvian, Arto Lindsay, David Hidalgo, Vinicius Cantuaria, Marisa Monte, Andrés Calamaro... New Yorkeko eszenan ohikoa, bere lagun John Zornekin batera aritzen da, eta kide izan da, besteak beste, The Jazz Passengers, Los Cubanos Postizos eta The Lounge Lizards taldeetan.
Musikari berezia eta sailkaezina da Ribot, teknika harrigarriaren eta, antza, azkenik ez duen sormenaren jabe, eta bere kontzertu zoragarriekin ─beti ustekabean harrapatzen gaituztenekin─ harritzeko, probokatzeko, gugan gogoeta eragin eta dibertsioa pizteko gai da. Hala, bere ibilbide osoa aitortzeko eta gure Jaialdira etorri den bakoitzean eskaini dizkigun kontzertu handiak eskertzeko, Donostiako Jazzaldia Saria emango diogu Marc Riboti.
Dee Dee Bridgewater Quartet: We Exist!
Dee Dee Bridgewater (ahotsa), Carmen Staaf (pianoa), Rosa Brunello (baxua), Evita Polidoro (bateria)
Dee Dee Bridgewater dama handienetako bat da ahots Jazzean. 1950ean Memphisen jaioa, laster ekin zion bere ibilbideari, 1971n Thad Jones eta Mel Lewisen Big Bandean sartu zenean; orkestra bikain eta berritzaile honek emanaldi ugari egin zituen 1974. urtera arte. Hala, bere ibilbidean jauzi bat egiteko eta Jazzaren figura ospetsuek, tartean Max Roach, Dizzy Gillespie, Sonny Rollins eta Dexter Gordonek, zituzten taldeetan parte hartzeko adina prestakuntza eskuratu zuen.
1974 eta 1976 artean, Broadwayko musikal batean parte hartu zuen, The Wiz izenekoan, eta Tony sari garrantzitsua jaso zuen lan harengatik. Billie Holidayren interpretazioarekin jarraitu zuen Lady Day musikalean eta Duke Ellingtonen musika jasotzen zuen Sophisticated Lady errebistan. Abeslari gisa, Dee Dee Bridgewaterrek hiru aldiz irabazi du Grammy saria. Artista gutxi nabarmendu dira halako irmotasunez hain eremu eszeniko desberdinetan.
Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) Borondate Onaren enbaxadore, Bridgewaterrek nazioarteko elkartasuna eskatzen jarraitzen du munduko gosearen aurkako borroka babesteko proiektuak finantzatzeko helburuz.
Multifazetikoa, esploratzaile ausarta, aitzindaria eta tradizioaren zaindaria, bere ibilbidean, Bridgewaterrek beti egin du zubi lana genero musikalen artean. Jazzaren ikonoa da Bridgewater, antzokiko izarra, kulturaren enbaxadore saiatua, eta borrokalari humanitario nekaezina, bere lorpen ugarietako batzuk bakarrik aipatzearren.
Oraingo honetan abeslari estatubatuar handiak “WE EXIST!” ikuskizuna aurkezten digu: emakume handien aktibismoaren eta artearen aldarrikapen bat, iragana eta oraina lotzen dituen hausnarketa, egindako bidearen errepasoa eta egiteko dagoenaren leihoa.