Historia
Donostiako Jazzaldia uztailaren hirugarren astearen inguruan hirian urtero egiten den Jazz jaialdia da. 1966an sortua, Jazz jaialdirik zaharrena da Espainian eta zaharrenetakoa Europan.
Aurkezpena
Jazzaldiak irauten duen 5 egunetan zehar ehun kontzertu inguru antolatzen dira. Kontzertuak dozena bat eszenatoki baino gehiagotan banatzen dira eta jai giroz blaitzen dute hiria. Programazioa askotarikoa da, eta doako eta ordainpeko ekitaldiak hartzen ditu, batetik, esparru estalietan, esaterako antzoki, museo eta auditorioetan, eta bestetik, aire zabalean, besteak beste hondartza, plaza eta parkeetan. Zurriolako hondartzan eta Kursaaleko terrazetan egiten diren doako kontzertuak bereziki, oso jendetsuak dira. 2023ko edizioan, 191.000 pertsona bertaratu ziren Jazzaldira, kalkuluen arabera.
Donostiako Jazzaldia mundu mailako erreferentea da Jazz jaialdien artean. Hamarkadetan zehar, bere eszenatokietatik Jazzaren historiako ia musikari handi guztiak igaro dira, eta plataforma gisa ere balio izan du artista emergente eta tokiko artista ugari ezagutzera emateko. 1966az geroztik, nazioartean ospea zabaldua duten artistak biltzen dituen urteko hitzordua, eta ezin konta ahala musikazale erakartzen dituena, haietako asko donostiarrak eta ingurukoak, eta beste asko munduko bazter guztietatik Donostiara iritsiak, musikaz eta hiriaz gozatzera.
Jazzaldiaren historia
Donostiako Jazzaldia 1966ko irailaren 10ean abiatu zen eta, gaur egun, Espainiako jazzeko jaialdi antzinakoena ez ezik, Europa osoko urtetsuenen artean dago. Jazzeko nazioarteko musikari handi guztiak igaro dira Jazzalditik azken berrogeita hamar urte pasa hauetan.
Jazzaldiak garrantzi handiko hainbat sari jaso ditu kulturaren garapenean egin duen lanaren aitortza modura: Musika Zabalkundearen Saria, SGAE Fundazioak antolatutako Musika Sarien XII. edizioan (2008); Lehiakortasunari emandako Euskadiko Turismo Saria, Eusko Jaurlaritzak emana (2015); eta 2016ko abenduaren 23an Ministro Kontseiluak emandako Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, Miguel Martín Jazzaldiaren zuzendariak jaso zuena. Izendapenean honako hau adierazi zen: Donostiako Jazzaldiak, orain mende erdia bete duenak, genero horretako artista garrantzizkoenak programatu ditu eta nazioarteko erreferentzia bihurtu da.
Prentsa espezializatuak, gaur egun ere, egitarauaren kalitatea eta Jazzaldiak hiriari ematen dion festa-giroa azpimarratzen ditu. Jazzaldiak egun eskaintzen dituen doako kontzertu ugariei esker, 150.000 pertsona baino gehiago biltzen dira, urtero, hiri guztian banaturik dauden Jazzaldiko agertokietara.
Jazz-jaialdia egiteko lehen ideia orduan Centro de Atracción y Turismo (CAT) erakundearen Musika Batzordeko arduraduna zen Imanol Olaizolak izan zuen. 1964ko maiatzean, Count Basiek eta bere Big Bandak Parisko Salle Pleyel-en eman zuten kontzertura joan zen Olaizola eta ikus-entzuleen gogo-berotasuna ikusirik, pentsatu zuen musika hura Donostiara ekarri behar zela. Ramon Peironcely CATeko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari aipatu zion eta hark jazzeko jaialdi proiektu bat sartzea erabaki zuen 1965erako proposatu ziren aktibitateen artean.
Garai hartan, Europako jazz-jaialdi erreferenteak oraindik abian den Frantziako Antibes-Juan les Pins-ekoa, eta Belgikako Comblain-la-Tour-ekoa ziren, zeina etenda egon baitzen 1967 eta 2009 artean.
Ekimenak aurkakotasuna aurkitu zuen hasieran. Jazzaldiaren proiektua ezin izan zen zehaztu 1965ean. 1966an, ordea, baldintzak zertxobait aldekoagoak ziren eta data eta toki egokien bila hasi ziren. Lehenengo asmoa abuztuan egitea izan zen, baina hilabete turistiko horretako aktibitate-egutegia oso betea zegoenez, Kontxako estropadetako bigarren jardunaldiari zegokion asteburua aukeratu zuten. Huraxe izan zen Jazzaldia irailean ospatu den aldi bakarra. Geroztik, beti uztailean izan da.
Jazz-jaialdia non kokatu erabakitzerakoan, burutazio bikaina izan zuten antolatzaileek: Trinitate plaza, 1963an hiriko harresien eraisketaren ehungarren urteurrena ospatzeko eraikia, Peña Ganchegui arkitektoak egindako proiektuaren arabera. Alde Zaharraren bihotzean dago eta aire berezia ematen dio plazari inguruan duen guztiak: Berpizkundeko eraikin bat (San Telmo), Andre Mariaren Basilika (XVIII. mendekoa), Urgull mendiaren aldapa malkarrak eta Donostiako alde zaharreko etxebizitza bitxiak.
Trinitate plazak hezurmamitu du urteotan zehar Jazzaldiaren zerizana. Musikariek aho batez goraipatzen dute barrutia, bakarra Europan, eta entzuleak agertokitik hain hurbil egotea.
Jende askorentzat –orduko gazteentzat, batez ere– Jazzaldiaren hasiera askatasun ufada bat izan zen. Frankismoa eta, harekin batera, bai zentsura eta bai jatorri anglo-saxoiko musikekiko –jazza barne– erregimenak zuen atxikimendu eskasa indarrean zeuden artean. Gainera, “gerra hotza” zela eta, Europaren Ekialdea eta Mendebaldea aurrez aurre zeuden. Horregatik, aukera bikaina eskaintzen zuen Jazzaldiak kultura alternatiboak ezagutzeko eta Donostiara etortzen ziren musikari poloniarrak, hungariarrak edo txekiarrak gu bezain europarrak zirela egiaztatzeko.
Hasierako baliabide ekonomiko urriek ezinezkoa egiten zuten lehen mailako artistak ekartzea. Ella Fitzgeralden kontratazioa planteatu zen, baina 900.000 pezeta kostatzen zen ekartzea eta kopuru horrek hirukoiztu egiten zuen aurrekontua, beraz 1975era arte itxaron behar izan zen, Jazzaldia ordurako ongi finkatua zela, Donostian Ellari kantatzen entzuteko.
Orduan, Amateurren Lehiaketaren alde apustu egitea erabaki zen. Hiru urte nahikoa izan zituen Jazzaldiak Europa guztian ospea hartzeko: laugarren ekitaldian (1969) bederatzi herrialdetatik etorritako 28 taldek jo zuten. Iritsi zen une bat hautaketa oso zaila bihurtu zena, ehun banda baino gehiago baitziren parte hartu nahi zutenak.
Donostiako Jazzaldiaren gaur egungo zuzendaria, Miguel Martin, 1978an sartu zen Batzorde Antolatzailean. Garai hartan hasi ziren jazzeko izar handiak etortzen, eta Trinitate plaz baino edukiera handiagoko agertokiak bilatu behar izan zituzten. Hala, Jazzaldia, hurrenez hurren, Kiroldegira eta Belodromora lekualdatu zen, baina 90eko hamarraldiaren hasieran, berriro bere jatorrizko esparrura itzuliko zen.
Ordutik hona, Jazzaldiak festa-giroari eman nahi izan dio indarra eta, urtez urte, jazza hiritarrengana are gehiago hurbiltzen saiatu da. Horretarako, Trinitate plaza berreskuratzeaz gainera, Kursaal Auditorioko akustika bikaina baliatu du eta Victoria Eugenia Antzoki berrituaren xarmaz gozatzeko aukera eskaini die ikus-entzuleei. Gainera, doako kontzertu ugari programatzen dira entzuleentzat guztiz egokiak diren agertokietan: Kursaaleko Terrazetan, Zurriolako hondartzan eta Nautikoan. Hiriko hogei gune enblematiko izan dira, momenturen batean, Jazzaldiaren agertoki; horien artean, San Telmo Museoa, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoa, Pasealeku Berria, Chillida-Leku, Basque Culinary Center, Haizearen Orrazia eta Eureka! Zientzia Museoa, Tabakalera, Alderdi Eder, Konstituzio Plaza, ...
Musika demokratizatzearen alde egindako apustu horri esker, Jazzaldiak ikus-entzule kopuru ikaragarriak lortu ditu antolatu dituen hainbat kontzertutan: 50.000 Jamie Cullum-en emanaldian (2013), 45.000 Gloria Gaynor-en kontzertuan (2016), 41.000 B.B.King-enean (2011), 20.000 Patti Smith-enean (2010) eta 18.000 Bobby McFerrin-ek Donostiako Orfeoiarekin abestu zuenean (2008). Aurreko aroan, Chick Coreak zeukan errekorra, Belodromoan 14.000 ikus-entzule bildu baitzituen 1981ean.
1994tik aurrera, Donostiako Jazzaldia saria ezarri zen Jazzaldira urtero etortzen diren izar historikoetako bat omentzeko xedearekin. Saria jaso dutenen zerrendan –Doc Cheatham-ek eman zion hasiera 1994an eta, oraingoz 2020an saria jaso zuten Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvadorrek ixten dute. Jazzaren historian izan diren talentu nagusienetako hainbat izen daude jasota sarituen artean.
Dokumentala eta liburua
Jazzaldia 50 dokumentala
Donostiako Jazzaldiak bere 50 urteko historia laburbiltzen du #jazzaldia50 dokumentalean, protagonistetako batzuen lekukotzak eta guztion oroimenean iltzatuta geratu diren hainbat kontzertu zoragarriren irudiak erabiliz.
50 edizio baino gehiagorekin, Jazzaldia estatuko Jazz jaialdi antzinakoena da eta Europako urtetsuenen artean dago. Jazzeko izen handi guztiak, salbuespenik gabe, igaro dira Donostiatik, eta haietako batzuk hainbat aldiz. Horregatik, dokumentala ez da soilik Jazzaldiaren historia, Jazz garaikide osoaren historia baizik.
Morgancrea-k egin du dokumentala eta koprodukzioko partaide dira TVE, Euskal Telebista eta Donostia Kultura; Carlos Rodríguez izan da gidoilari eta zuzendari. 56 minutuko iraupena du.
Dokumentala egiteko, berrogeita hamar elkarrizketa baino gehiago egin dira musikari, sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta jarraitzaileekin eta, kasu askotan, argitaratu gabe zeuden artxibo grafikoak eta ikus-entzunezkoak berreskuratu dira.
#jazzaldia50 lanak dokumentazio iturri askori eskertu behar diogun artxiboko material ugari bildu du. Garrantzizkoenak aipatuko ditugu:
- TVEk kontserbatu dituen grabazio zaharrenak 1967koak dira; 1970etik hona, Jazzaldiaren agertoki printzipaletako kontzertu gehienak grabatu ditu.
- EiTBren artxibo dokumentalari esker, Jazzaldiaren aurpegi sozial eta tokikoena erretratatu ahal izan da, baita 50 urteotan okupatu izan dituen hainbat espazio eta agertoki ere.
- KUTXATEKAk lehen hamarraldietako argazki ondare funtsezkoa kontserbatzen du, haietako asko jada existitzen ez diren egunkarietatik datozenak, La Voz de España eta Unidad, esate baterako.
- EL DIARIO VASCOk balio ikaragarriko materiala du bilduta (artikuluak eta argazkiak), ikus-entzunezko medioetan jaso gabekoa den neurrian.
- JAZZALDIA. Antolakuntzak berak, xeheki eta kontu handiz bildu du, urte hauetan guztietan, Jazzaldiaren inguruko informazio historiko guztia: programazioa, gertaerak, argazkiak, kartelak... Elkarrizketak egin zaizkien nazioarteko musikariei dagokienez, nabarmentzekoak dira Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield, Dee Dee Bridgewater, Dave Holland, Toshiko Akiyoshi, Nicholas Payton, Bugge Wesseltoft, Enrico Rava edota Nicholas Payton, bertako Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Mikel Azpiroz, Makala eta Mikel Erentxun ahaztuta utzi gabe.
Dokumentalean agertzen dira, orobat, Jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Río eta Miguel Angel Urrutia), eta hasierako antolatzaileetako batzuk (Imanol Olaizola, Ramón Peironcely, Rafael Aguire Franco, Francette Lafont eta Rafael Briz).
Kazetarien artean, Espainiako komunikabideetako Jazzeko kritikari garrantzitsuenek ematen dute iritzia, bai-eta, Estatu Batuetako, Frantziako eta Norvegiako zenbait medioetako kritikariek ere.
Dokumentala Jazzaldiaren historia egiten lagundu zuten eta jada gurekin ez dauden pertsonei eskainita dago:
- Langileak eta kolaboratzaileak
Charo Fernández, Esther Casares, Carola Ciriza, Renato Valeruz, Pedro Lafont, Francisco Antín, Xabier Portugal, Santiago Ugarte - Musika kritikariak
Federico González, Xabier Rekalde, Javier de Cambra, Raúl Mao, Juan Claudio Cifuentes
Jazzaldia 50 liburua
Jazzaldia 50 liburuak Donostiako Jazzaldiaren bost hamarraldiak dokumentatzen ditu. Berrogeita hamar edizioetako kronikak, kartelak eta artistak daude jasota, kalitate handiko argazki ugariz horniturik.
Jazzalditik igaro diren artisten orrialde osoko erretratu bikainak nabarmentzen dira: Charles Mingus, Ella Fitzgerald, Dizzy Gillespie, Art Blakey, Miles Davis… Ikusten den bezala, Donostiako Jazzaldiaren historia jazz garaikide guztiaren historia da.
5.000 izen baino gehiagoko aurkibidea du, Jazzaldian parte hartu zuten urtearen arabera. Tresna erabilgarria da, beraz, jazz zaleentzat, bereziki.
Azal gogorrekoaeta kalitate handiko couché paperezko 288 orrialde dituen liburua 15 eurotan dago salgai.
Jazzaldia 50 liburua erosi nahi baduzu, jar zaitez harremanetan helbide honekin: [email protected]. Mila esker.