2021
56. Jazzaldia arrakastatsua izan da. Jazzaren zaleek modu eredugarrian erantzun dute, gogo handiz eta eszenatoki guztietako sarrerak agortuta; ardura handiz jokatu dute, osasun eta segurtasun neurriak uneoro betez.

Kontzertu ahaztezinak agertoki guztietan
Ikusleen erantzun bikaina izarrez beteriko edizio batean
Bigarren urtez jarraian, bizi dugun egoera berezira egokitu behar izan du jaialdiak, edukierak murriztua eta maskarak uneoro jantzita.
Sarrera guztiak ordainpeko 27 kontzertuetatik 15etan saldu dira: Trinitate Plaza Keler eta Škoda San Telmo Museoko emanaldi guztietan, Kutxabank Kursaal Auditorioko hiru kontzertuetan, Chillida Lekuko kontzertu batean eta Victoria Eugenia Antzokiko kontzert batean. Oro har, ordainpeko 27 kontzertuetan sarreren %90 saldu dira.
Trinitate Plaza Kelerrek 10 kontzertu hartu ditu 5 gauetan, egunero plaza betez.
Dave Douglas eta Franco d ‘Andrea izan ziren lehenak. Kontzertua tronpeta-jotzaile estatubatuarraren eta pianista italiarraren arteko elkarrizketa musikal irudimentsu eta zoragarria izan zen. Cécile McLorin Salvant, Jazzeko emakumezko ahotsik interesgarrienetako bat, aritu zen ondoren Sullivan Fortner pianoan lagun zuela.
Ostegunean, uztailaren 22an, kubatar gau liluragarriaz gozatu ahal izan genuen, non bi piano-jotzaileak zirimiri donostiar etengabeari gailendu zitzaizkion. Gonzalo Rubalcabarekin hasi zen gaua, hura pianoan, eta Aymée Nuviola kantari ikusgarriarekin. Bigarren kontzertua Chucho Valdési Donostiako Jazzaldia Saria emanez hasi zen. Piano-jotzaile kubatarrak, hunkituta, bere aitari, Bebo Valdesi, duela 18 urte eman zioten Donostiako Jazzaldiaren sari bera jaso zuen, eta, ondoren, latin Jazzeko piano-jotzaile onenetakoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen.
Ostiralean, uztailaren 23an, bi jenio entzun ahal izan genuen pianoan. Marco Mezquidarekin hasi zen gaua; bere azken proiektua aurkeztu zigun: Talismán. Menorcarrak kontzertutzarra eskaini zuen, haren talentuaren tamainakoa. Ondoren, pianista erraldoi batek, Kenny Barron maisuak, jazz gau zoragarria eskaini zigun, Steve Nelson bibrafonista bikaina, Peter Washington kontrabaxu-jole aparta eta Jonathan Blake bateria-jole iaioa lagun zituela.
Larunbatean, uztailak 24, bi emakume izan ziren protagonista. Agertokira igotzen lehena Naïssam Jalal izan zen, Rythms of Resistance bere taldearekin. Magiaz eta soseguz betetako gaua izan zen, Ekialdeko eta Mendebaldeko musikaren arteko oreka zoragarria. Gaueko bigarren kontzertuan Noaren ahots paregabea izan zen protagonista, Gil Dorren gitarrarekin eta Iñaki Salvadorren pianoarekin batera. Txoria txori eta La vida es Bella Noarekin batera abesten amaitu zuten zaleek.
Azkenik, uztailaren 25ean, Jazzeko bi pertsonaia nagusi, bakoitza bere hirukotearekin: Brad Mehldau piano-jotzailea, lirikoa eta bikaina, eta Bill Frisell gitarra-jotzailea, magistrala eta bere sonoritatean bakarra. Azken egunean, Jazzaldiaren eszenatoki sinbolikoenak kalitate artistiko goreneko une ahaztezinak eskaini zituen.
Kutxabank Kursaal Auditorioan 5 kontzertu handi ikusteko aukera izan dugu, bat arratsaldeko.
Asteazkenean, uztailak 21, Jose Jamesek, estilo eta karismaz beteriko bere ahots ikusgarriarekin, gora egin zuen hasieratik.
Hurrengo egunean, Buikak, bere estilo guztiz pertsonalarekin, Balearretako kantaria ikusteko eta entzuteko irrikaz joandako publikoa txunditu zuen; izan ere, sarrerak zenbait egun lehenago agortu zituen.
Ostiralean, hilak 23, Jorge Pardo eta Niño Joselek hartu zuten lekukoa. Berriki zendutako haren lagun Chick Corea handiari egindako omenaldi beroa izan zen.
Larunbatean, Giovanni Guidi piano-jotzaile italiar gazte eta distiratsuaren txanda iritsi zen. Jazzaldian emanaldi bikainak eskainitako Gato Barbieri saxofoi-jotzaile argentinarra omendu zuen Guidik, musikari amerikar eta transalpinoekin osatutako seikote baten buru zela; askorentzat, Jazzaldiaren edizio honetako kontzertu hoberenetako bat izan zen.
Azkenik, uztailaren 25ean, egungo ahotsik onenetako batek, Sílvia Pérez Cruzek, heldutasun handiko une batean, bere abestirik berrienak interpretatu zituen Farsa Circus Band taldearekin: edertasun eta sentiberatasunez beteriko kontzertu delikatu eta sotila.
Uztailaren 21ean, asteazkenean, 12:30ean, La Locomotora Negra taldeak Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen eta, ondoren, orkestra katalanak kontzertu zoragarria eskaini zuen bere 50. urteurrena ospatzeko, erretiratzea erabaki duten arren, sasoi betean jarraitzen dutela erakutsiz.
22tik 25era, 12:30etan, Jazzaldiak JazzEñeren zazpigarren edizioari leku egin zion. SGAE Fundazioak antolatu du jaialdia, eta helburua Espainiako Jazz musikarien lana nazioartean ezagutaraztea eta bultzatzea da. Lau saio bikoitz izan ziren, Jazz hispanoaren ordezkaririk aipagarrienak bildu zituztenak: hilaren 22an, ostegunean, Ariel Brínguez Quintet eta Caminero Quintet; uztailaren 23an, Daniel García eta Chano Domínguez piano-jotzaile handien hirukoteak; 24an, Smack Dab kataluniar boskotea eta Sumrrá galiziar hirukotea; eta, azkenik, hilaren 25ean, igandean, Alba Careta tronpeta-jotzailea eta Manolo eta Curra bikote andaluziarra.
Goizero, 11: 00etan, San Telmo Museoko klaustroan, zaleek 120 lagunentzako lekua agortu zuten pianoaz gozatzeko, akonpainamendurik gabe eta leku paregabe batean, giro intimo eta goxoarekin.
Franco d ‘Andreak, Jazz italiarraren maisuak, hizkuntza tradizionala eta abangoardiakoa menderatzen dituenak, bere dotoreziaz gozatzeko parada eskaini zigun uztailaren 21ean. Hilaren 22an eta 23an, bi saio ezberdinekin, Marcin Masecki poloniar pianista berritzaile eta bakanak Thelonious Monk handia omendu zuen lehen egunean, eta ragtime-a ekarri zuen gogora, bigarrenean; bertaratutakoen oroimenean geratuko diren bi kontzertu. Marko Mezquidak emanaldi paregabea eskaini zuen uztailaren 24an eta entzuleek gogoz eskertu zioten txalo zaparrada luzea eskainita. Azkenik, hilaren 25ean, igandea, Iñaki Salvadorrek berak miresten dituen musikagileei keinu ugari egin zizkien: Chick Corea, Keith Jarret, Bach eta Duke Ellington.
Aurten bi kontzertu egin dira Chillida Lekun, artez eta naturaz inguratutako agertoki paregabe batean, non publikoak musikaz gozatu zuen belar berde eta freskoaren gainean eserita, eguzkia nola sartzen ari zen ikusten zuen bitartean.
Uztailaren 18an, igandean, Jaialdiaren aurreko saio batean, Cécile McLorin Salvant abeslariak eta Sullivan Fortner piano-jotzaileak bertaratutako entzuleak asebete zituzten, bertako giro bukolikoarekin bikain uztartzen zen musika batekin. Hilaren 24ean, Marc Ribotek, Ceramic Dog hirukotearekin, guztiz kontrakoa egin zuen. Kontzertu bikain eta kementsua eskaini zuen, non gitarrista eta abeslariak bere alderik borrokalari eta aldarrikatzaileena erakutsi zuen.
25 kontzertu egin dira Frigo Gunean eta Guuk Gunean, 5 egunero, guztiak doakoak eta jende asko bildu dutenak, askotan, 800 lagunentzako gehieneko edukiera osatuta.
Aurtengo ediziorako aukeratutako 10 talde lokalen, Katapulta Tourreko 4 talde hautatuen eta azken bi urtean disko bat argitaratzeagatik aukeratutako 5 talde lokalen emanaldiez gozatu ahal izan dugu. Horiez gain, Jean Toussaint eta Éric Sevaren boskoteak ere izan dira bi guneotan.
Datu batzuk
- Aurten 18 kontzertu eman dira streaming bidez, 9 Keler plazatik eta 9 Victoria Eugenia Antzokitik.
- Gaur arte Youtubeko gure kanalean (Jazzaldia – Donostia) ditugun edizio honetako kontzertuek 12.000 bistaratze baino gehiago izan dituzte.
- Aplikazio berria: 750 pertsonek deskargatu dute eta batez beste egun bakoitzeko 19 minutu eta 45 segunduz izan da erabilia.
- Sare sozialetan 37.000 jarraitzaile izatera iritsi gara.
Klik bakarrean
Kartela
56. Jazzaldia 2021 kartela (egilea: Isabel Herguera).
Txikijazz
TxikiJazzek 4 kontzertu eskaini ditu goizero uztailaren 22tik 25era, bi Guuk Gunean eta beste bi Kutxa Kultur Tabakaleran. Haurrek, familia giroan, Hollywood Band Kids, Swingtronics, Ghost Number eta Oreka TX taldeen musikarekin gozatu ahal izan dute.