Pierre de Bethmann
Pierre de Bethmann
Pierre de Bethmann (pianoa)
1965ean jaioa, Parisen hazi zen Pierre de Bethmann eta bertan egin zituen ikasketa orokorrak eta musikaren arlokoak. Ondoren, ESCP negozio-eskolan graduatu (1987an) eta Bostongo Berklee College of Music-en eman zuen urtebete (1989). Gero bost urtez aritu zen aholkulari lanean, eta 1995ean erabaki zuen bere lanbidea alde batera uztea musikari bihurtzeko.
PRYSM hirukoteko koliderra, 90eko hamarkadaren amaieran lau disko grabatu zituen Blue Note zigiluarentzat, eta birak egin zituen Europan, Japonian, Estatu Batuetan eta Kanadan. ILIUM proiektua kaleratu eta lau disko grabatu zituen boskote eta septeto formatuan. MEDIUM ENSEMBLE orkestrarekin jarraitu zuen konposizio lanetan; hamar-hamabi musikarik osatutako orkestra honekin 3 disko grabatu zituen.
Aldi berean, hirukote akustiko bat osatu zuen Sylvain Romano eta Tony Rabesonekin, eta laukote bat eratu zuen David El Malek saxofonistarekin kolaborazioan. Pianoforte proiektuaren zuzendarietako bat da gainera, eta talde honekin ere arituko da 60. Jazzaldian. Bestetik, 2015ean bere diskoetxea sortu zuen, eta irakaskuntzan dihardu Parisko Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatorio Nazionalean. Urte hauetan zehar musikari askorekin kolaboratu du, besteak beste, hauekin: Eddie Henderson, Dave Liebman, Aldo Romano, Philip Catherine, Rick Margitza, Riccardo del Fra, François Jeanneau, Eric Le Lann, Stéphane Belmondo, Stéfano di Battista, Flavio Boltro, Rosario Giuliani, Jacques Schwarz-Bart, Julien Lourau, Meredith d 'Ambrosio, Norma Winstone, Sara Lazarus…
Pierre de Bethmannek hainbat sari jaso ditu: Django d'Or (1998) urteko talde onenari, Django Reinhardt (2004) urteko musikari frantsesari, Victoires du Jazz (2008) urteko albumari ─Oui (2007)─ eta Victoires du Jazz (2024) urteko artista instrumentalari.
Pianista bizia eta asmamen handikoa; bihurria, jostalaria eta argitsua batzuetan; sakona, iluna eta kontenplatiboa beste batzuetan. Egungo teklista frantses gailenetakoa entzuteko aukera paregabea izango dugu hau, piano soloan, amarrurik eta anplifikaziorik gabe, San Telmo Museoko klaustro magikoan.