1979
Balantzea
Urte honetan lekualdatu zen Jazzaldia Belodromora, eta hurrengo hamarkada osoan hantxe geratuko da.
Bazen antolatzaileen aldetik halako beldur pixka bat, erraldoikeria-arriskua baitzekarren urrats hori emateak. Baina Jazzaldiak ekartzen zituen figura handiak ikusteko geroz eta sarrera-eskari handiagoa zegoen eta Polikiroldegia txikia gertatzen zen.
Gainera, Trinitate Enparantzaren ezaugarri zen musikarien hurbiltasuna galdu egiten zen eta Belodromoa sonorizatzea ez zen batere erraza, nahiz eta urteak joan ahala, nahiko soinu ona lortu zuten.
Azkenean, bai aldekoek eta bai aurkakoek, denek izan zuten arrazoi: alde batetik, Belodromoa beharrezkoa zen, ondorengo ekitaldietan argi geratu zen bezala. Hamar mila pertsonatik gorako kontzertuak dezente izan ziren (B.B. King-ek 7.000 bildu zituen 1979an); bestalde, aurrekontuak izugarri puztu ziren, eta horrek kinka larria sorrarazi zuen handik urte batzutara ikuskizun-eskaria gainbehera etorri zenean.
Antolakuntza aldetik izan zen beste aldaketarik ere: amateurren lehiaketa emanaldi bakar batera mugatu zen, parte-hartzaile-kopurua gutxitu eta lehen eta bigarren sari bat bakarrik eman ziren, estilorik bereizi gabe. Jam-saioak kendu egin ziren, aurreko urtean ez zutela behar bezala funtzionatu juzgatu baitzen.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi