2001
Ikus-entzuleek, Jazzaldiaren jarraitzaile leialak direla erakutsiz, egunero bete zuten Trinitate Enparantza, nahiz eta pare bat alditan, antolakuntzak emandako euritarako jantziak erabili behar izan zituzten.
Balantzea
Brecker Brothers-ek eta Frank Sinatra Jr. eta Woody Hermanen Orkestrak ireki zuten ekitaldia, uztailaren 24an.
Hurrengo egunean, ordea, Jazzaldiko agertoki garrantzizkoena Kursaaleko Auditorio bikaina izan zen. Han, Pat Methenyk eta Charlie Hadenek kontzertu akustiko gogoangarria eskaini zuten, aretoa gainezka betetzen zuen jendeari argi erakutsiz lekua ezin egokiagoa dela gisa horretako emanaldietarako, urtebete lehenago Keith Jarrettekin gertatu zen bezalaxe.
Ondorengo egunetan izar handiak pasa ziren Trinitate Enparantzatik: Charlie Haden, bere Quartet West laukotearekin; Joe Zawinulen Syndicate taldea, Maria Joãoren ahots leuna lagun zutela; 54. Kaleko Izarren (Chano Domínguez, Jerry González eta Bebo Valdés, nor bere taldearen buruan) jazz, flamenko eta erritmo latinoen fusio sentitua; Gato Barbieri, Enrico Rava beti interesgarriaren laguntzarekin; eta Ray Brown, bere 75. urteurreneko jiran, Hank Jones, Alvin Queen eta James Morrison lagun zituela: Brown eta bere lagunen kontzertua jazz klasiko eta dotore baten erakustaldi aparta izan zen, belaunaldi errepikaezin horretako azken ordezkariek eskainia. Amaiera, berriz, uztailaren 29an, Bobby McFerrinek eman zion, eta jendea liluraturik atera zen haren ahots-malabarismoak zirela medio.
Aipamen berezia merezi du Kursaaleko Ganbera Aretoan, uztailaren 25ean, Ahmad Jamalek eskaini zuen saioak, Jazzaldiaren historiako kontzertu hoberenetakoa izan baitzen. Jamalek asmatu zuen jazzeko hiruko modernoa, 1950eko hamarraldian, eta berriro asmatu du, 50 urte geroago, Idris Muhammad baterian eta James Cammack baxuan dituela. Kronos Quartetek, bere proposamen bikoitzarekin (klasikoa eta jazza) eta David Mengualek (Mosaic proiektuarekin, bi formaziotan: hirukoa eta bederatzikoa) bete zuten, orobat, Ganbera Aretoa eta agertoki berean abestu zuen Lisa Ekdahl suediar abeslariak ere.
Kursaaleko terrazetako goizaldeko joaldietara ere ikus-entzule ugari bildu zen gauero, eta gozatua hartu zuten Alexis Hightower, Soulive, Aka Moon eta Dawn Thomson eta John Nugenten boskotearekin.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi