42. Heineken Jazzaldia aparta gertatu zen, bai maila artistikoari zegokionez eta bai publikoaren erantzunaren aldetik. Esan behar da, gainera, oihartzun handia izan zuela komunikabideetan.

Gotan Project.
Gotan Project.

Ia 135.000 ikus-entzule izan ziren programatutako 80 kontzertu baino gehiagotan

Jazzaldiak zazpi egun iraun zuen, ohiko seien ordez, ez-ohiko kontzertu bat programatu baitzen Haizearen Orrazian, Eduardo Chillidaren obra ikusgarrian; urte hartan, izan ere, 30 urte bete zituen jada Donostiaren ikur eta ezaugarri bihurtu den eskultura multzoak. Ohi bezala, Heineken Jazzaldiak ezin hobeto baliatu zituen hiriak eskaintzen dituen agertoki natural eta arkitektoniko paregabeak (Trinitate Enparantza, Zurriolako Hondartza, Kursaal Jauregiko Terrazak, Kursaal Auditorioa), eta aspaldiko lagun bat berreskuratu zuen: Victoria Eugenia Antzokia, zazpi urtez zaharberritze lanetarako itxita egon ondoren, berriro, gure hiriko arte eszenikoen eta musikaren katalizatzaile bihurtu dena.

Ikusle gehien, harritzekoa ez denez, Zurriolako hondartzako Agertoki Berdean eskaini ziren doako emanaldiek bildu zuten. Kategoria ukaezineko taldeek hartu zuten parte esandako agertokian: Gotan Project, The Skatalites, Living Colour, Horace Andy, Cassius eta CirKus, Neneh Cherry barne zela. Baina, ordaindu beharreko esparru itxietan ere (Trinitate Enparantza, Kursaal Auditorioa eta Victoria Eugenia Antzokia) sarrera salmenta % 15 igo zen, aurreko urtekoarekin alderatuta. Horrek erakusten du estimazio handia duela Jazzaldiak hala Donostiako eta inguruko jarraitzaileen artean, nola beste toki askotatik (Espainia, Frantzia, Italia, Britainia Handia, eta munduko beste hainbat herrialde) iristen diren bisitari ugariren artean

Artearen ikuspuntutik begiratuta, ondorengo kontzertu hauek izan ziren balioetsienak ikus-entzuleen eta kritikarien aldetik: Wayne Shorter (artistaren musika ibilbidearen ohorez emandako 2007ko Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen), Pat Metheny & Brad Mehldau, Elvis Costello & Allen Toussaint, Marcus Miller, Chick Corea & Gary Burton, Van der Graaf Generator, Bryan Ferry, Living Colour, Madeleine Peyroux eta Pedro Iturralde.

Azpimarratzekoa da Heineken Jazzaldiak tokiko taldeen alde urtero egiten duen apustua, musikari horien lana entzuleria zabalagoetara hel dadin laguntzen baitie. Hamabi euskal talde (musikarien gehiengoa Euskal Herrikoa zutenak) programatu ziren Jazzaldiko hainbat agertokitan, urtarriletik maiatzera hiriko zenbait klubetan eskainitako kontzertuetan egindako hautatze prozesuan hartarako aukera irabazi ondoren.

42. Heineken Jazzaldiaren oihartzun mediatikoa berebizikoa izan zen. Hirurogeita hamaika komunikabideren ordezkaritzan etorritako 154 kazetari kreditatuk estali zuten Donostiako Jazzaldia. Telebista kate guztiek eskaini zizkioten saioak eta horietako lauk (TVE, Tele 5, ETB eta Telemadrid) zuzenean konektatu zuten Trinitate Enparantzarekin, uztailaren 29an, beren gaueko albistegian Elvis Costelloren emanaldiaren berri emateko. TVEko 2. kateak, berriz, Jazzaldiko kontzertu nabarmenenak eman zituen 2007ko abuztuan: 10 emanaldi, guztira, 90na minutukoak.

Atzerriko kazetariek garrantzi handiko komunikabideak ordezkatu zituzten, hala nola, Down Beat aldizkaria, Estatu Batuetan jazzari eskainitako publikazio printzipala, eta Jazz Hot eta Jazz Magazine, Frantziako garrantzitsuenak. Erreportaje zabalak eskaini zizkieten guztiek Heineken Jazzaldiari eta Donostiari, irailean argitaratutako zenbakietan. Ordezkari bereziak bidali zituzten, orobat, Le Monde egunkariak (Frantziako prestigiotsuenetakoa), Sud-Ouest-ek (Akitanian gehien saltzen dena) eta El Comercio-k (Peruko zabalduena).

Klik bakarrean

Jazzaldia iruditan

Kartela

42. Jazzaldia 2007 kartela.

42. Jazzaldia 2007 kartela.