Uztailaren 19tik 23ra bitartean Donostia musikaz zipriztindu zuen 47. Heineken Jazzaldiak zapore gozoa utzi zuen. Izan ere, entzuleak ugaritu ziren, antolatutako ehundik gora kontzertuen (horietatik 70 doakoak ziren) maila artistikoa handia izan zen, eta komunikabideek jaialdiaren musika eskaintza eta antolaketa gaiei buruz plazaratutako kritikak onak izan ziren.

Melody Gardot (Argazkia: Lolo Vasco).
Melody Gardot (Argazkia: Lolo Vasco).

47. Heineken Jazzaldia

Guztira 122.000 ikus-entzule izan ziren Heineken Jazzaldian, aurrekoan baino %6 gehiago (115.000 izan ziren 2011n). Ordaindu beharreko kontzertuetan nahiz doakoetan izan zen ikus-entzule gehikuntza.

Kritikoek, nazioartekoek bereziki –AEB, Frantzia, Italia, Britainia Handia, Alemania, Serbia, Kroazia eta Norvegiako komunikabideak izan ziren jaialdian– jaialdiak jazzaren korronte berritzaileenen (The Thing, Terje Rypdal, Peter Evans, Mari Kvien Brunvoll, Lighthouse eta Enrico Rava) alde egiten duen apustua balioetsi zuten. Horrez gain, jazz garaikidearen musikari handien (Kenny Barron, Mulgrew Miller, Eric Reed, Dado Moroni, Miles Davis-en omeneko taldea, Ninety Miles edota Marc Ribot) eta Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen Jimmy Cobb bateria-jotzaile historikoaren moduko izarren presentzia nabarmendu zuten.

Halaber, kritikoak ados agertu ziren L’Orchestre d’Hommes-Orchestres performs Tom Waits ikuskizun paregabea programatuta jaialdiak asmatu egin zuela esatean. Ikus-entzuleak bat etorri ziren iritzi horrekin, aurreikusita zeuden bi emanaldien arrakasta ikusita hirugarren bat egin baitzen.

Jaialdiaren egitarauko izen handiek (Antony, Melody Gardot, Bobby McFerrin, Madeleine Peyroux) ikus-entzuleengandik jasotako harrera beroa eskertu zuten, guztiek ere kontzertu ederrak eskainita.

Victoria Eugenia Antzokiaren ehungarren urteurrena, uztailaren 20an, behar bezala ospatu zen. Publikoak normalean ikusten ez dituen txokotan antolatu ziren kontzertuak eta jendea batetik bestera ibili zen naturaltasun osoz.

Sharon Jones eta Alabama Shakes tartean zeudela, Jazz Band Ball-a soul gaua bihurtu zen. Zurriola hondartzan eta Kursaaleko terrazetan jendetza ibili zen, jaialdiko egun guztietan bezala.

Etxeko jazzak emaitza paregabea eman zuen musikari euskaldunak goi mailan ari direla erakutsiz. 30 taldetik gora aritu ziren, horietako asko agertoki garrantzitsuetan. Horren adibide Hasier Oleagaren kontzertua izan zen, Trinitate Plazan. Antonyk eskainitako kontzertuaren arrakastaren zati ere orkestra euskaldun bati zor zitzaion, Et Incarnatus-i, hain zuzen ere.

San Telmo Museoa esperimentu artistikorako gune bezala sendotu da eta Basque Culinary Center ere arrakastaz batu zaio jaialdiak duen agertoki sortari.

47. Heineken Jazzaldiak sortu zuen ikusimina sare sozialetan ere antzeman zen, batez ere, Twitterren eta Facebooken. Hor mugimendu handia egon zen jaialdiko egunetan zehar eta, hala, esan daiteke, jaialdiaren emaitza borobila izan zela.

Datu batzuk

  • Antolatutako ehundik gora kontzertu.
  • Guztira 122.000 ikus-entzule izan ziren.
  • Ikusimina sare sozialetan ere antzeman zen, batez ere, Twitterren eta Facebooken.

Klik bakarrean

Kartela

47. Jazzaldia 2012 kartela (egilea: Jon Artetxe).

47. Jazzaldia 2012 kartela (egilea: Jon Artetxe).