48. Heineken Jazzaldia, 2013ko uztailaren 24tik 28ra Donostian izan zena, gogobetetze orokor giroan amaitu zen, faktore batek baino gehiagok bultzatuta: ikusle kopuruaren errekorrak, programatutako 84 kontzertuen arrakasta artistikoa (horietatik 57, doakoak), publikoak erakutsitako berotasuna eta komunikabideetan argitaratutako kritika baikorra.

Shibusa Shirazu Orchestra (Argazkia: Lolo Vasco).
Shibusa Shirazu Orchestra (Argazkia: Lolo Vasco).

48. Heineken Jazzaldia

Ikusle kopurua 155.434koa izan zen, eta hala, errekor berria ezarri zuen jaialdiak, 2008ko 150.000 ikusleak gaindituta.

Balantze artistikoa ezin zen hobea izan. Beste gauza guztien gainetik, John Zornen Masada Marathon-a gailentzen zen, nazioarteko oihartzun zabalarekin. 2013an bi Masada Marathon egon zen munduan. Bata Donostiakoa; eta bestea, New York-ekoa. Aditu guztiak ados zeuden 2013ko uztailaren 13an Kursaal Auditorioan eskaini zen Masada Marathon-a Zornek eta bere dizipuluek inoiz eskainitako onena zela esatean. Estatu Batuetako, Frantziako, Britainia Handiko, Alemaniako, Italiako eta Serbiako hainbat komunikabidek beren kritikari aipagarrienak bidali zituzten gertakizun hau kubritzeko.

Egia esan, artista guztiek maila gorenean aritu ziren. Trinitate Plazak gogoz txalotu zituen The Swallow Quintet, Jorge Pardo, Dave Douglas, Pharoah Sanders, China Moses, Buika, Hiromi eta Youn Sun Nah.

Kursaal Auditorioan, aipatutako Masada Marathon-az gain, Diana Krallek eta Lee Konitzek ere sekulako arrakasta lortu zuten. Hain zuzen, Konitzi Donostiako Jazzaldia Saria eman zitzaion, Juan Claudio Cifuentes jazz dibulgatzailearekin partekatua.

Victoria Eugenia Antzokian, bi kontzertu atsegingarri, Vijay Iyer piano-jotzailearena eta Sílvia Pérez Cruz kantariarena.

San Telmo Museoan, ikusle askok Aurora Trio, Beñat Achiary, Maya Homburger-Barry Guy Duo, Mikel Azpiroz eta Uncommon Deities deskubritu zituzten.

Agertoki Berdea etengabeko jaia izan zen. Dena eman zuen Jamie Cullumekin hasi zen eta !!! (chk chk chk)-en delirio kolektiboarekin amaitu zen. Tartean egon ziren, betirako oroimenean, Elvis Costello, Belle & Sebastian, Capsula, Shibusa Shirazu Orchestra eta Belakoren kontzertuak. Agertoki berean, Nothing Placesen kontzertua bertan behera geratu behar izan zen euria eta haizea zirela medio.

Emakume musikarien presentzia handia izan zen. Haietako batzuk kartelburu izan ziren (Diana Krall, Hiromi, Youn Sun Nah, China Moses, Buika, Sílvia Pérez Cruz) eta beste batzuk beren taldeetan rol nabarmena jokatu zuten (Masada Maratoian parte hartu zuten Sylvie Courvoisier, Sheryl Bailey, Ikue Mori eta Mycale taldeko lau kideak, The Swallow Quintet-eko Carla Bley, Belle & Sebastian-eko Sarah Martin, Capsula-ko Coni Duchess, Barry Guyrekin duoa osatutako Maya Homburger, Jorge Pardo lagundu zuen big bandeko Eva Garín, Roser Monforte eta Paula Carrillo, eta Uncommon Deities-eko Sidsel Endresen). Gauza bera gertatzen zen hainbat euskal taldeetan. Belako, Sky Beats, La Prima Janis, Gregario de Luxe, Katuarraiak, DJ Ana Sinatra Presley, Iñaki Diéguez, eta Roberto Nieva with Strings taldeek emakumeak zituzten euren formazioetan.

Jaialdiak euskal jazza bultzatzeko aurreko urteetan hasitako lanari segida eman zion. Guztira, 33 bakarlarik eta taldek gaur egun Euskal Herrian dagoen musika maila bikaina dela erakutsi zuten. Agertoki garrantzitsuetan programatu ziren, adibidez, Agertoki Berdean. Hor Belako aritu zen Elvis Costelloren aurretik, eta San Telmo Museoan, Beñat Achiary eta Mikel Azpiroz aritu ziren. Inaugurazio eguneko Jazz Band Ballean, Igelaren Banda eta Gabacho Maroconnection taldeek parte hartu zuten. Horrez gain, Nauticool eta Kursaaleko Terrazetan emanaldi andana eskaini zuten euskal taldeek.

48. Heineken Jazzaldiak iraunkortasunaren, garbitasunaren eta segurtasunaren alde egindako apustua handiagotu egin zuen. Hondartzan, beirazko, metalezko eta plastikozko ontzi gutxiagorekin sartzeko ekimenak emaitza ona eman zuen.

Datu batzuk

  • Ikusle kopurua 155.434koa izan zen, eta hala, errekor berria ezarri zuen jaialdiak.
  • 84 kontzertu, 4 egunez programatuak.
  • Iraunkortasunaren, garbitasunaren eta segurtasunaren alde egindako apustua.

Klik bakarrean

Kartela

48. Jazzaldia 2013 kartela (egilea: Ricardo Bermejo).

48. Jazzaldia 2013 kartela (egilea: Ricardo Bermejo).