49. Heineken Jazzaldia, Donostian 2014ko uztailaren 23tik 27ra ospatu zena, poztasun giroan amaitu zen. Programatutako jarduera ugarietara joan zen ikusleen kopuru handiak eta komunikabideetan argitaratu ziren erreferentzia onek berretsi egin zuten jaialdiaren arrakasta, hala alde artistikotik, nola antolakuntzakotik.

George Clinton Agertoki Berdean (Argazkia: Lolo Vasco).
George Clinton Agertoki Berdean (Argazkia: Lolo Vasco).

49. Heineken Jazzaldia

49 Heineken Jazzaldiak 140.000 entzule bildu zituen, horietatik 12.650 ordainpeko kontzertuetan.

Programazioak 112 kontzertu barnebiltzen zituen, horietatik 78 doakoak, hirian zehar banatutako 17 agertoki ezberdinetan banatuak. Guztiak normaltasun osoz burutu ziren eta oro har, eguraldi ona egin zuen, 24 gaueko zaparrada batzuk salbu.

Ohikoa den bezala, jaialdiaren jazz esentzia Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokietan kontzentratu zen.

Chick Coreak eta Stanley Clarkek piano eta kontrabaxu duo formatuan Auditorioan eskaini zuten kontzertua jaialdiaren historiara pasako da. Ikus-entzuleek gogo biziz txalotu zuten Return to Forever-en sortzaileen musika-jankinduria eta elkar ulertzea. Aretoa ia lehertu egin zen, bisean Bobby McFerrin beraiekin abestera azaldu zenean. McFerrin bezperan Trinitate Plazan egona zen espiritualez osatutako errepertorioa eskaintzen, eta ikus-entzuleak bere ohiko begikotasun eszenikoz bereganatu zituen.

“Trinian” beste une handi batzuk: Enrico Rava, jazz europarrean bere gailentasuna berresten bere Tribuaren buru; John Scofield inoiz baino energia handiagoarekin Überjam-en lider gisa; Dave Holland Prism-ekin, bere banda aparta; Sun Ra Centennial Arkestra laurogeita hamar urtetik gorako Marshall Allen buru zuela, bere musika espazio intergalaktikorantz jaurtitzen, non Sun Raren espiritua alderrai dabilen; eta kantagintzaren bi dama handi, bat beteranoa, Dee Dee Bridgewater itzela, eta berriagoa beste bat, baina, esperientzia ziztu bizian hartzen duena, Kristin Asbjørnsen.

Kursaalera itzuliz, errezitaldi handiak izan ziren ere Bugge ‘n’ Friendsena, (Bugge Wesseltoft norvegiar jakin-nahiaren azken proiektua, kasu honetan boskote multinazional baten buru) eta Toshiko Akiyoshi eta Lew Tabackinena.

Jaialdiko unerik hunkigarrienetako bat Toshiko Akiyoshik Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuenean bizitu genuen. Antolakuntzak piano-jotzaile eta orkestra-zuzendari japoniarraren ezaugarri gizatiar eta artistikoak nabarmendu zituen; izan ere, Akiyoshiren hastapenetan jazz munduan gizonezkoak, estatu batuarrak bereziki, ziren nagusi. Sari-emate ekitaldia Basque Culinary Center-en izan zen eta estrainekoz publiko orokorrak ekitaldira joateko aukera izan zuen. Toshiko Akiyoshik kontzertu txiki bat eskaini zuen eta haren ostean ekitaldira bertaratutako komunikabideen galderak erantzun zituen.

Victoria Eugenia Antzokiak abangoardiako jazza hartu zuen: Muhal Richard Abrams piano-jotzailea, Wadada Leo Smith tronpeta-jotzailea eta bere Ten Freedom Summers maisu lana eta Krzysztof Penderecki musikagileak zinemarako egindako soinu bandekin An On Bast eta Maciej Fortuna poloniarrek egindako proiektua. Eta jakina, ezin ditugu ahaztu Orkestra-Gizonen Orkestrak Kurt Weillen abestietan oinarrituta osatutako ikuskizunaren bi emanaldiak.

Jende gehien bildu zuten kontzertuez hitz egiteko, bukaeratik hasi beharko dugu, Agertoki Berdean uztailaren 26an izandako taldetik. Vintage Trouble talde estatu batuarrak dena eman zuen eta entzuleak ederki eskertu zuen. Hondartzan kontzertu gogoangarri mordoa izan genuen: The Kinks taldeko buru ohia, Ray Davies; George Clinton eta Parliament/Funkadelic; Echo & The Bunnymen rock britainiarraren eledunak; The Horrors eta euren proposamen estetiko bortitza; James Vincent McMorrow eta bere ahots miragarria; Austraren freskotasun eta gaztetasuna; eta Delorean euskal taldea, atzerrian nahiz bertan jarraitzaile ugari biltzen dituena, Zurriolan ikusi izan genuen bezala.

San Telmo Museoa esperimentazio artistikorako gune izan zen beste behin ere, euskal eta europar artisten sorgune. John Tilbury, Sabin Bikandi eta Kukai Dantza Konpainiak Bat-batean sorkuntza berritzailea eskaini zuten. Telmo Trioren (Hasier Oleaga, Guillermo Lauzurica eta Fanfy artista frantsesa) proposamenak ere forma eta eduki berriak eskaini zituen. Iñaki Salvador piano jotzaileak Andrzej Olejniczak eta Maciej Fortuna musikari poloniarrekin egindako bi lan plazaratu zituen. Eta Aitor Furundarena soinujoleak Pascal Battus artista frantses polifazetikoarekin osatutako egitasmo interesgarria aurkeztu zuen.

Basque Culinary Centerrek eta Mugaritz jatetxeak berriz ere gastronomia eta musika konbinatu zituzten. Eta jaialdiko ohiko agertokiei beste batzuk gehitu zitzaizkien; horien artean, Botanika eta Dabadaba, María Cristina Hoteleko terraza eta San Martin Azoka.

Kursaaleko terrazak eta Nauticool-ek, Club Náutico-ko terrazan dagoen agertokiak, euren gustuko musika bilatu eta aurkitzen zuten milaka pertsonen joan-etorria ikusi zuten egunero.

Jaialdiak lan handia egin zuen ere sare sozialetan. Argazki lehiaketa bat antolatu zuen Instagramen lehen aldiz eta mugimendu handia izan zen Facebook eta Twiterren, hurrenez hurren, 10.000 eta 6.000 jarraitzaileren langa gaindituz.

Datu batzuk

  • Guztira 112 kontzertu.
  • Hirian zehar banatutako 17 agertoki.
  • Guztira 140.000 entzule.
  • Argazki lehiaketa Instagramen, 10.000 jarraitzaile Facebooken eta 6.000 Twitteren.

Klik bakarrean

Kartela

49. Heineken Jazzaldia 2014 kartela (egileak: Asier Nazabal eta Carolina Ruiz).

49. Heineken Jazzaldia 2014 kartela (egileak: Asier Nazabal eta Carolina Ruiz).

Txikijazz

Txikijazzak, haur eta familientzat sortutako jaialdi paraleloak 2013an lortu zuen arrakasta berretsi zuen bigarren edizio honetan. Haurrek musika entzuteko, dantza egiteko, eskulanetan aritzeko eta, oro har, artearekin ikasi eta gozatzeko aukera izan zuten. Azpimarratzekoak dira, adibidez, dantza jazz, funky, music box, perkusio, dj app tailerrak. Txikijazzeko kontzertuetan musikari apartak aritu dira, hala nola, René Marie, Joseba Irazoki, Mac Jeara’s Band, Rock’n’Kids Band eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Musika Gela.