175.000 entzule inguru izan zituen guztira jaialdiak eta giro ezinhobea izan zen hirian.

Ellis Marsalis Quartet Trinitate plazan (Argazkia: Lolo Vasco).
Ellis Marsalis Quartet Trinitate plazan (Argazkia: Lolo Vasco).

51. Heineken Jazzaldiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen

51. Heineken Jazzaldiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, bai ikusle kopuruari bai artisten mailari dagokienez. 175.000 entzule inguru izan zituen guztira jaialdiak; horietatik 19.075 ordainpeko kontzertuetan eta gainerakoak doakoako kontzertuetan.

Trinitate Plazako, Kursaal Auditorioko, San Telmo Museoko eta Victoria Eugenia Antzokiko hainbat emanalditan sarrerak agortu ziren. Giro ederra izan zen Donostian, bisitariz gainezka zegoen hiria, eta jaialdiaren egitarau oparoak harrera ezinhobea izan zuen.

Inoiz baino agertoki gehiago izan zituen 51. jaialdiak, 20 guztira. Hiriko toki enblematikoenetako bat, Konstituzio plaza, Heineken Jazzaldiaren agertokia izan zen estreinakoz. 132 kontzertu izan ziren, horietako 84 doakoak. Gainera, hiriko establezimendu ugarik jazz emanaldiak izan zituzten euren terrazetan, jazza hiriko doinu bihurtuta.

Ellis Marsalis pianista handiak, ospe handiko musikari familiaren sortzaileak (Wynton, Branford, Delfeayo, Jason), jaso zuen Donostiako Jazzaldia Saria. Bere seme Branford Marsalisek, hain justu, eskaini zuen edizio honetako kontzerturik gogoangarrienetako bat, Kurt Elling kantaria lagun zuela. Bere aitari sariaren plaka eman ostean egin zuen, aitaren emanaldia bukatutakoan eta biek elkarrekin balada bat jo zuten une hunkigarriaren ondoren.

Itzela izan zen jaialdiaren hasiera: Gloria Gaynorrek jendetza batu zuen Zurriolako hondartzan. 45.000 ikuslek gogoz gozatu zuten Gaynorren kontzertuaz eta lau telebistek zuzenean eskaini zuten emanaldiaren hasiera informatiboetarako. Jazz Band Ballean askoz emanaldi gehiago izan ziren: Dave Douglas, Marc Ribot, Cyrus Chestnut, Buster Williams, Lenny White, Terje Rypdal, Elephant9… Goi mailako emanaldiak denak ere.

Trinitate Plazak Marsalis aita-semeen kontzertu gogoangarriaz gain, lehen lerroko jazz musikarien proposamenak hartu zituen: DeJohnette/Coltrane/Garrison hirukoa, Steve Coleman & Five Elements, Steps Ahead Reunion Tour, Bobo Stenson Trio eta, dena borobiltzeko, Diana Krall.

Punta-puntako jazza izan zen ere Kursaal Auditorioan: urrezko hirukote bat (John Scofield, Brad Mehldau, Mark Guiliana), Jan Garbarek Trilok Gurtu perkusionistak lagunduta eta Christian Scott tronpeta-jotzaile estatubatuarra. Halaber, Ibrahim Maalouf tronpeta-jotzaile frantziar-libanoarrak musika proposamen eztabaidagarria aurkeztu zuen, Kursaal Auditorioa lepo zegoela.

Aretoak maiz bete ziren 51. edizioan; kontzertu andana agortu zen: Trinitate Plazako Marsalis aita-semeak, Steve Coleman eta Diana Krall, Kursaaleko Ibrahim Maalouf eta Mehldau-Scofield-Guiliana, Victoria Eugenia Clubeko Jerry Bergonzi eta San Telmoko eguerditako bost kontzertuak.

Bete-betean asmatu zen San Telmo Museoan izan ziren eguerdiko kontzertuekin. Sarrera guztiak agortu zituzten bertan izan ziren artistek: Workshop de Lyon proposamen bikain eta ausarta, Josemi Carmona & Javier Colina, Jerry Bergonzi Perico Sambeatek lagunduta, Ainara Ortega euskal jazz musikari gorenez inguratuta eta Mikel Andueza bere disko berri interesgarriarekin.

Konstituzio Plazako agertokia ere arrakastatsua gertatu zen oso, bai bertaratutako entzule kopurua bai “Souletik jazzera” lelopeko egitaraua kontuan hartuta.

Azken urteetan bezalaxe, Heineken Agertoki Berdea festarako, gozamenerako eta bizikidetzarako gune bilakatu zen. Gloria Gaynorrekin festa lehertu zen, baina Charles Bradley ez zen atzera geratu eta soul ikuskizun ikaragarria eskaini zuen. Arrakasta handia izan zuten, halaber, Snarky Puppy sutsuek, John Nemeth eta Nick Waterhouse artista bakanek, Grupo Fantasmaren erritmo latinoek eta etengabe gora ari den bertako Rural Zombies taldeak.

Kursaaleko Terrazek arratsaldez nahiz gauez musika entzuteko primerako aukera eskaini zuten. Euskal Herriko nahiz Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian ikasten zuten kanpoko musikariz osatutako taldeek euren abileziak agertzeko plaza aparta izan ziren.

Frantziako Arfi kolektiboak bi musika proposamen oso ikusgarri aurkeztu zituen eta nabarmendu beharrekoak izan ziren, zalantzarik gabe: Workshop de Lyon eta Marmite Infernale.

51 Heineken Jazzaldiak beste jaialdi bati eman zion aterpe: europar jazz talentu berriak deskubritzea xede duen 12 Points-i. Donostia 2016 Kultur hiriburuaren Elkarrizketak lerroarekin elkarlanean antolatutako jaialdi ibiltari hau Dublinen egiten da bi urtero eta gainerako edizioak beste europar hiriburutan ospatzen dira. 10. edizioa Donostian egiteak zentzu guztia zuen, kultur hiriburutzaren urtean. Hamabi europar hiritako hamabi talderen kontzertuak izan ziren 12 Points jaialdiaren muina eta jazz adituen parte-hartzea izan zuen Jazz Futures mintegiak eta zabaldu berri zen Tabakalerako Kutxa Kultur Kluban egin ziren jam session gautiarrek biribildu zuten egitaraua.

Datu batzuk

  • Guztira 132 kontzertu.
  • 20 agertoki.
  • 175.000 entzule inguru izan zituen guztira jaialdiak.

Klik bakarrean

Kartela

51. Jazzaldia 2016 kartela (egileak: Marcos Navarro eta Maddi Martínez de Murguía).

51. Jazzaldia 2016 kartela (egileak: Marcos Navarro eta Maddi Martínez de Murguía).