2020
55. Jazzaldia guztiok gogoratuko dugu, eta ez bakarrik bere kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuekin joan ginelako, egoera berezi eta zailean, baizik eta baita bere kontzertu ikusgarriengatik, une paregabeengatik eta kalitate orokor bikainagatik ere.
Kalitate artistiko bikaina eta publikoaren erantzun sutsua
Publikoak modu eredugarrian erantzun zuen, covid 19ak eragindako arauak jarraituz, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez. Nabarmendu nahi dugu, halaber, ez zela inolako gorabeherarik izan eta osasun eta segurtasun neurri guztiak uneoro bermatu zituela antolakuntzak eta jarraitu zituela kontzertuetara bertaratutako jendeak.
Edizio hontan, lehen aldiz, hiru Donostiako Jazzaldia Sari eman zitzaizkien Jazzaren hiru jeniori: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador. Gainera, hirurak izan ziren Jazzaldiko eszenatoki nagusietan, Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian, elkarrekin edota euren bandekin kontzertu ahaztezinak ematen.
Aipatutakoekin batera, Espainiako artista eta talde onenen aukeraketa bat ikusi ahal izan genuen. Guztiak ere esker onez aritu ziren berriz ere zuzeneko kontzertuak eskaini ahal izan zituztelako eta artez eta kalitate musikalez beteriko une zoragarriak oparitu zizkiguten: Chano Domínguez, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Chicuelo, Sílvia Pérez Cruz, Antonio Serrano, Raül Refree Lina portugaldarrarekin batera, Josemi Carmona, Tino di Geraldo…
Maila handiko euskal talde eta artisten kontzertuak ere izan genituen. Oreka TX eta Michel Portalek kontzertu bana eskaini zuten Trinitate Plazan, eta gainera, inprobisazio bateratu bat utzi ziguten, betiko gogoratuko duguna. Iñaki Salvador donostiarrak bi kontzertu eskaini zituen, bata Kursaalean, Chano Dominguezekin batera, eta bestea Victoria Eugenia Antzokian, Jorge Pardo eta Borja Barrueta bizkaitarrarekin. San Telmo Museoko klaustroan Donostiako bi piano-jotzaile, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz. Eta Jazzaldiaren azken egunean, Victoria Eugenia Antzokian, Joseba Irazoki eta Lagunak.
Bertako taldeen zerrenda osatuz, Kursaaleko Terrazetan euskal artista gazteen 21 kontzertu izan ziren, formatu berri batean. Guztira, 21 kontzertu ikusi ahal izan ziren, guztiak doakoak eta edukiera kontrolatukoak, zuzeneko musika onaz gozatzen zen bitartean lasai-lasai zerbait hartzeko moduko espazio batean, hori guztia ikuspegi paregabearekin eta Jaialdi osoan zehar izan genuene eguraldi ona lagun.
Kontzertu guztietatik onenetako hiru artista portugaldarren eskutik etorri zitzaizkigun. Lina, Raül Refree katalanarekin batera Victoria Eugenia Antzokian, Salvador Sobral Kursaalen eta Mariza Trinitate Plazan.
Gainontzeko artistak, batzuk Espainian bizi baziren ere, nazioartekoak izan ziren, Norvegia, Suedia, Frantzia, Alemania, Serbia, Estatu Batuak: Rymden, Joachim Kühn, Anja Lechner, François Couturier, Bojan Z., Randy Greer (Valentzian bizi zen), Sean Clapis (Madrilen bizi zen).
Hurte hartako nobedade bat streaming bidez eskainitako kontzertuak izan ziren, 15 emanaldi guztira, mundu osoko zale ugarik jarraitutakoak, 70.000 bistaratze baino gehiagorekin. Doako zerbitzua izan zen, zuzeneko kontzertuetara joaterik izan ez zuten guztientzat irekia. Honez gain kontuan hartzekoa da gure sareetan 34.000 jarraitzaile edukitzera heldu ginela.
Azken batean, jazz-zaleen oroitzapenerako jaialdi bat, kontzertuen maila altuagatik eta, kontrako baldintzen aurrean, Jazz zaleek izan zuten erantzun ezin hobeagatik.
Datu batzuk
- 15 emanaldi eman ditugu streaming bidez, 70.000 bistaratze baino gehiagorekin.
- Sare sozialetan 34.000 jarraitzaile.
Klik bakarrean
-
2020ko kontzertuakBerriro ikusi
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi
-
Jazzaldia iruditanIkusi Flickren
Kartela
Txikijazz
Txikijazzen zortzigarren edizioak 4 kontzertu eskaini zizkigun, Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazara eta Kursaaleko Terrazetara hurbildu ziren familiek asko gozatu eta estimatutakoak.