2025 uztailak 24 • 21:00

40 €

Trinitate plaza

Steve Coleman & Five Elements

Steve Coleman (saxo altua), Jonathan Finlayson (tronpeta), Rich Brown (baxua), Sean Rickman (bateria)

Steve Coleman berebiziko jenioa da saxofoian, eta inspirazio iturri bihurtu da Jazzaren belaunaldi oso batentzat. Aurrenetakoa izan zen ikusten rapak eta DJek eskaintzen zituzten aukerak eta, horrekin batera, maisu bihurtu zen Jazzaren mugetatik kanpo ari ziren musikari askorentzat. Gainera, Steve Coleman, Jazz garaikidearen abangoardian beti, aditua da Jazzaren jatorrian; Karibeko musikan sakondu du, batez ere Kubakoan, baina baita Afrikakoan ere, antzinako Egiptoko numerologian eta orishatan inspiratu da… Horrek guztiak, Jazzaren maisu handien, poparen eta raparen, eta James Brownen estiloko groove funkaren eraginpean, oso hizkuntza berezia darion obra ekarri du emaitzaz, betiko markatu duena Jazzaren historia.

Five Elements bere talde enblematikoarekin, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdeaz geroztik, lurralde berriak esploratzen ari da interpretazio praktika ez-linealen erabileran. Colemanek modulu espontaneoak eta aurrez konposatuak erabiltzen ditu, edozein ordenatan jo ahal direnak. Horrek aukera ematen dio musikari bakoitzari bere kabuz aurrera edo atzera salto egiteko atal desberdinetara, baita konposizioen artean ere, musikaren geruza desberdinak azaleratu eta azken emaitza modu erabat interaktiboan berrasmatzeko. Egitura ziklikoen inprobisazioa da, Colemanek eta bere lagunek M-Base deitua eta kolektibo bati eta hari lotutako mugimenduari izena emateko ere balio izan zuena.

Steve Colemanek Five Elements taldearekin egindako musika disko gailenetan jaso da, besteak beste: The Sonic Language of Myth (1999), The Ascension to Light (2000), Alternate Dimension Series I (2002), Harvesting Semblances and Affinities (2010), Functional Arrhythmias (2013) eta azkena, zuzenean grabatua, Live at the Village Vanguard Volume I (2018) eta Volume II (2021).

Kurt Elling and Yellowjackets Celebrate Weather Report

Kurt Elling (ahotsa), Russell Ferrante (pianoa, teklatuak), Bob Mintzer (saxo tenorra, saxo sopranoa, EWI), Dane Alderson (baxu elektrikoa), William Kennedy (bateria, teklatuak)

Kurt Elling Jazz bokalista magistralak eta Yellowjackets Jazz fusioko talde legendarioak omenaldia egingo diote Weather Report supertalde ospetsuari. Kurt Ellingen jatorrizko letrak Weather Report taldearen denboraz kanpoko musikara moldatuta entzuteko aukera paregabea izango dugu hau.

Kurt Elling bokalista garrantzitsuenetakoa da; sari ugari jaso ditu (haien artean 2 Grammy), dinamikoa, berritzailea eta genero desberdinetara moldatzeko gaitasun izugarri handia du, Jazzaren egungo ahotsik onenetakoa da, eta estiloak eta proiektuak txandakatzen dituen musikaria da bera: swinga, bossa nova, inprobisazioa, funka, baladak, spoken word, poesia, scattinga, bere baritono ahots bereizgarria, beroa eta inguratzailea; bere maisutasun teknikoa, tonu eta estilo ugari biltzen dituena; bere dotorezia, musika eta poesia uztartzeko duen trebetasuna, inprobisatzeko duen gaitasun aparta; istorioak modu sinesgarrian kontatzeko duen dohaina; bere sen sortzailea; autentikotasuna; malgutasun erritmikoa; bere trebezia bokal nabarmena… Ezaugarri horiek guztiek egungo Jazzaren abangoardian kokatzen dute Elling eta, aldi berean, Jazzaren historiako ahots handienen oinordeko nagusi gisa.

Ellingek, besteren lanak interpretatzeaz gain, bere abestiak eta letrak konposatzen ditu, eta musikari handiekin lan egin du, esaterako Brandford Marsalisekin ─berarekin aritu zen 2016ko Jazzaldian─ eta Herbie Hancock, Dave Brubeck, Danilo Pérez, Stefon Harris eta Fred Herschekin. Sarritan, Rilke, Proust edo Nerudaren (batzuk aipatzearren) erreferentzia literarioez baliatzen da bere abestietan. Testu sendoak idazten ditu, sen poetiko handikoak, eta konposizio berriak sortzen ditu, Pat Metheny, John Coltrane, Keith Jarrett, Jaco Pastorius eta Wayne Shorterren kantuei letrak gehituta. Oraingoan, Yellojackets taldeak interpretatutako Weather Report taldearen abestiei jarriko dizkie bereak diren letrak.

Yellowjackets taldeak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea egina du, eta bere historia luzean zehar 27 album grabatu, ehunka kontzertu eman, ezin konta ahala sari jaso ─besteak beste bi Grammy sariak─ eta kritikaren oniritziaz eta arrakasta komertzialaz gozatu du.

Urte horietan guztietan zehar berrasmatuz joan da, eta Jazz fusioan itzal handieneko taldeetako bat izaten jarraitu du beti, bere musika maila apartari eutsi eta, are gehiago, handitzea lortu, eta soinuzko paisaia elektroakustiko berritzaile eta desafiatzaileen berezko unibertso bat esploratu bitartean.