Eneko Dieguez Quartet
2025 uztailak 25 • 20:00

Eneko Dieguez Quartet lau musikari gaztek osatutako taldea da, antzeko kezka musikalak bultzatuta 2021ean eratua. Ordutik oso parte-hartze aktiboa izan dute Euskal Herriko eta inguruko Jazzaren eszenan. Taldearen estiloa oso berezia da, eta bere errepertorioak konposizio originalak biltzen ditu, Jazz modernoaren barruan, baina beste eragin asko jasotzen ditu ere bai, tartean hip-hopa, XX. mendeko musika klasikoa eta euskal folklorea.
Zuzenekoetan askotariko paisaiak eskaintzen dituzte, oso giro intimo eta delikatutik hasita intentsitate eta bizitasun handikoetara. Hala, berdinik ez duen esperientzia da haien emanaldietako bakoitza. Duela gutxi, Amsterdamgo “Keep an Eye” lehiaketa ospetsuan parte hartu zuten, eta bakarlari onenaren saria irabazi zuen bertan Eneko Dieguezek. Bestetik, 2024ko Jazzon Aretoaren "Impulso" programako egoiliarrak izan dira, eta bere bitartez grabatuko dute estreinako diskoa.