59. Donostiako Jazzaldiak arrakasta itzela izan du, alde batetik, egundoko maila artistiko eta musikalari esker, eta bestetik, jendearen erantzun ikaragarriari esker, ia kontzertu guztietan gainezka egin baitu, orotara 185.600 entzule izan direlarik.

59 Jazzaldia, Keler Gunea, IZARO (©Lolo Vasco)
59 Jazzaldia, Keler Gunea, IZARO (©Lolo Vasco)

59. Jazzaldia: jaialdi borobila

Doako kontzertuek 165.000 pertsona erakarri dituzte, eta ordainpekoek 20.604, jaialdiaren historian errekorra izanik; 32 herrialdi ezberdinetatik erosi dira sarrerak, 13 kontzertuetakoak agortu dira, eta eskuragarri zeuden zenbakituriko sarreren %88,8 saldu dira. Trinitate plazako kontzertuetako 4tik 3tan “sold out” kartela eskegi dugu, Kutxabank Kursaal Auditorioko 6tik 3tan, eta Škoda San Telmo Museoko 4tik 3tan, Chillida Lekuko 2tan, FCC Victoria Eugenia Antzokiko 1ean, baita Maria Cristina Hotelean egindako ekitaldian ere.

Aurtengo musika kalitatea ezin hobea izan da; artista handiak, bertoko eta nazioarteko izarrak, goraka ari diren artistak, musika estilo ezberdinak… Oroimenean iltzaturik geratuko diren kontzertu eta uneak bizi izan ditugu: John Zorn anitz eta eutsiezinaren 3 saio berealdikoak, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen William Parkerren abangoardia eta sormen askea, Sílvia Pérez Cruzen ahots paregabea, Lakecia Benjaminen indarra, Potter-Mehldau-Patitucci-Blake laukotearen maisutasuna, Scofield Holland Duoren jakinduria, Gregory Porterren ahots sakon eta liluragarria, Larkin Poeren eta North Mississipi Allstarsen hegoaldeko rocka, IZAROren adierazkortasuna, Marcin Masecki poloniarraren sentsualitate latindarra, Júlio Resenderen dotoretasuna...

Jazzaldiak publikoaren erantzuna eskertu eta aintzat hartu nahi du, esparru guztiak betetzeaz gain, beste urte batez, jarrera eredugarriz eta istilurik sortu gabe jokatu baitu. Hiria, Jazzaldian zehar, musikaz blai egon da, jai giroan murgilduta, ospakizunean.

Datu batzuk

  • 8 kontzertu eman ditugu streaming bidez.
  • 46.000 jarraitzaile sare sozialetan.
  • Webgunearen erabilera azken 30 egunetan: 55.000 erabiltzaile, 571.000 bisita, 1.374.000 ekitaldi.
  • Webgunearen erabilera azken 12 hilabetetan: 135.000 erabiltzaile, 910.000 bisita, 2.327.000 ekitaldi.

Klik bakarrean

Kartela

Cartel 58 Jazzaldia 2023 (autor: Roskow).

59. Jazzaldia 2024 kartela (egilea: Detritus).

Txikijazz

Bost kontzertu zoragarri izan ditugu Txikijazzaren 12. edizio honetan. Azpimarragarriena, sortu den giroa, gurasoek musikarekiko duten errespetua eta, batez ere, txikienen gozamena. 5 kontzertu oso desberdin izan dira, guztiak egundoko kalitatearekin. Noa & The Hell Drinkersek etorkizuneko blueszaleez bete zuen Chillida Leku, Itziar Yagüek eta Carole Alstonek beren ahots zoragarriekin familiak gozarazi zituzten eta Swingtronicsek eta Elkano Browning Creamek publikoa dantzan jarri zuten, lehenengoak inor gehiago sartzen ez zen Kutxa Fundazioa Plazan eta Elkano eguzkipean Fnac terrazan. Oso edizio berezia.