1975
Hamargarren urteurrena ospe handiko hiru artista kontratatuz ospatu zen: Oscar Peterson, Ella Fitzgerald eta Dizzy Gillespie. Era horretan, behetik-gorako martxa geraezin batean abiatzen zen Jazzaldia.
Balantzea
Kontzertu hauetarako sarrera-salmenta aurrikuspenak kontuan harturik, Donostiako edukiera handieneko barrutian programatzea pentsatu zen, Anoetako Belodromoan; gainerakoek Trinitate Enparantza historikoan jarraitu zuten.
Esperientzia arrakastatsua izan zen, nahiz eta Jazzaldia ez zen 1979ra arte Belodromora lekualdatu, Polikiroldegian urte batzuk eman ondoren. Ella Fitzgeralden errezitaldia entzun zuten 6.000 lagunek, lau urte iraungo zuen entzule-errekorra ezarriko zuten, orduan 7.000 pertsonatan kokatu baitzuen B.B. King-ek. Hurrengo hamarkadaren hasieran mila-txiki egingo ziren kopuru haiek.
Jazzaldiaren iraupena bederatzigarren ekitaldian finkatutako 6 egunetan mantendu zen. Aurrekontua 4 milioi pezetara iristen zen, baina sarrerei merke eusten zitzaien: 1.100 pezeta hamaika emanaldietarako abonua, horietatik 8 profesionalenak. Talde amateurren kopurua gutxitu egin zen, hamaika oraingoan, eta ez zen lehiaketarik jokatu.
Last Exit izeneko talde amateur britainiar bateko baxujolea Gordon Sumner delako bat zen. Oharkabean pasa zen, hiriko kritikari batentzat ezik: “Erdipurdikoa izateaz gain, etengabe erritmoa hautsi besterik ez zuen egiten”. Handik gutxira mundu guztian ospetsu bihurtuko zen bere goitizen artistikoaren pean: Sting.
Aurreko urteetako arrakasta ikusirik, jazzeko filmeak ematen jarraitu zuten, eta baita Udaletxe azpiko jam-saioekin ere.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi