Gato Barbieriren kontzertura bildutako jendetzak ustekabean harrapatu zituen antolatzaileak. Hamabi mila ikus-entzule bildu ziren Belodromoan saxofoijole argentinarra entzuteko, baina tamalez, ez zen sasoi hoberenean azaldu: ia bi orduko atzerapena, oholtzara balantzaka igotzea eta bere “buenas noches, Barcelona” ez ziren jendearen oso gogoko izan.

Freddie Hubbard.
Freddie Hubbard.

Balantzea

Egunero izaten ziren jende-pilaketa handiak. Jazzaldia ez zen bakarrik Donostia eta inguruko gertaera kultural handi bat, Espainia eta Frantziatik ere jende asko etortzen zen. 36.000 entzule izan ziren guztira, %62ko igoera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta horrek hiru milioiko irabaziak utzi zituen.

Art Blakey-ren Jazz Messengers-en emanaldia, espero zitekeen bezala, oso maila altukoa izan zen. Talde honetako zenbait instrumentistek (Bobby Watson, Wynton Marsalis, Branford Marsalis) fama handia irabazi zuten gerora eta bakoitza bere taldearekin itzuliko ziren Donostiara. Wynton hasia zen kritikarien arreta erakartzen. Honela idatzi zuen batek: “Harriturik utzi ninduen eta jo zuen My Funny Valentinen aldaerak negarra eragin zidan. Ez dut begirik kentzeko asmorik”. Pasadizo xelebre gisa, Blakey-ren mutilek saskibaloi-partidu bat jokatu nahi izan zuten emanaldiaren aurretik, eta antolatzaileek jokatzeko tokia bilatu behar izan zieten.

Jazzaldi honen aparteko mailari eusteko lagungarri izan ziren baita ere, bi tronpetajole bikain, Dizzy Gillespie eta Freddie Hubbard, eta Duke Ellingtonen orkestra, haren seme Mercer-ek zuzendua.

Amateurren lehiaketak ere maila altua eman zuen. Sariak eguneratuak izan ziren: 40.000 pta. lehenengoa, 25.000 bigarrena eta 15.000 bakarlari onenarena. Gainera, euskal taldeen lehiaketa hasi zen urte horretan, eta horrek entzule askoren aurrean jotzeko aukera eman zien bertako musikariei.

Klik bakarrean

Kartela

15. Jazzaldia 1980 kartela.

15. Jazzaldia 1980 kartela.