1987
Jazzaldirik bariatuenetakoa estiloei dagokienean: abangoardia (Ornette Coleman, Don Cherry, Art Ensemble of Chicago), erritmo latindarrak (Tito Puente Celia Cruzekin), ahots bikain bat (Sarah Vaughan), hiru gitarra hoberenetakoak (McLaughlin, Paco de Lucía, Stanley Jordan), Stan Getz eta Dexter Gordonen balada samurrak, eta Branford Marsalis eta bere laukotearen freskotasuna.
Balantzea
Belodromoaz gain, Antzoki Zaharra erabili zen lehiaketarako eta doako kontzertu pare bat emateko (Richie Cole saxofoijolea, Tiepold-Frey alemaniar bikotea, eta Tales of Time talde suediarra). Gainera, Dirty Dozen Brass Band-a ibili zen kaleak alaitzen, jazzeko filmeak eman ziren, eta gauez jam-saioak hiriko hiru tabernetan: Etxekalte, Be-Bop eta Altxerri. Laburbilduz, gusto guztietarako jazza eta alde guztietan.
Nazioarteko lehiaketak oso maila ona eman zuen, Epaimahaiak goraipatzerainokoa, hain zuzen. Nahikoa da esatea irabazleak, City College of New York Quintet, Ron Carterren ikasleak zirela.
Gertaera bitxia, Ornette Colemanek jarri zuen, kosher zen jakia eskatu baitzuen, zerrikirik ez ziotela zerbitzatzen ziurtatzeko. Antolatzaileek, errabinorik ezean, euskal erara prestaturiko arrain eder bat eman zioten saltsan.
Honelako eskakizunak ikusita, pentsa daiteke musikariak arrarokeriaz betetako pertsonak direla, baina Donostiatik pasa diren gehienak jende xumea dira, divoen hanpuruskeriarik gabeak. Kontratuan klausula bereziren bat ezartzen zenean, askotan managerren inposaketak izan ohi ziren musikarienak ez baino.
Salbuespenak ere izan ziren, jakina: Gato Barbierik telefonodun limusina eskatu zuen; Chick Coreak fruta eta landare-saski oso xehekatu bat, apio gordina barne zuela; Woody Hermanek Frantzian bakarrik aurki zitekeen marka berezi bateko vodka nahi zuen. Bitxienetakoa Woody Shaw izan zen: tai ji egiten zuen eta Ulia mendira eraman behar izan zuten, behar zuen bakardadez inguratuko bazen.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi