1992
Balantzea
Donostiako Udalak, 1988ra arte arduratu zen Batzordearen esku utzi zuen berriro Jazzaldiaren antolakuntza. Honek zenbait aldaketa garrantzitsu sartu zituen. Trinitate Enparantzara eraman ziren berriro kontzertuak eta Jazzaldiaren jai-izaera indartu egin zuen, jazza hiri osora hedatuz. Klubetako gauetako emanaldiak bultzatu ziren, marching band-en ibilaldi musikalak ohizkoak bihurtu eta Udaletxea eszenatoki bat gehiago izatera pasa zen.
Udaletxeak, hiriaren erdi-erdian eta hondartzaren ondoan kokatua, bi biltoki bikain eskaintzen ditu: bata kanpoan, Terrazan, eta bestea barruan, Areto Nagusi dotorean. Jazz Band Ball batekin hasten da Jazzaldia ordutik hona: estilo desberdinetako sei talde gutxienez Areto Nagusian eta Terrazan txandakatzen ziren, horrela jendeak toki batera edo bestera jo zezakeen une bakoitzean entzun nahi zuenaren arabera.
Jazz Band Ball-ak arrakasta handia izan du hasieratik, horregatik jarraitu du gaur arte, Kursaalen kokatuta, Jazzaldiaren ezaugarrietako bat bihurtu eta Donostiako udako benetako gertakari bilakatu delarik.
Programazioari zegokionean berriz, aurreko urteko arinkeriak alde batera utzi eta jazzeko pertsonai gailenetan zentratu ziren, hala nola, Lester Bowie, Phil Woods eta McCoy Tyner. Lau klubetan eman ziren gaueko kontzertuak eta zenbait taldek inguruko herri batzuetan ere jo zuten. Argazki-erakusketak eta disko-azokak osatu zuten ekitaldi hartako eskaintza.
Jazzaldiak bere betiko bideari ekin zion berriro, zehazgabetasun-aldi baten ondoren.
Klik bakarrean
Kartela
27. Jazzaldia 1992 kartela.