Jazzaldia hasi baino egun bat lehenago, aurreko urteko ekitaldi osoan baino sarrera eta abonu gehiago zeuden salduta. Tamaina horretako eskaria ulertzeko bi gertaera hartu behar dira kontuan: Van Morrisonek piztutako ikusmin handia, eta Kursaal Zentro estreinatu berria ezagutzeko zegoen irrika, izan ere, Jazzaldia, hiriak eskaintzen dituen agertoki bikainenez baliatzeko duen joerari jarraiki, eraikin berriko terrazetara eta Areto Ganbarara eraman baitzen.

Van Morrison.
Van Morrison.

Balantzea

Ikus-entzuleen emana Jazzaldi osoan nabaritu zen: Chano Domínguez-Iñaki Salvador-ek Udaletxeko Batzar Aretoan eman zuten kontzerturako sarrerak bi egun aurretik agortu ziren, eta Trinitate enparantza gainezka egon zen (2.000 pertsonatik gora) Branford Marsalis eta Herbie Hancock-en emanaldietan.

Jazzaldiko lehen bi saioetan –Gazztejazz eta Jazz Band Ball–, jende ilara atergabeak pasa ziren Kursaaletik eta, interes horri erantzunez bezala, sekulako kontzertuak eman zituzten hala Steve Coleman-ek nola Ravi Coltrane-k. Baina izan ziren gauza aipagarri gehiago ere bi gau horietan: Cotton Club Revue-k, esate baterako, Duke Ellingtonen musika lanen ikuspegi guztiz egokia eskaini zuen, orkestra zuzendari handiaren jaiotzaren urteurrena zela-eta; Sedajazz Big Banden emanaldia ere bikaina izan zen, Soledad Giménez abeslari zuela eta ez dira ahaztuta uztekoak Ray Gelato Giants su-piztaileak ere.

Trinitate enparantzako lehen saioan Branford Marsalis oparoa, Max Roach dotore eta jakintsua eta Randy Weston karismatikoa aritu ziren. Hurrengo gaueko izarra Herbie Hancock izan zen, Gershwin-i eskaini zion omenaldiarekin. Hirugarren gaueko emanaldian egundoko euri-zaparrada egin zuen John McLaughlin “Remember Shakti” izeneko kontzertua ematen ari zela, baina ikus-entzuleek, antolakundeak banatutako euri-jantziez babesturik, joaldi miresgarria gozatu ahal izan zuten: Zakir Hussainek taulan eskaini zuen soloa ez da urteetan ahaztuko.

Eta heldu zen, azkenean, hainbeste desiratutako eguna. Van Morrisonek, bere zakar fama guztiak gora-behera, kontzertu bikaina eman zuen. Aurretik, Clark Terry adintsuak ikus-entzuleen gogoa irabazten jakin izan zuen bere standard errepertorioari eta izaera atseginari esker. Amaitzeko, 1999ko Donostiako Jazzaldia Saria Clark Terryri eta Max Roach-i eman zitzaien, bi musikarien bizitza osoko ibilbide paregabearen aitormen gisa.

Klik bakarrean

Jazzaldia iruditan

Kartela

34. Jazzaldia 1999 kartela.

34. Jazzaldia 1999 kartela.