2000
Donostiako 35. Jazzaldiak egundoko arrakasta izan zuen: jendea gainezka B.B. King eta Keith Jarretten kontzertuetan, maila artistiko oso altua Trinitate enparantzako emanaldietan eta ikus-entzule emari etengabea Kursaaleko terrazetan, non doako saioak eskaini baitziren.
Balantzea
Jazzaldiak eskainitako proposamenetara, gutxienez, 42.000 pertsona bildu ziren, eta hori behe samarretik jota.
B.B. Kingek, hainbat alditan erakutsia duen profesionaltasun horrekin, aise irabazi zituen Trinitate enparantza mukuru betetzen zuten 3.600 ikus-entzuleen gogoak –agertoki horretan inoiz bildu den jendetza handiena–. Emanaldiaren lehen partea Hiram Bullocken kontzertuak bete zuen, zeina, Kursaaleko terrazetan egokitu zitzaizkion lau gauetan, hara bildutako jendearen oso gustukoa izan baitzen. Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, kontzertu horietara inguratu zen jendearen etengabeko emana, bai arratsaldeko eta bai gaueko saioetan. Agertoki horretan eskaini zen, orobat, Jazz Band Ball arrakastatsua: Georgia Mass Choir-en emanaldi ikusgarria, hogeita hamar abeslari baino gehiagorekin; David Murrayren Speaking in Tongues taldea, Fontella Bass eta Amina Claudine Myers barruan zirela, gau hartan arrakasta handiena izan zuen kontzertua; Joseph Bowieren Defunkt taldearen erritmo biziak; eta John Hicks pianista handiaren saioa.
B.B. Kingena izan bazen sarrera gehien saldu zituen kontzertua, Keith Jarrettek Kursaalen eman zuena izan zen, aldiz, ikusmin handiena piztu zuena, eta esan behar da ez zela inor han izanaz damutu. 45na minutuko bi saio trinko izan ziren. Bis bakarra zegoen aurreikusirik, baina beste bat oparitu zuen Jarrettek, eta ikus-entzuleak erabat entregatu ziren hark Gary Peacok eta Jack DeJohnetterekin batera osatutako hirukotearen kalitatearen aurrean.
Kalitate aparta erakutsi zuen jazzeko beste hiruko bat Kenny Barronena izan zen, artista handi honi eman zitzaiolarik 2000ko Donostiako Jazzaldia Saria. Barronek egundoko kontzertua eman zuen Trinitate enparantzan, baina, horrez gainera, jendeak gozatu ederra hartu zuen Barronek eta John Hicksek Kursaaleko Ganbera Aretoan eskaini zuten piano duo zoragarriarekin. Barronen saioa Uri Cainek egokitutako Bachen Goldberg bariazioak lanaren interpretazioarekin osatu zen, Easo abesbatzak laguntzen ziola. Bestalde, Uri Caineren emanaldi integrala izan zen Jazzaldiko proposamen interesgarrienetako bat. Bach ez ezik, pianoa bakarka, hirukotean, Wagner, Mahler eta Schumann ere interpretatu baitzituen.
Ez dira ahaztuta uztekoak Vienna Art Orchestraren kontzertua –abangoardismoak bazterrean utzi eta Ellington “normalizatua” jo zuen– eta egungo jazzeko izarretako bat den Diana Krallen emanaldia ere. Aipatzekoak dira, bestalde, Claudia Acuña txiletar kantari berriaren jarduna eta Al Jarreau beteranoarena, zeinak lilulaturik utzi baitzituen entzuleak bere errepertorio ezagunarekin eta banda indartsuarekin.
Egitarauan aurreikusita zegoen James Carter Electric Groove taldearen emanaldia, baina, Erromako aireportuko greba bat zela eta, ezin izan ziren garaiz iritsi. Haren ordez, Mulgrew Millerren boskoteak jo zuen, Lewis Nash salbuetsita, artean Donostian ez zegoelako, eta Ralph Peterson ikusgarriak bete zuen haren lekua baterian, Uri Caineren bateria gisa etorria baitzen Jazzaldira. Kontzertuaren lehen partean, Mark Isham tronpeta jotzaile eta soinu banda egileak Miles Davisen In A Silent Way jo zuen, bere garaian Milesen laguntzaile izandako Dave Liebman saxofonista lagun zuela.
Jazzaldiak aitzinsolas ezin aproposagoa izan zuen bezperan, berez Jazzaldiaren egitarauan sartzen ez zen Barbara Hendricksen kontzertuarekin –2000ko Asturiako Printze Saria–, espiritualak abestu baitzituen opera abeslari handiak Kursaaleko Auditorioan, The Moses Hogan Singers abesbatzako kideek laguntzen ziotela.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi