2002ko berrikuntzarik deigarrienetakoa Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea izan zen. Entzule gazteenei zuzendutako joaldiak programatu ziren han, elektrojazz eta chill out joeretakoak, batik bat.

Agertoki berdea.
Agertoki berdea.

Balantzea

Lehen egunean, nahiko eguraldi petrala egin bazuen ere, entzuleriak gogotsu erantzun zuen Bugge Wesseltoft eta Nils Petter Molvaer norvegiarren kontzertu bikainetara, eta areago ondorengo gauetan, eguraldi hobearen laguntzaz distira handiagoa izan baitzuten Llorca, Bedrock 3 (Uri Caineren azken proiektua) eta Heineken Ultissimoren (Mark Ledford aitzindari duen talde nabar eta askotarikoa) emanaldiek eta orobat Javi Pez donostiar DJak girotutako atsedenaldiek.

Jazz Band Ball-a berreskuratu zen eta, lehen aldiz, sarrera librea izan zuen, Kursaalgo Terrazetan. Frigo Agertokitik, Heineken Karpatik eta esandako Agertoki Berdetik jende andana pasa zen, euri-langar setatsuari aurre eginez. Dave Douglasen Tiny Bell Trio izan zen, beharbada, arrakasta handiena bildu zuena, baina ikus-entzule bakoitzak aurkitu ahal izan zuen bere txokoa: Wiesbadener Juristenbandeko abogatu alemanen dixie musika; espainiar jazzeko artista hoberenen Jam Session ederra; musikari gaztetxoz osatutako Roosevelt Jazz Band amerikar taldearen interpretazio bikainak; eta urruneko Zimbabwetik etorritako Cool Crooners of Bulawayo taldeko kide aitonduen alaitasun eta bizipoz eranskorra.

Hurrengo eguneko lehen emanaldia Kursaalgo Ganbera Aretoan izan zen, Dave Douglas-Misha Mengelberg Quartet protagonista zela, kontzertu serio baina jostagarri batean, tarteka, Han Bennink ikusgarriak bateriarekin egundokoak egiten zituela. Trinitate Enparantzan entzule kopuru handia bildu zen Chick Coreari –entzuleria liluraturik utzi zuen haren piano hutseko joaldiak– eta flamenko-jazzeko ordezkari hoberenei entzutera, Nuevos Medios zigiluaren hogeigarren urteurrena ospatzeko bildu baitziren: Benavent-Di Geraldo-Pardo hirukoa, Diego Carrascoren taldea eta Diego Amadorrena. Emanaldia benetako ijito festa bilakatu zen azkenean, Diego Carrascoren aitzindaritzapean eta Chick Corea bera ere tartean zela. Gero, Gazztejazz programaren txanda izan zen, Kursaalgo terrazetan, goizeko ordu txikiak arte, Llorca, Uri Caine eta Brüknahm Project-en kargura. Azkeneko hau –New Yorkeko talde bat– Knitting Factoryren hamabostgarren urteurreneko jiran zetorren, Vibes eta Gutbucket taldeekin batera.

Hilaren 26an, Dave Douglasek bere New Quintetekin jo zuen, Ganbera Aretoa bete-bete eginda zela. Baina egun hartako festa handiena Trinitate Enparantzan izan zen, non Bill Wymanek eta Rhythm Kings taldeak eta Maceo Parkerrek bere talde indartsuarekin dantzan jarri baitzuten entzuleria hasiera-hasieratik. Rhythm Kings taldean, britainiar r & b-eko izenik entzutetsuenak bildu ziren (Georgie Fame, Albert Lee, Terry Taylor) eta Mike Sánchezen aurkikuntza ere (espainiar gurasoak dituen abeslari, organista eta showman on bat) pozgarria izan zen.

27an, lau urte lehenago emandako kontzertuaren lilura guztia berregin zuen Abdullah Ibrahimek, baina oraingoan, Kursaalgo Auditorioko akustika ezin hobea lagun zuela. Trinitate Enparantzan, berriz, gaur egungo jazzaren klasikotasuna eta dotorezia konbinatu ziren Charles Lloyd (Geri Allen pianista guztiz interesgarria zeraman bere laukotean) eta Elvin Jonesen emanaldietan. Jonesen kontzertua John Coltraneren omenezkoa izan zen. Lloydek, ordu batzuk lehenago, Jonesenganako zuen miresmena aitortu zuen, Donostiako Jazzaldia Saria azken honi emateko ekitaldian. Larunbata zen, eguraldi ona zegoen eta musika bikaina zegoen programatuta: jende asko bildu zen, beraz, Kursaalen. Adrián Iaies argentinar pianistak Auditorioan aurkeztu zuen bere tango-jazzeko proposamen landua.

Uztailaren 28a ere, igandea, aparta izan zen. Ganbera Aretoan, Andrew Hillek aho zabalik utzi zituen kritikari adituenak. Trinitate Enparantzan, Richard Bonak bere atsegintasun guztia erabili behar izan zuen bat-bateko euri-zaparrada baten eraginak gozatzeko. Kamerundarrak entzuleak kantari ipini zituen eta antolakuntzak denborarik galdu gabe zabaldu zituen euritako jantziei esker inor ez zen bere tokitik mugitu. Gero, David Murrayk, bere Big Band-aren buruan, erakutsi zuen gai dela jazza eta kubatar erritmoak fusionatzeko, avant-gardeko ukitu batzuk erantsiz. Segur aski, iaz jiran ibili ziren big band guztietatik hoberena izan zen.

Hilaren 29an, berriro mukuru bete zen Trinitate Enparantza eta argi ikusi zen James Brown sasoi betean zegoela. Ez zuen inolako arazorik izan ordu eta erdiko ikuskizun eder askoa bideratzeko, mota guztietako bitartekoak erabiliz: talde sendoa, goitik behera (kapelatik botetaraino) zuriz jantzitako zeremonia-maixua, lau korista eraginkor eta bi dantzari zoragarri, horien artean, Sara Raya, “soularen aitaordearekin” lau urte zeramatzan Bartzelonako neska bat, Sex Machine jotzen ari ziren bitartean, gaztelaniaz rap bat egin zuena. Egundoko festa, plazan 3.600 pertsona eta erortzeko zorian egon zen Kofradia Gastronomikoan ia beste hainbeste zirela. “Funkaren erregea” irten aurretik, Gabongo Patience Dabanyk eta bere afrikar taldeak berotu zuten giroa.

Antolakuntzaren kalkuluen arabera, 55.000 ikus-entzule inguru izan ziren, guztira, Jazzaldiko emanaldietan.

Klik bakarrean

Jazzaldia iruditan

Kartela

37. Jazzaldia 2002 kartela.

37. Jazzaldia 2002 kartela.