2004
39. Jazzaldia askotarikotasun musikalaren aldarripean aurkeztu zen. Hogei herrialde baino gehiagotatik etorri ziren musikariak eta benetako mapamundi artistikoa osatzen zuten guztien artean. Jazzaren bi aldaerekin batera –klasikoa eta garaikidea– musika etniko ugarik ere (afrikarra, brasildarra, latinoa, indiarra) izan zuten beren lekua programazioan, benetako pluralismo kulturala erakutsiz.

Balantzea
Carlinhos Brown izan zen ikusmin handiena piztu zuena eta Trinitate Enparantzan eskaini zuen kontzertua festa handi bat izan zen, non, 3.500 pertsona inguruk gozatu eta dantzatu baitzuten Bahiako musikari atseginaren erritmoekin. Emanaldiaren lehen partearen ardura Javier Colina Combori egokitu zitzaion, eta esan behar da gustura eduki zituela entzuleak bere musika afrokubarrarekin, harik eta Carlinhos azaldu zen arte.
Kursaal Bilgunearen inguruan gertatuak, berriz, aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Ostiralean, hasierako Jazz Band Ball-a zela-eta, egundoko jendetza bildu zen terrazetako eta hondartzako agertokietan: leku zabalak diren arren, jendez mukuru zeuden. Kritikariek aho batez aitortu zutenez, suediar eta norvegiar musikariz osatutako Atomic boskotea izan zen gaueko garaile artistikoa, nahiz eta gaueko heroia Femi Kuti nigeriarra izan, Fela mitozkoaren semea: hondartza guztia dantzan jarri zuen, goizeko ordu txikietan. Ohi bezala, handik pasatu ziren guztiek aurkitu zuten beren musika: Danilo Perezen jazz latinoa, Kora Jazz Trioren afrojazz fusioa, Rebekka Bakken ezusteko kantari bikaina edota Roy Ayersen soul funkya.
Kursaalgo Auditorioak agertoki aparta dela berretsi zuen: entzumen eta ikusmen baldintza zoragarriak ditu. Han, Art Ensemble of Chicagok free jazz erakustaldia egin zuen, Lester Bowie eta Malachi Favors omenduz, esandako taldearen sortzaile izanak eta zenduak biak; Jan Garbarekek emanaldi ederra eskaini zuen, nota bakoitzaren araztasunean luzatuz, akustika ezin hobearekin; The Manhattan Transfer-ek egiaztatu zuen munduko lehen ahots taldea izaten jarraitzen duela: ohiko profesionaltasuna eta entzuleak erakartzeko gaitasuna erakutsi zituen; Rickie Lee Jones bere estilo guztiz pertsonalari leial izan zitzaion; eta Shirley Hornek argi utzi zuen jazzeko azken dama handietako bat dela.
Shirley Hornek jaso zuen, hain zuzen, aurtengo Donostiako Jazzaldia sarietako bat. Bestea, Fernando Trueba zinemagile eta disko ekoizleari eman zitzaion, jazz latinoaren promozioan egiten duen lan eskerga dela-eta.
Trinitate Enparantzako gainerako kontzertuetan honako hauek aritu ziren: John Scofield, gaur egungo gitarra jotzaile garrantzitsuenetakoa, hirukoan; Nils Petter Molvaer norvegiar tronpetista, elektrojazzaren aita; John McLaughlin & Shakti, Indiako musikari eta instrumentuekin landutako jazzaren ikuspegi interesgarria eskainiz; Miroslav Vitous txekiar kontrabaxu jotzailea; Steve Winwood organista, gitarrista eta abeslaria, batik bat, Traffic-en garaiko errepertorioan oinarritu zena; Daughters of Soul ikuskizunean biltzen diren sei abeslariak, eta azkenik, festa amaitzeko, Karibeko musika: Cachao, sasoi betean, 86 urterekin; eta hainbat musikari latino bikain biltzen dituen Spanish Harlem Orchestra, Rubén Blades panamar abeslari ezaguna lagun zutela.
Jazzaldiak jazz klub bat ere antolatu zuen, Heineken Jazz Club izenekoa, Kursaal Bilgunean, biltzarrak egiten diren eremuan. Jazz klubeko programazioak kontrabaxua izan zuen protagonista. Aurreko urteetan musikari baten inguruko zikloak antolatu ziren bezala (Uri Caine, Dave Douglas), 2004koa, esan bezala, instrumentu bati eskaini zitzaion. Lau kontrabaxu jotzaile handik jo zuten (Gonzalo Tejada, David Mengual, Baldo Martínez eta Henri Texier), nork bere taldearekin, esandako ingurune horretan, klub baten modura atondu ondoren: mahai lanparadunak eta erdi-itzaletako argi motelekin.
Kursaalaren inguruan eskainitako doako kontzertu jendetsuetatik (programatutako emanaldi guztietatik hirutatik bi doan izan ziren), kritika eta entzuleak bat etorri ziren ondoko emanaldiok goraipatzerakoan: Zuco 103 talde brasildarraren biak; Hadouk Triorena, ekialdeko kutsuz blaitutako musikarekin; Ximo Tebar-Joey DeFrancescoren bi emanaldiak, Hammond organoaren indar guztiarekin; Alvin Queen & Organicsen bi kontzertuak, non bateria jotzaile trebearen instrumentista maila ez ezik, taldeko lider gisa duen kategoria argi geratu baitziren; Robert Glasper pianista berritzailearena eta aurrez aipatutako Atomicekoek eskaini zituzten hiru kontzertu arrakastatsuak.
39. Jazzaldiaren kartela erakargarria zen lehen begiratuan eta aldez aurretiko giroa aproposa zen. Eguraldia lagun izatea baizik ez zen falta marka guztiak hausteko, eta halaxe izan zen: ez zuen euririk egin (Rubén Bladesen kontzertua freskatzeko balio izan zuen zaparrada txiki bat salbu). Ez da harritzekoa, beraz, markak hautsi izana: 68.500 entzule zenbatu ziren.
Klik bakarrean
Jazzaldia iruditan
Kartela
39. Jazzaldia 2004 kartela.