Marka guztiak hautsi dira aurten hainbat arlotan: emanaldi kopuru orokorrean, doako kontzertuetan, sarrera-salmentatik eta Jazzaldiarekin zerikusia duten produktuetatik ateratako diru kopuruan… baina, batez ere, ikus-entzule kopuruan: 106.000 pertsona hurbildu baitira Jazzaldiak eginiko proposamenetara. Gorakada nabarmena izan da, batik bat, kontuan hartzen badugu aurreko urteetan ere entzule kopuru oso altuak harrapatu zirela.

Shirley Horm.
Shirley Horm.

Balantzea

Okasioa ere berezia zen aurtengoa: ez zen alferrik 40. Jazzaldia. Urteurren biribila eta aukera paregabea izan da, urteetan bildutako esperientziaz baliaturik, etorkizunari tinko begiratzeko. Denetarako izan da tokia: omenaldia egin zaio Charles Mingus handiari; Donostian oroitzapen onak utzi zituzten hainbat musikari berreskuratu dira; Jazzaldian oraindik izan gabe zeuden izar handiak ekarri dira eta, datozen urteetan, zalantzarik gabe, kartel-buru izango diren artista berriak ere izan ditugu.

Charles Mingusek Jazzaldiaren historian izan duen eraginak –batez ere, 1974an eta 1977an emandako kontzertuen garrantziagatik– aitorpen begibistakoa du dagoeneko, Donostian. Trinitate Enparantzako horman, joan den uztailaren 26an, marmolezko plaka oroigarri bat inauguratu zuten haren alargunak, Sue Mingusek, eta Jazzaldiaren zuzendariak, Miguel Martínek. Bide batez esan dezagun, Mingus Big Band-ek berebiziko kontzertua eskaini zuela egun horretan, omenaldiak kitzikaturik, beharbada.

40. Jazzaldi honetako artista zerrenda edonor txunditzeko modukoa zen eta entzuleriak “ez dago sarrerarik” kartela jarri behar izateraino erantzun zuen Van Morrisonen bi emanaldietan, Keith Jarrettenean (aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria) eta Roberta Flackenean, guztiak ere Kursaaleko Auditorioan. Ez zen hain harritzekoa ere, halako munstroak tartean zirela; baina Antony & The Johnsons taldeak eman zuen ezustekoa, Auditorioa bete-bete egin baitzuen gauerdiz eman zuen kontzertuan. Entzutegia bete ez bazuen ere, oso interesgarria izan zen Phil Woodsen (1995eko Donostiako Jazzaldia Saria) proposamena, non Charlie Parkerren balada zoragarriak jo baitzituen hari-orkestra lagun zuela, Et Incarnatus euskal hari-orkestra, hain zuzen ere.

Trinitate Enparantza ere gainezka bete zen Amos Leek (Blue Noteren azken aurkikuntza) eta Joe Cocker beteranoak –entzuleak erakartzeko gaitasunari ederki eusten dio– eman zituzten kontzertuetan ere, eta orobat Bebo Valdés maitagarriak (2003an jaso zuen Donostiako Jazzaldia Saria) eta Brasilgo “Tropikalismoaren” aita den Gilberto Gilek emandakoetan. Jazzaldiaren benetako arima izan den agertoki agurgarri horretan, jazz ona erruz entzun da aurten, ondorengo hauen eskutik: Original Messengersen buruan etorri diren Benny Golson eta Cedar Walton, Dave Holland Big Band, jada aipatutako Mingus Big Band, eta beti apurtzaileak gertatzen diren Medeski, Martin & Wood. Zirrara berezia eragin zuen Blind Boys of Alabama taldearen gospel egiazkoak ere.

Urteurrena zela-eta atzera zuzendu diren begiraden artean, Jazzaldiak bi mandatu artistiko egin ditu aurten: Iñaki Salvadorrek bederatzikote bat osatu zuen Jazzaldian aurrez parte hartutako jazzeko euskal musikari adierazgarrienetako batzuekin, eta Bob Sandsek 40. Urteurreneko Big Banda zuzendu zuen, espainiar jazzeko talentu hoberenetako hamasei musikarirekin osatutako taldea. 1980ko hamarraldian Crash taldearekin Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Zbigniew Lewandowski poloniar bateria jotzailea ere izan genuen, eta esan behar da indar betean jarraitzen duela, oraingo taldearekin –Wild Cats– eskaini zuen emanaldian erakutsi zuen bezala.

Oraingoan ere, Kursaaleko Terrazak eta Zurriolako Hondartzak, iman ahaltsuen antzera, adin eta jatorri guztietako entzule andanak bildu zituzten. Doako kontzertuek, eguraldi bikainak –gau batean bakarrik hondatu zen– eta, batez ere, programazio harrigarriak erakarrita, milaka pertsona bildu ziren, egunero, arratsaldetik goizaldera arte, unean-uneko musika gozatzera.

Agertoki Berdean gauzatu ziren dantzarako aukera aproposenak eta hondartza jendez bete zen: 8.000 pertsona baino gehiago astindu zituen Maceo Parkerren saxoak, baina jendetza handiak pilatu ziren orobat Eric Burdon, BossaCucaNova, Brazilian Girls, Marlango, Djavan eta Trio Exklusiv-en (aurtengo beste sorpresa handietakoa) emanaldietan. Heineken Karpan ez zen beste inor kabitzen Tony Joe White, Clunia, Just Friends, Nylon eta Haydée-ren kontzertuetan. Frigo Gunera ere jende asko bildu zen, batez ere, La Locomotora Negra, L’Occidentale de Fanfare eta Perico Sambeaten Seikotea ikus-entzutera.

Kursaaleko Terrazetan izan zuten jendaurrean jotzeko aukera Musikeneko (Euskal Herriko Goi Musika Ikastetxea) eta Udaleko Musika Eskolako hainbat ikaslez eratutako bederatzi taldek ere. Bi erakunde horien inguruan jazz giroa berpizten ari da eta oso musikari gaztez osatutako taldeak ari dira ugaltzen.

Agertoki berrien bila urtero saiatzen denez, Jazzaldiak oso leku egokia aurkitu du aurten jazza entzuteko: Chillida-Leku Museoa. Kenny Barron Triok han emandako kontzertua, zuhaizpean eta entzuleak, Eduardo Chillidaren eskultura erraldoien itzalean, belarretan eserita zirela, aurtengo Jazzaldiaren historiako une magikoetako bat izan zen. Kenny Barron (2000ko Donostiako Jazzaldia Saria) ez da geldi egona aurtengo Jazzaldian: Chillida-Lekukoa ez ezik, piano duo bat –Mulgrew Millerrekin, Auditorioan–, eta Trinitate Enparantzan, beste kontzertu bat ere eman baitzuen, bere laukotearen buruan.

Klik bakarrean

Jazzaldia iruditan

Kartela

40. Jazzaldia 2005 kartela.

40. Jazzaldia 2005 kartela.