Pertsona asko Zurriola Hondartzan igerian ari ziren eta eguzkia abaildu gabe zegoen Howe Gelb Agertoki Berdean kantari hasi zenean, Voices of Praise gospel abesbatzaren babes ezin ordainduzkoa lagun.

Jazz Jamaica.
Jazz Jamaica.

Balantzea

Musikak ez zuen su-etenik izan, eta puntualtasun handiz hasi ziren Frigo Guneko (Synthesis, AEBetako unibertsitate big band onenetakoa) eta Heineken Karpako (Joachim Kühn Iberia Trio) kontzertuak. Joachim Kühn piano jotzaileak energia ikaragarriz hasi zuen saioa, eta Baldo Martinez kontrabaxu jotzailea eta Ramon Lopez bateria jotzailea –jazz espainiarraren zutabe sendoak- izan zituen bidelagun.

Gauaren etorrerarekin, New Orleansko musikari handienetako baten txanda iritsi zen: Dr. John. Biharamunean McCoy Tynerren Zazpikotearekin Trinitate Plazan ariko zen New Orleansko saxofoi jotzaile apartak, Donald Harrison ezagunak, ez zuen Dr. Johnen festan hutsik egin nahi izan, eta taula gainera igo zen mitoarekin batera jotzera.

Frigo Gunean, The Soul Tellers, Miguel Angel Julián espainiarrak buru duen nazioarteko taldeak soul lotsagabe baten erritmora jarri zuen mundu guztia dantzan. Heineken Karpan, Mirall Quartetek argi eta garbi utzi zuen antolatzaileek bete-betean asmatu dutela tokian tokiko hamar musika talde egitarauan sartzeko erabakiarekin.

Eta, azkenean, festa hutsa hondartzan: ska, reggae, jazz eta Motown soinua. Hori guztia une berean egiteko gai da Jazz Jamaica; azken sasoiko talderik alai eta parrandazaleena, ezbairik gabe.

Jazz musikaren zale finentzat, Yusef Lateef-en saxofoi solo bat zezenzaleentzat Curro Romeroren beronika bat bezalakoxea da. Gainera, maisua inspiraturik eta luxuzko mendekoekin (Belmondo anaiak) inguraturik badago, erraz uler daitezke Kursaaleko saiora bertaratutako lagunen aurpegi zoriontsuak.

Uztailaren 22an, ordea, bazen beste maisu handi bat: McCoy Tyner. Bidelagun ezin egokiagoak hartu zituen McCoyk, zinez. Haize laukotea (Wallace Roney, Steve Turre, Eric Alexander, Donald Harrison) zirraragarria izan zen, benetan. Eta erritmo hirukotea (Charnet Moffett eta Eric Gravatt, piano jotzaile mitikoari laguntzen) zer esanik ez!

Kursaaleko Terrazetan kontzertu aipagarririk ere ez zen falta izan. King Crimson talde legendarioaren abestiak rockaren historiako onenetarikoen artean egoteaz gain, jazzeko kanta standard bilakatu daitezke Ian Wallace -King Crimson taldearen bateria jotzailea taldearen sasoirik onenean- buru duen The Crimson Jazz Trio taldeari esker. Wiesbadengo –Donostiarekin anaikidetutako hiri alemaniarra- Juristenband animosoak, bere aldetik, swing tradizionalaren alaitasuna ekarri zuen.

Abangoardia estilitistikorik ere bada Jazzaldian: Erykah Badurena, soularen erregina berria. Lepo zegoen Kursaala.

Eta, gauero legez, festa hondartzan, Javi P3z DJkin eta Jazz Jamaicaren skazz-arekin.

Jazzaldi batek musikari berriak ezagutzera eman behar ditu. Gutxi batzuek ezagututako perla ezkutuen berri eman, alegia. Joan As Police Woman-en kasua da, hain justu. Uztailaren 24ean, gauerdian, kontzertu fina eskaini zuen Joan Wasser-en taldeak Kursaal Auditorioan.

Eguneko protagonista, ordea, beste musikari bat izan zen: Herbie Hancock. Piano jotzaile karismatikoa bosgarren aldiz etorri zen Donostiara, eta azken aldi honetan ez zen esku hutsik bueltatu. Izan ere, Donostiako Jazzaldia Saria eraman zuen.

Hancock Trinitate Plazako eszenatokira irten aurretik, Richard Bona kantari eta baxu jotzaile kamerundarrak jo zuen. Jazza eta ahots-kultura afrikarra uztartu zituen Bonak, bertaratutakoen txaloak erdietsiz.

Bill Wyman musikari famatua ere inguruan zebilen. The Rolling Stones talde mitikoaren baxu jotzaile ohiak, blues talde apart baten buru denak, Zurriola Hondartzan bildutako 7.000 lagunen musika gosea asetu zuen.

Uri Caine maisuak ere ez zuen kale egin. Bere Mozart Project egitasmo berria aurkeztu zuen. Beste musikari klasikoen (Bach, Mahler, Wagner, Schumann) berrikusketekin egin antzera, Cainek, haienganako errespetua erakusteaz gain, bere gaitasun berritzailea ere agerian utzi zuen.

Ikuslea, une jakin batzuetan, jazz izenarekin bataiatu dugun musikak oraindik ere ibilbide oparoa duela, eta ezkorrak -dagoeneko guztia asmatua dagoela diotenek- ez daudela behar bezala informatuta ohartu ohi da. Une hori uztailaren 25ean, Trinitate Enparantzan, gertatu zen. Izan ere, Matthew Herbert Big Band eszenatokira igo eta etorkizuneko big band-aren parametroak ezarri zituen. Aurretik, baina, mami handiko beste big band bat, Llibert Fortunyrena.

Kursaal Auditorioa mututu egin zen beste behin ere. Noizean behin jazotzen da. Pertsonak ez ezik, eraikina bera ere isiltzen da. Keith Jarrett-Gary Peacock-Jack DeJohnette hirukote magikoa eszenarioan ari zen.

Zer gehiago eska zitekeen? Denetarik. Heineken Jazzaldian edozer eska daiteke, ziur aurkituko duzuela. Esate baterako, jaiegun batean, belar gainean eseri, eta arbolez eta Eduardo Chillidaren eskulturez inguraturik, Oregon talde mitikoaren musika dasta daiteke.

Gauzak zihoazen moduan, 41. Heineken Jazzaldiak bukaera zoriontsua besterik ezin zuen izan. Eta azken egunean, uztailaren 26an, zoriona izan zen nagusi. Kursaalean Caetano Velosoren kontzertu fina entzutetik irteten ziren lagunen aurpegiak ikustea baino ez zegoen. Trinitate Plazan genuen zain Solomon Burke, soularen errege benetakoa. Eta festa bukatzeko, The Neville Brothers taldea irten zen oholtzara. New Orleansetik etorritako musikariek blues, gospel, soul eta reggae estiloak uztartuz berbena paregabea antolatu zuten.

Trinitate Plazan festa amaitu zen arren, Jazzaldiak bizirik zirauen oraindik. Hala, jendeak Kursaalerako bidea hartu zuen berehala. Bertan, Matthew Herbert ari zen diskoak jartzen. Heineken Karpan, berriz, Old School Funky Family taldeak jo zuen. Baionako taldeak argi eta garbi erakutsi zuen izena egoki jarrita dutela. Eskola zaharreko funkya egiten duen familia dela.

Kontuak egiteko ordua iritsi zen azkenean: 40. Jazzaldiko ikusleriaren errekorra, 2005 urteko 106.000 ikusleak, bertan behera erori zen. Izan ere, 41. Heineken Jazzaldiak 113.500 ikusle bildu zituen. Jazzaldiaren tartari falta zitzaion ginga.

Klik bakarrean

Jazzaldia iruditan

Kartela

41. Jazzaldia 2006 kartela.

41. Jazzaldia 2006 kartela.