2009
Antolakuntzak, urte horretan, Jazzaldiaren ohiko iraupena egun batez murriztea erabaki zuen, sei egunetik bostera, krisi ekonomikoaren eraginez. Neurri horren bitartez, Heineken Jazzaldiaren jarraipena bermatu nahi izan zen, ikus-entzuleen urteroko erantzuna kontuan hartu eta Jazzaldiaren maila artistikoari eustearren.
44. Heineken Jazzaldia
Hasiera distiratsua izan zuen Jazzaldiak Dave Douglas Brass Ecstasy, Brad Mehldau eta Micah P. Hinsonen kontzertuekin, Victoria Eugenia Antzokian eta Kursaal Auditorioan.
Publiko gazte eta jendetsura irekitzeko Heineken Jazzaldiak eginiko apustuak erantzun ezin hobea izan zuen bigarren egunean, egundoko jendetza inguratu baitzen Zurriolako hondartzako Agertoki Berdera, Russian Red eta Vetusta Morlaren emanaldiekin gozatzera. Aldi berean, harrera gogotsua egin zioten bere jarraitzaileek Animal Collective taldeari, Kursaal Auditorioan.
Aurretik, Jazzaldiak une hunkigarri bat bizi izan zuen, Trinitate Enparantza historikora itzuli baitzen, aurreko urtean, berritze lanak zirela-eta, erabiltzerik izan gabe geratu ondoren. Esperanza Spalding etorkizun oparako kontrabaxu jotzaile eta abeslariari egokitu zitzaion agertoki urtetsuan jarduteko ohorea. Ondoren, jazzeko egungo pianista garrantzitsuenetako bat –aitzindaria jazza musika afrikarrekin fusionatzen–, Randy Weston, igo zen agertokira, marokoar musikari talde koloretsu bat lagun zuela.
Buena Vista Social Club orkestrak mukuru bete zuen Victoria Eugenia Antzokia bere herri musika kubatarrarekin, eta ikus-entzuleek berotasunez hartu zituzten.
Jende asko bildu zen, egun osoan, Kursaal jauregiko terrazetan, non kolore guztietako proposamenak eskaini baitziren. Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatzea bultzatzeko Zubiak 2016 programaren barruan, Norvegiako In the Country taldeak eta Poloniatik etorritako Klezmafour eta Lubliner Klezmorim bandek jo zuten.
Heineken Jazzaldiaren hirugarren eguna, jazzaren festa ez ezik, herri festa ere izan zen. Roy Haynes alai batek –ez zirudien 84 urte betetzear zegoenik– Donostiako Jazzaldia sari entzutetsua jaso zuen. Ikus-entzulez bete zen Trinitate Enparantza, non bere ohiko sendotasunez aritu baitzen Joe Lovano, Us Five taldearen buruan.
Musikari bat dotorea denean, dotore jotzen duenean eta laguntzaile dotorez inguratzen denean, Kursaal auditorioa gozamenez bete zuen jazzaren historiako zedarrietako bat dugu gogoan: Hank Jones, hirukotean
Musikagile eta orkestra-zuzendari handia izan behar da big band bat denbora luzez jardunean mantentzeko. Carla Bleyk –Victoria Eugenia Antzokian entzun ahal izan zen taldea– 1971tik dauka bizirik.
Zurriolako hondartza eta inguruak festa-leku alai bilakatu ziren egun horretan. Gazte andanak bildu ziren Agertoki Berdearen inguruan, non, lehenbizi, Nils Petter Molvaer norvegiarrak jo baitzuen eta, ondoren, Facto Delafé eta Las Flores Azules espainiarrek.
Asteburuan, berriz, ematen zuen guztiak ados jarri zirela –hiritar eta kanpotar– Jazzaldiaren agertokiak gainezka betetzeko. Black Joe Lewis & The Honeybears taldeak hitz emana zuen hondartza guztia dantzan jarriko zuela bere soul-rockarekin, eta halaxe egin zuten. Bien bitartean, Victoria Eugenian, benetako arteak sentiarazten duen emozio berezi hori dastatu zuten entzuleek: Abdullah Ibrahim aritu baitzen pianoa jotzen. Ordu batzuk lehenago ere, hunkituta entzun zuen publikoak, Kursaal Auditorioan, Hank Jones eta Joe Lovanoren emanaldi bikaina.
Trinitate Enparantzan, Perico Sambeat Big Band-aren flamenkoz zipriztindutako jazza gozatu zuten entzuleek; bai eta Pitingok gatz eta piper bereziz eskaini zien soulez ondutako flamenkoa ere.
Eta heldu zen azkeneko eguna. Trinitate Enparantza goraino beteta zegoen eta entzuleriak gogotsu hartzen zuen parte Jamie Cullum bikain baten ikuskizunean, agertokitik jaitsi eta jendearen artean abestu baitzuen. Mélissa Laveaux-ek aldez aurretik eskaini zien emanaldi hunkigarriak irribarrea loratu zien aurpegian ikus-entzuleei.
James Taylor, azken hamarraldiotan lorratz sakonenetakoa utzi duen abeslarietako bat, izen eskatuenetako bat zen aurtengo jazz-jaialdi zirkuituan. Donostiak programatua zeukan eta kontzertu zoragarria eskaini zuen Auditorioan.
Fantasia musikala gainezka dute The Bad Plus taldekoek. Edozer gauza bururatzen zaie eta musika bihurtzen dute berehala. Zuten onena eman zuten Victoria Eugenia antzokian.
Eduardo Chillida donostiar eskultore handiak Chillida Leku imajinatu zuenean, eta bere lanak han kokatu zituenean, beharbada ez zitzaion burutik pasatu musika entzuteko ere leku aparta izan zitekeenik. Bada, halaxe da. Arild Andersen buru zuen hirukotearen emanaldi zirraragarria gozatu ahal izan zen, zuhaitz artean, jendea soropilean eserita zela, udako eguerdi eguzkitsu batean… Egia esan, ez dago holako zerbait eskain dezakeen hiri eta jaialdi askorik.
Klik bakarrean
-
Jazzaldiaren egitarauaEgitaraua ikusi
-
Jazzaldia iruditanIkusi Flickren