Hasiera ezin hobea izan zuen Jazzaldiak. Patti Smithek abestu zuen Agertoki Berdean, lasai eta gozatuz: bazekien urte horretako jirako kontzertu onenetakoa ari zela eskaintzen. Hondartza jendez betea zegoen. Euri apur bat egin zuen, dirudienez, Patti abesten ari zen bitartean, baina inor ez zen jabetu, edo ez zitzaien axola izan. Ondoren, Shibusa Shirazu Orchestra japoniarraren ikuskizun eldarniozkoa etorri zen: musika biziki indartsua eta kolorez blaitutako show ikusgarria.

Broken Brothers Brass Band (Argazkia: Lolo Vasco).
Broken Brothers Brass Band (Argazkia: Lolo Vasco).

45. Heineken Jazzaldia

45. Heineken Jazzaldia inauguratu zuen Jazz Band Ball-ak, dena den, beste une nabarmen asko eskaini zituen: Broken Brothers Brass Band talde ibiltariaren martxa alaia; Heineken Karpa lehertzear, Terje Rypdal, Miroslav Vitous eta Gerald Cleaver-en emanaldiekin; ELEW-ren piano txundigarria Frigo Gunean; Norvegiako Mari Boine laponiarra bere abesti misteriotsuekin; Supersilent-en –norvegiarrak hauek ere– proposamen elektronikoa… gustu eta joera guztietarako musika, alegia.

1.800 pertsona inguruk izan zuten, Jazzaldiaren bigarren egunean, Trinitate Enparantzara Ron Carter entzutera joateko zoria edo begi zorrotza. Jazzaren munduko benetako jaun honek, Donostiako Jazzaldia Saria jaso ondoren, kontzertu ahaztezin bat eskaini zuen, bere esker onaren erakusgarri, leialtasun kontrastatuko bi musikari lagun zituela: Russell Malone gitarra jotzailea eta Mulgrew Miller pianista. Aldez aurretik, Christian Scott tronpeta jotzaile gazteak argi utzi zuen etorkizuna ez dela bere egungo egoerari dagokion hitza, baizik eta bere tokia eginda daukala jada jazzaren orainaldian.

Ez zuten suerte txarragoa izan Victoria Eugenia Klubean bildu ziren ikus-entzuleek. Lehenengo Kontzertu Sekretua zen. Gizarte sareetan adi ibili zirelako izan zuten kontzertuaren berri, eta jazzale amorratuak zirelako, Jazzaldi honi izateko arrazoia eta zentzua ematen dioten horietakoak. Urte gutxi batzuk barru, Vijay Iyer pianista izar handi bilakatzen denean, kontatu ahal izango dute hiru metrora ikusi zutela eta baldintza ezin hobeetan entzun zutela haren musikaren ederra.

Eta suertedun izan ziren, orobat, Victoria Eugenia Antzokian Arturo Sandoval ikusi zutenak, bere karrerako momentu onenean, arbaso donostiarrak dituen Ed Calle saxofonista lagun zuela; eta Agertoki Berdean The Morning Benders eta These New Puritans taldeak txaloka hartu zituzten gaztetxoak; eta The Funk On Me talde hispano-britaniarrarekin Frigo Gunean dantza egin zuten guztiak; eta tokiko jazz taldeen kalitatea dastatu zutenak, Heineken Karparen barruan.

Hirugarren egunean, Pepe Habichuelak –katedraduna gitarra flamenkoan– eta Dave Holland-ek –kontrabaxuan doktore– ikasgai paregabea eman zuten Trinitate Enparantzan: nola uztartu eta konbinatu sentimenduan eta inprobisazioan oinarritzen diren bi musika, flamenkoa eta jazza. Ondoren, beste maisu handi baten emanaldia, kontrabaxu jotzailea kasu honetan, Stanley Clarke, japoniar gazte eta berritsu bat (pianoarekin hitz egiten duen moduagatik) aldean zuela: Hiromi.

Hondartzan, Mayer Hawthorne-ren soul berria, eta The Very Best taldearen festa afrikarra. Victoria Eugenia Antzokian, Wadada Leo Smith-ek argi utzi zuen abangoardiako jazza indarrean dagoela oraindik, eta Portico Quartet-ek bide berriak ireki zizkion mugarik gabeko jazzari.

George Benson 1986an izan zen, orain hurrena, Donostiako Jazzaldian. Hogeita lau urteren ostean, lehenean segitzen zuen: talde sendo bat atzean, lider karismadun bat aurrean. Zertarako aldatu. Archie Shepp, aldiz, berritzaile handia izan zen bere garaian. Leku nabarmena irabazi zuen jazzaren historian, free jazzaren loratzean jokatu zuen paperagatik. Jazzaldiak 1983an ekarri zuen Donostiara, hain zuzen ere, Shepp etapa horretan zegoela. Orain, bluesean, baladetan eta bopean babestu da, jazza hilezkor bihurtu duten genero horietan.

The Claudia Quintet-ek musika jotzen du eta ez da arduratzen egiten duen lanari etiketa jartzeaz. Hala ere, nabari zaie oraindik New Yorkeko Knitting Factoryren eragin ukaezina. Trinitate Enparantzako entzuleak berehala identifikatu ziren boskotearekin.

The Divine Comedy, Neil Hannon dotorearen asmakizuna, eta The Pains of Being Pure at Heart izan ziren Agertoki Berdeko azken garaiotako kontzertu arrakastatsuenetako protagonistak, gazte andanak erakarri baitzituzten beren emanaldietara.

Urrezko amaiera izan zuen 45. Heineken Jazzaldiak: Jessye Norman, operako prima donna bikaina; Kris Kristofferson, countryko elezaharra eta musika guztietako jenio eta maisu den Elvis Costello arduratu ziren horretaz. Jessye Normanek jazz musika kantatu zuen Kursaal Auditorioan. Trinitate Enparantza mukuru bete zuten ikus-entzuleek, berriz, une zoragarriak bizi izan zituzten Costellok eta Kristoffersonen hiru abesti elkarrekin abestu zituztenean.

Publikoaren bost egunetako erantzun gartsua garbi islatu zen estatistiketan: Jazzaldiaren 45. ediziora 106.000 ikus-entzule bildu ziren, ordaindutako eta doako emanaldiak kontuan hartuta.

Klik bakarrean

Kartela

45. Jazzaldia 2010 kartela (egilea: Virginia Errekalde).

45. Jazzaldia 2010 kartela (egilea: Virginia Errekalde).