2025eko uztailaren 22tik 27ra Donostian garatuko den Jazzaldiaren 60. edizioak José Luis Lanzagortak egindako kartela aurkeztu du

2024.12.18
©Juantxo Egaña

JOSÉ LUIS LANZAGORTA DA DONOSTIAKO 60. JAZZALDIKO KARTELAREN EGILEA

Diseinatzaile grafiko eta musikari hau Estudio Lanzagorta-ren sortzailea eta zuzendari kreatiboa da. Estudio hau diseinu grafikoko enpresa da, eta batez ere artearen eta kulturaren arloetan egiten du lan.

Bezeroetako batzuk: Artium, Donostia Kultura, Koldo Mitxelena Kulturunea, Tabakalera, San Telmo Museoa, Musée Basque de Bayonne, Kutxa Fundazioa, Donostia Zinemaldia, Donostiako Jazzaldia, Kursaal Fundazioa, Donostiako Musika Hamabostaldia, Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoia, Warner Music, Sony Music eta Get In Producciones.

Lanzagorta Donostiako Jazzaldiaren kartel gehien sinatu dituen egilea da, hamabi ediziotakoak, hain zuzen.

Musikari gisa, duela hamarkada batzuetatik hona, hainbat proiektutan parte hartu du Donostiako poparen barruan, Orquesta Mondragón, Puskarra eta Amateur taldeetako kide fundatzailea izan zen, eta kide izan zen ere La Buena Vida eta Amor a Traición pop talde donostiarretan.

60. JAZZALDIKO KARTELA: El Regreso de Max

José Luis Lanzagortak argi zuen omenaldi bat egin nahi ziola musikaz blaitu eta gozarazi digun Jazzaldiaren hirurogei urteko ibilbideari. Aurreko 59 edizio guztietatik, bada kartel bat egilea hiriko Jazzarekin konektatu zuena, eta betidanik oso begiko izan duena: Tomás Hernández Mendizabalek 1970eko ediziorako egin zuen kartela, kolore distiratsuekin eta lehen planoan bateria bat protagonista zuena.

Argi zeukan abiapuntua zein izango zen ─bateria eta kolore biziak─ eta jakitun ia kartelik ez dagoela instrumentu hori protagonistatzat duenik, erabakia hartu zuen 60. Jazzaldiko irudia omenaldi bat izango zela Max Roachi ─ 2025ean 101 urte beteko lituzkeen baketen maisuari. Hauxe da beraz haren itzulera Jazzaldira; 1999an bisitatu gintuen lehendik, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuenean eta Randy Weston pianistarekin batera kontzertu batean parte hartu zuenean.
Konposizioa osatzeko, Lanzagortak eskuz marraztutako tipografia aukeratu du, trazu informal eta askea duena, ilustrazioaren estilo grafikoarekin bat eginda.