8 kontzertu dohainik: Jamie Cullum, The War and Treaty, Anari, EXTC, Judith Hill, Crystal Murray, Bulego eta Sidonie

2025.03.06

Zurriolako hondartzan, Keler Gunea izango da Jazzaldiko gunerik heterogeneo eta jendetsuena. Uztailaren 23tik 26ra, zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik. Talde eta artista euskaldunak, britainiarrak, estatubatuarrak, katalanak, frantziarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, Jazz, rock, soul, country, blues, pop eta R&B tartean.

Uztailaren 23an (asteazkena) hasiko gara iluntzean, Jamie Cullumekin. 60. Jazzaldi honetan eskainiko dituen kontzertuetako bigarrena izango da, baita aukera paregabea ere musikari britainiarra doan ikusteko, bere alaitasun kutsakorrarekin, eta alde guztietatik darion energia sinpatiarekin. Ondoren, Donostian lehen aldiz, The War & Treaty bikotea izango dugu, Trotter senar-emazteek osatua. Beren ahots ahalmentsu eta gospel eta country fusioarekin, Estatu Batuetan izaten ari diren arrakastaren berri emango digute, inolako zalantzarik gabe.

Uztailaren 24an, ostegunean, Keler Guneko lehen txanda Anari artista, abeslari, gitarrista eta konpositorearentzat izango da; ezaguna da bere estilo musikal paregabea, sakontasun poetiko eta hunkigarritasun gordinez betetako bere letra zainduekin batera. Osteguneko bigarren kontzertua EXTC taldeak eskainiko du, Terry Chambers lider duena. Bateria ospetsu hau errepidera itzuli da bere EXTC bandarekin, XTC talde mitikoaren oinordekoarekin.

Uztailaren 25ean, ostirala, munduko izar handi bihurtzeko bidean dauden bi emakume gazte izango dira protagonista. Lehenik, Judith Hill abeslari, konpositore eta instrumentista estatubatuarra izango dugu, bere ahots ahalmentsuagatik, gitarragatik eta soul, R&B, funk, jazz eta rock generoetan erakusten duen moldakortasunagatik ezaguna, gospel eta bluesaren eraginekin. Ondoren, 23:30ean, Crystal Murray abeslari gazte paristarra arituko da; Bartzelonako Sonar eta Parisko Rock En Seine jaialdietan arrakasta handia izan duen ahots aparta.

Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, uztailaren 26an, Bulego izango dugu lehenengo eta Sidonie ondoren. Talde arrakastatsuen artean finkatu da Bulego, poparen aldeko apustua irmotu eta publikoaren arreta bereganatu duen proposamen musikal freskoarekin, halako nostalgia ukitua dariona, eta energiaz eta melodia itsaskorrez betea. Sidoniek, azken bi hamarkadetan Espainian izan den talde arrakastatsuenetakoak, inoiz ez du huts egiten bere zuzenekoetan energia nonahi zabalduz. Talde honen abestiak, horietako asko milaka pertsonarentzako belaunaldi arteko ereserki bihurtuak, aldi berean dira bizitasun handikoak eta malenkoniatsuak, dibertigarriak eta dramatikoak, rockeroak eta poperoak, euforikoak eta introspektiboak, ganberroak eta serioak…

KELERek, 60 Jazzaldiaren babesle nagusiak, jarri dio izena gune honi, KELER GUNEAri. Eta, aurreko edizioetan bezala, Zurriola hondartzan kokatuko da, kai-muturraren ondoan.

Uztailaren 23tik 26ra doako bi kontzertu izango dira egunean:

Uztailak 23:
-Jamie Cullum (20:45)
-The War and Treaty (23:30)

Uztailak 24:
-Anari (21:00)
-EXTC (23:30)

Uztailak 25:
-Judith Hill (21:00)
-Crystal Murray (23:30)

Uztailak 26:
-Bulego (21:00)
-Sidonie (23:30)