Marisa Monte
Marisa Monte (ahotsa, gitarra akustikoa), Eduardo Carvalho “Dadi” (baxua, gitarra elektrikoa, gitarra akustikoa), Davi Pires “Davi Moraes” (gitarra elektrikoa), Romário Junior “Pupillo” (bateria), Angelo Silva “Pretinho da Serrinha” (perkusioa, cavacoa)
Marisa Monte, interprete eta konpositore karioka, bere herrialdeko musikaren ikono bat da, garai guztietako abeslari brasildar handienetako bat. Bere ahots liluragarri, dotore eta leunarekin, mundu osoko entzuleen bihotzak konkistatu ditu. Bere ibilbidean zehar artista moldakorra eta berritzailea dela erakutsi du, tradizioa eta gaurkotasuna nahasteko gai, samba, bossa nova, baiãoa, popa, Jazza eta soula uztartuta. Ukaezina da Brasilgo musikari egiten dion ekarpena eta, zalantzarik gabe, eragin handiena duen artistetako bat da bere herrialdean.
Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egina du Marisa Montek, eta artista gailenekin kolaboratu du, tartean Caetano Veloso, Gilberto Gil, Cartola, Pixinguinha, Paulinho da Viola, Nando Reis (Titãs), Laurie Anderson, Naná Vasconcelos, Jorge Drexler, Adriana Calcanhotto, Marcelo Yuca eta Seu Jorge. Bere ibilbidearen une gorenetako bat Arnaldo Antunes eta Carlinhos Brownekin batera Tribalistas taldean parte hartu zuenean gertatu zen. Disko homonimoak, Tribalistas (2002), Brasilgo musika garaikidearen esentzia jaso eta fenomeno musikal bihurtu zen, mundu mailan oihartzun handia izan zuten abestiekin.
Agertokian, presentzia liluragarria eta magnetikoa du Marisa Montek, bere interpretazio sutsuei magia darie nota bakoitzean eta esperientzia ahaztezin bihurtzen dituzte bere kontzertuak. Jazzaldian, Marisa Montek bere ibilbidea errepasatuko du eta abesti ahaztezinak eskainiko ditu, tartean Ainda Bem, Já sei Namorar, Amor I Love You, Velha Infância…