Iñaki SalvadorTxoria nuen maite
Iñaki Salvador (pianoa, moldaketak, musika zuzendaritza), Ainara Ortega (ahotsa), María Berasarte (ahotsa), Hasier Oleaga (bateria), Aitor Bravo (bateria), Javier Mayor (kontrabaxua), Ángel Unzu (gitarrak, buzukia, perkusioa)
Iñaki Salvador donostiarra giltzarria da Euskal Herriko musikaren azken hamarkadetan eta, zalantzarik gabe, gure Jazzaren nazioarteko ordezkari garrantzitsuenetako bat. Pianista, konpositore, moldatzaile eta irakasleak piano, harmonia eta konposizioko ikasketak egin zituen, José Antonio Medina eta Jesús González Alonso pianisten edo Francisco Escudero konpositorearen zuzendaritzapean. Musika modernoari eta Jazzari dagokienez, autodidakta izan zen funtsean.
Bere ibilbide luze eta oparoan disko ugari argitaratu ditu, bere taldeak lideratu ditu, arrastoa utzi duten proiektuak sortu ditu, zinema, telebista, antzerki eta dantzarako soinu-bandak konposatu ditu, eta musikari ugarirekin kolaboratu du, besteak beste: Mikel Laboa, Perico Sambeat, Allan Skidmore, Pedro Iturralde, Jean Toussaint, Jorge Pardo, Javier Colina, Noa, Jesse Davis, David Xirgu, David Gómez, Mario Rossy, Jorge Rossy, Charles Tolliver, Raynald Colom, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquín Chacón, Alvin Queen…
Donostiako Jazzaldian parte hartu zuen aurreneko aldia hamazazpigarren edizioan izan zen, 1982an, eta bere emanaldi hari esker irabazi zuen bakarlari onenaren saria Euskal Taldeen Lehiaketan. Ordutik, Iñaki Salvador, 2020an Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuena, gehien parte hartu duen musikaria da gure jaialdian.
Iñaki Salvadorrek 25 urtez lan egin zuen euskal kantagintzako Mikel Laboa artista handiarekin. 2016an, Bilboko “Loraldia” jaialdiak sorkuntza berri bat enkargatu zion Iñaki Salvadorri: kontzertu bat taularatzea Mikel Jazzaren ikuspegitik helduta Laboaren musikari. Eskari horri erantzuteko Iñakik laukote bat osatu zuen, gerora seikote bihurtu zena (eta orain, bateria gehigarriarekin, zazpikotea). Proposamen hori hainbat agertokitan ikusi da; nabarmentzekoa Bordeleko “Rocher de Palmer” jaialdian aritu izana, edo Kanazawako Jazzaldian, Japonian, 2019an eskainitako kontzertuak.
Iñaki Salvadorren zazpikoteak Mikel Laboaren musika berregiten du musika inprobisatuaren eta Jazzaren estetikatik. Oraingoan, eta aurreneko aldiz Laboaren figuraren inguruko Salvadorren proiektuetan, testu kantatuekin, ahotsa funtsezko tresna gisa erabilita, bai Laboak aukeratutako poesia bai euskara lehen planoan jartzeko. Horretarako, karrera sendoa egina duten artista ezagunen talde bat eratu da. Moldaketak eta egokitzapenak, Laboak besarkatu zituen hiru ildo eta konpromiso artistikoek inspiratutakoak dira: tradizioaren errespetua eta ezagutza; poesia eta sorkuntza garaikidearen inguruko lana; eta ikerketaren eta abangoardiaren aldeko apustua.