2015
Publikoaren erantzun masiboa, 124.000 pertsona baino gehiago programatutako ehundik gorako emanaldietan, eta maila artistiko bikaina komunikabideen onespenarekin.

Donostiako Jazzaldiaren 50. urteurrenaren edizio biribila
50 Heineken Jazzaldia, Donostiako Jazzaldiko 50.edizioan, erabateko arrakasta izan zen maila artistiko zein publikoaren erantzunaren aldetik. Uztailaren 22a eta 26a bitartean, 124.000 pertsona baino gehiago gerturatu ziren 17 agertokietan programatutako emanaldietara, horien %80a doakoak. Nahiz eta euria bi egunetan izan, jaialdiko eszenatoki ezberdinetan jendetza izan zen, Trinitate Plazako sarrerak agortu eta Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea eta Kursaaleko Terrazetan giro bikaina sortu zen.
Artistek esperotakoa baino gehiago eman zuten. Jamie Cullumek aipamen berezia merezi zuen bere hiru agerraldiengatik: Agertoki Berdean DJ gisa, Kursaal Auditorioan bakarlari moduan -pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz-, eta Urgull ingururaino jendez gainezka zegoen Trinitate Plazan, big band baten buru. Publikoak sutsuki gozatu zuen britainiar artistaren jeinutasunaz eta jendearekin konektatzeko duen gaitasunaz.
Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek audientzia liluratu zuten, bakoitzak bere estiloan: Sílvia Pérez Cruzek mediterranear sentsibilitatearekin; Zazek bere jazz manouche estilo dibertigarriarekin eta chanson frantsesa erakargarriarekin; Dee Dee Bridgewater bere ahots zoragarriarekin oholtza menperatuz; Melody Gardot sofistikatuak banda itzelaren babesarekin eta Andrea Motis gazteak, abeslari izateaz gain, saxofoia eta tronpeta jotzeko ahalmena erakutsiz.
50 urte bete zituen jaialdi honen sorburua den Trinitate Plaza kuttuneko programazioak, bi emanaldi gogoangarri eskaini zituen: Andrzej Olejniczak eta Iñaki Salvador buru zituen boskotearen emanaldia, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan kokatua, eta The New Standard Triorena, elkarrekin edo bakarka, aurretik ibilbide luzea duten egungo jazzaren hiru maisuek osatua.
Ohikoa denez, Kursaal Auditorioak Jamie Cullumen soloaz gain, lehen lerroko kontzertuak eskaini zituen. Gaztetan John Coltranekin batera entseatzen zuen Benny Golson saxofonistak, soila baina zuhurtasunez beteriko agerpena egin zuen, eta hurrengo egunean hunkiturik eta atsegin handiz Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen. The Bad Plus hirukoteak, adierazpen bide berriak bilatzeko arduragatik ezaguna, azken bi hamarkadetako saxofonista nabarmenetarikoa den Joshua Redmanekin batu eta emaitza aparteko kontzertua izan zen. Bi urteren ostean, eta Masada Marathon historikoaren ondoren, John Zorn Donostiara itzuli zen eta Bill Laswell baxu-jotzaile eta Dave Lombardo bateria-jotzailearekin batera, izugarrizko soinu esperientzia sortu zuen.
Victoria Eugenia Antzokiko proposamena oso interesgarria izan zen. Norvegiako Kristiansand hirian ospatzen den PUNKT jaialdia Donostiara hurbiltzeko asmoarekin, eta PUNKT Donostian izenburupean, hiru emanaldi programatu ziren. PUNKT-en esentzia, Jan Bang eta Erik Honorék sortua, ohiko musika tresnak erabiliz emandako kontzertu baten ondoren, artista ezberdinek horren nahasketa egitean du bere funtsa. Heineken Jazzaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren elkarrekin ekoiztutako esperimentu honetan, Bang eta Honoréz gain, Eivind Aarset, Arve Henriksen, Nils Petter Molvaer, Sly & Robbie, Josetxo Silguero, Sidsel Endresen, Suso Saiz edo Mungolian Jet Set artistek parte hartu zuten, entzuleen zirrara sortuz.
Victoria Eugenia Antzokia guztiz bete zen, Iñaki Salvador eta Alexis Delgado piano-joleen Bach eta jazzaren arteko hurbilketaz gozatzeko.
Agertoki Berdeak sorreratik ezarri zitzaizkion helburuak bete zituen: amaigabeko festa izatea. Hasiera ona izan zuen: lehenbizikoz, Jamie Cullum DJ gisa aritu zen jendearen aurrean; Earth, Wind & Fire Experiencek aurrekoak hasitako parranda luzatu zuten, eta reggaeren sortzaileetakoa den Jimmy Cliffek gauari itxiera eman zion. Gainerako egunetan jazza, indie-a edo power pop-a txandakatu ziren, Gregory Porter, Lee Fields & The Expressions, Neuman, LoneLady, KAKKMADDAFAKKA eta Bullet Proof Lovers donostiarren eskutik, hurrenez hurren. Azken hauek besteen mailako arrakasta lortzera iritsi ziren eta euren ibilbide internazional geldiezina argi geratu zen.
San Telmoko gauak oso proposamen erakargarriak aurkeztu zituen, bata bestearengandik oso desberdinak gainera: Zanmari Baré eta Indikoko Reunión irlako kantu exotikoen lilura; Julia Biel, deskubritu beharreko abeslari eta piano jolearen lan bikaina; euskal jazzaren adierazle den Gonzalo Tejada baxu jotzaile donostiarrak Norma Jean Baker edota Marilyn Monroeri egindako omenaldia; Arve Henrikssen tronpeta jolearen soinua eta Trio Mediaevaleko emakumeen ahotsek bat eginik, europar musika eta geografian zehar eginiko bidaia.
Bere 50.urteurrenean, jaialdiak Cuadernos de Jazz jazzaren hedapenerako ezinbestekoa izan den aldizkariaren 25 urteak ospatu behar zituen: Azar Lawrence eta Charles McPhersonen laukoteek jam session bikaina eskaini zuten, Andrzej Olejniczak, Maciej Fortuna eta Mikel Anduezak ere parte hartu zutelarik.
Kursaaleko terrazak (Frigo, Heineken, Coca-Cola) festa jarraia izan ziren jaialdiaren bost egunetan zehar, proposamen ezberdinetaz gozatzeko aukera izan zelarik: The Cookers, Ray Gelato & Claire Martin eta Carla Cook bezalako nazioarteko artistek, bertako hogei bat talderekin batera aritu ziren.
Berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunerako, abuztuaren 16ra arte ikusgai egon zen Round Midnight 50 Jazzaldia erakusketa San Telmo Museoan antolatua eta TVE eta ETBk emititu zuten #jazzaldia50 dokumentala egin zen.
Bitxia da Donostiako Jazzaldiarekin gertatzen dena, 50 urte egin zituenean, inoiz baino gazteagoa mantentzen zen eta jazz garaikidearen historiako orrialde loriatsuak betetzeko grinarekin jarraitzen zuen. Poloniako jazzak presentzia handia izango du zalantzarik gabe 51. edizioan, Donostiak 2016ko europear hiriburutza kulturala partekatzen baitu Wroclaw hiriarekin. Beraz, eta poloniarrek esaten duten bezala, “Sto lat! (100 urtez bizi dadila!)”.
Datu batzuk
- 100 jarduera baino gehiago programatu dira.
- Jende asko bertaratu da, 124.000 pertsona baino gehiago.
- 17 agertoki desberdin.
Klik bakarrean
Kartela
50. Jazzaldia 2015 kartela (egilea: Alfredo León).
Txikijazz
Hiru urtez jarraian antolatutako ume eta familientzako Txikijazzak erabateko arrakasta lortu zuen. Jaialdiak belaunaldi berrietara iristeko asmoarekin egindako apustua, haur eta gurasoen parte hartzearekin babestua izan zen. Ekitaldi dibertigarri ezberdinekin batera, haurrek lehen aldiz jazz doinuak entzuteko aukera izan zuten, eurentzat egokituak izan ziren kontzertuen bitartez. Aipatzekoa da, Ray Gelato, Carla Cook eta Andrea Motisek Joan Chamorrorekin batera eskainitako kontzertuak. Aurrera pausua izan zuten publikoaren etorrerari dagokionez, 7.100 lagunek ongi pasatu zuten programatutako jarduera ezberdinekin.
Dokumentala eta liburua
Jazzaldia 50 dokumentala
Donostiako Jazzaldiak bere 50 urteko historia laburbiltzen du #jazzaldia50 dokumentalean, protagonistetako batzuen lekukotzak eta guztion oroimenean iltzatuta geratu diren hainbat kontzertu zoragarriren irudiak erabiliz.
50 edizio baino gehiagorekin, Jazzaldia estatuko Jazz jaialdi antzinakoena da eta Europako urtetsuenen artean dago. Jazzeko izen handi guztiak, salbuespenik gabe, igaro dira Donostiatik, eta haietako batzuk hainbat aldiz. Horregatik, dokumentala ez da soilik Jazzaldiaren historia, Jazz garaikide osoaren historia baizik.
Morgancrea-k egin du dokumentala eta koprodukzioko partaide dira TVE, Euskal Telebista eta Donostia Kultura; Carlos Rodríguez izan da gidoilari eta zuzendari. 56 minutuko iraupena du.
Dokumentala egiteko, berrogeita hamar elkarrizketa baino gehiago egin dira musikari, sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta jarraitzaileekin eta, kasu askotan, argitaratu gabe zeuden artxibo grafikoak eta ikus-entzunezkoak berreskuratu dira.
#jazzaldia50 lanak dokumentazio iturri askori eskertu behar diogun artxiboko material ugari bildu du. Garrantzizkoenak aipatuko ditugu:
- TVEk kontserbatu dituen grabazio zaharrenak 1967koak dira; 1970etik hona, Jazzaldiaren agertoki printzipaletako kontzertu gehienak grabatu ditu.
- EiTBren artxibo dokumentalari esker, Jazzaldiaren aurpegi sozial eta tokikoena erretratatu ahal izan da, baita 50 urteotan okupatu izan dituen hainbat espazio eta agertoki ere.
- KUTXATEKAk lehen hamarraldietako argazki ondare funtsezkoa kontserbatzen du, haietako asko jada existitzen ez diren egunkarietatik datozenak, La Voz de España eta Unidad, esate baterako.
- EL DIARIO VASCOk balio ikaragarriko materiala du bilduta (artikuluak eta argazkiak), ikus-entzunezko medioetan jaso gabekoa den neurrian.
- JAZZALDIA. Antolakuntzak berak, xeheki eta kontu handiz bildu du, urte hauetan guztietan, Jazzaldiaren inguruko informazio historiko guztia: programazioa, gertaerak, argazkiak, kartelak... Elkarrizketak egin zaizkien nazioarteko musikariei dagokienez, nabarmentzekoak dira Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield, Dee Dee Bridgewater, Dave Holland, Toshiko Akiyoshi, Nicholas Payton, Bugge Wesseltoft, Enrico Rava edota Nicholas Payton, bertako Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Mikel Azpiroz, Makala eta Mikel Erentxun ahaztuta utzi gabe.
Dokumentalean agertzen dira, orobat, Jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Río eta Miguel Angel Urrutia), eta hasierako antolatzaileetako batzuk (Imanol Olaizola, Ramón Peironcely, Rafael Aguire Franco, Francette Lafont eta Rafael Briz).
Kazetarien artean, Espainiako komunikabideetako Jazzeko kritikari garrantzitsuenek ematen dute iritzia, bai-eta, Estatu Batuetako, Frantziako eta Norvegiako zenbait medioetako kritikariek ere.
Dokumentala Jazzaldiaren historia egiten lagundu zuten eta jada gurekin ez dauden pertsonei eskainita dago:
- Langileak eta kolaboratzaileak
Charo Fernández, Esther Casares, Carola Ciriza, Renato Valeruz, Pedro Lafont, Francisco Antín, Xabier Portugal, Santiago Ugarte - Musika kritikariak
Federico González, Xabier Rekalde, Javier de Cambra, Raúl Mao, Juan Claudio Cifuentes
Jazzaldia 50 liburua
Jazzaldia 50 liburuak Donostiako Jazzaldiaren bost hamarraldiak dokumentatzen ditu. Berrogeita hamar edizioetako kronikak, kartelak eta artistak daude jasota, kalitate handiko argazki ugariz horniturik.
Jazzalditik igaro diren artisten orrialde osoko erretratu bikainak nabarmentzen dira: Charles Mingus, Ella Fitzgerald, Dizzy Gillespie, Art Blakey, Miles Davis… Ikusten den bezala, Donostiako Jazzaldiaren historia jazz garaikide guztiaren historia da.
5.000 izen baino gehiagoko aurkibidea du, Jazzaldian parte hartu zuten urtearen arabera. Tresna erabilgarria da, beraz, jazz zaleentzat, bereziki.
Azal gogorrekoaeta kalitate handiko couché paperezko 288 orrialde dituen liburua 15 eurotan dago salgai.
Jazzaldia 50 liburua erosi nahi baduzu, jar zaitez harremanetan helbide honekin: [email protected]. Mila esker.
Jazzaldia 50 liburuaren portada.