59 Jazzaldiaren baitan X JazzEñek Estatuko Jazzaren erakusgarri diren zortzi kontzertu eskainiko ditu uztailaren 24tik 27ra Victoria Eugenia Antzokian.

2024.05.08
59 Donostiako Jazzaldia - Jazzeñe 2024.

JazzEñe 2024k zortzi kontzertu eskainiko ditu lau saio bikoitzetan, uztailaren 24tik 27ra. Emanaldiak 12:30ean hasiko dira Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Nazioarteko programatzaileei zuzendutako Espainiako Jazzaren erakustaldiak aurten betetzen du bere hamargarren edizioa, eta lau urtez jarraian, Donostiako Jazzaldiaren baitan programatu da hiriko Udalarekin eta Donostia Kulturarekin lankidetzan.

Talde hautatuak

Uztailak 24 (12:30)

  • Trinidad Jiménez
  • Roberto Nieva 4tet

Uztailak 25 (12:30)

  • Mariola Membrives Trio
  • R.S. Basque Faktor

Uztailak 26 (12:30)

  • David Sancho
  • Juan Saiz

Uztailak 27 (12:30)

  • Marcelo Escrich Silent Quartet
  • Martín Leiton Quartet

Sarrerak salgai eta kontzertuak streaming bidez

Sarrerak salgai daude dagoeneko (prezioa 8 €) baita Victoria Eugenia Antzokirako abonamenduak ere (prezioa 44,2 €). Abonamenduan JazzEñeko 4 egunak eta William Parker Trio taldearen kontzertua (uztailaren 28an 12:30ean) sartzen dira. Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Kontzertuen gehieneko edukiera 840 eserlekukoa izango da, eta kontzertu guztiak streaming bidez emango dira Youtubeko Jazzaldia Live kanalean; esperientzia horrek jarraipen handia izan zuen aurreko hiru edizioetan.

249 Jazz proiektu aurkeztu dira

Zortzi talde horiek profesionalen batzorde batek hautatu ditu, jasotako 249 proiekturen artean. Batzordeko kideak hauek izan dira: Javier Estrella, JazzEñeko zuzendaria; Miguel Martín, Jazzaldiko zuzendaria; Lucía Rey, autorea, pianista eta konpositorea, JazzEñe 2023an aritua; Daniel García Diego, autorea, pianista eta artista, JazzEñe 2021ean hautatua; eta Begoña Villalobos, editorea eta In & OutJAZZeko zuzendaria.

JazzEñe-ri buruz

SGAE Fundazioaren programa bat da JazzEñe, helburu hauekin sortua: espainiar Estatuan egiten den Jazza nazioartean zabaltzea; bertako Jazz taldeek jaialdietan parte har dezaten sustatzea; SGAEko bazkideentzako nazioarteko birak promozionatzea, eta sektoreko profesionalen artean (autoreak, artistak, managerrak, programatzaileak, jaialdietako zuzendariak, diskoetxeak, etab.) topaketak eta esperientzien eta ezagutzaren trukea bultzatzea.

2014an Madrilen izandako lehenengo edizioaren ondoren, Valentziara lekualdatu zen lehiaketa, eta ondoren Zaragozara eta Malagara. Orain, hamargarren edizioan, Espainiako Jazzaren errealitatea publikoaren eta Europako jazzaldietako zuzendarien aurrean aurkeztuko duen erakustaldi hau Donostiako Jazzaldiaren testuingurura lekualdatuko da laugarren urtez jarraian. Jazzaldia, 59 edizio beteak dituena, Jazzaren euskarri nagusietako bat da Espainian, baina baita Europan eta munduko gainerako herrialdeetan ere.

Urte hauetan zehar artista ugari aritu dira beren errepertorioak interpretatzen Europa osoko jaialdietan, SGAE Fundazioaren Eñe programei esker.