Jazzaldia 2024ko uztailaren 23tik 28ra izango da eta salgai jarri ditu sarrerak eta abonamenduak agertoki hauetarako: Trinitate plaza, Kursaal Auditorioa, San Telmo Museoa eta Victoria Eugenia Antzokia

2023.12.14
Donostiako 59. Jazzaldirako lehen baieztapenak.

Programazioan bokalisten eskaintza bikaina dugu: Rufus Wainwright eta Diana Krall kanadarrak, lehena Jazzaldian aurreneko aldiz izango duguna, eta bigarrena, berriz, lider absolutua Jazzeko emakumezko abeslarien rankingean; Marisa Monte brasildar zoragarri eta berdingabea, konpositore bikaina eta agertokian karismaz betea; Sílvia Pérez Cruz katalana, aparteko momentu sortzaile batean, bere azken proiektuarekin; Gregory Porter handia, primerakoa eta ikonikoa Jazzeko gizonezko abeslari guztien artean; eta Youn Sun Nah korearra, fina, dotorea, xarma berezi eta ahots ikusgarri baten jabe.

Jazz garaikidearen arloan bi sortzaile apartari eskainitako bi ziklo nabarmentzen dira. Lehenengoa, John Zorn saxofonista, hiru saiotako protagonista izango da: bi Kursaaleko Auditorioan eta hirugarrena Trinitate Plazan. Guztira sei talde arituko dira hiru saio horietan, Julian Lage, Brian Marsella, Ches Smith, Jorge Roeder, John Medeski eta beste hainbat instrumentista bikain biltzen dituzten proposamenekin. Saxofonista eta konpositore handiaren ziklo honi amaiera bikaina emateko, Zorn bera Trinitate Plazan arituko da New Masada Quartet taldearekin.

Beste sortzaile garaikide handi bati eskainitako bigarren zikloan William Parker baxua izango da protagonista. Europan nekez ikus daitekeen musikari honek hiru kontzertu eskainiko ditu, bere hirukote, bikote eta laukotearekin, hiru agertokitan. Bi abonamendu sortu dira bi ziklo horietako bakoitzeko kontzertu guztietara joan nahi dutenentzat.

Gaur iragarritako izenen zerrendan Jazzaren eszenako beste izar asko daude: egungo Jazzean den pianistarik sortzaileena, Brad Mehldau, benetako jenioen laukote bat osatuta, lidergoa partekatuz Chris Potter saxofoian, John Pattituci baxuan eta Johnathan Blake baterian; gure musikan mito bihurtutako bikote bat, John Scofield eta Dave Holland; eta izarren belaunaldi berriko hiru pianista gailen, Marco Mezquida balearra, Marta Sánchez madrildarra eta Júlio Resende portugaldarra.

San Telmo Museoan, ohi bezala, anplifikaziorik gabeko akustika zorrotzean, pianista handiez gozatu ahal izango dugu eta aurten, berritasun gisa, baita duo emanaldiez ere.

Laugarren aldiz jarraian ospatuko da, Victoria Eugenia Antzokian, JazzEñeren hamargarren edizioa, SGAE Fundazioak antolatua. Lau saio bikoitz izango dira, showcase formatuan, Jazz hispanoaren eskaintza onenarekin. Aukeratutako 8 proposamenen programazioa 2024ko udaberrian emango da ezagutzera.

Iragarritako kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai daude jada. Erosketak presentzialki egin daitezke leihatilan, baita online ere, webgune honetan, eta Donostia Kulturaren webgunean.

Doako kontzertuen egitaraua

Lau esparrutako ordainpeko kontzertuak jarri ditugu orain salgai, baina oraindik iragartzeko dago Jazzaldiaren egitarauaren zati handi bat, gaur aurkeztutakoa bezain garrantzitsu eta erakargarria, gainerako kontzertu guztiena, alegia; gehienak doakoak, urtero bezala gure hiria musikaz blaitu eta besteak beste agertoki hauetan emango direnak: Kursaaleko terrazak, Keler Gunea eta Nauticool.

Programa, pdf. formatuan, hemen.