8 kontzertu dohainik: Izaro + Larkin Poe + Merina Gris + Shinova + Les Amazones d’Afrique + El Columpio Asesino + North Mississippi Allstars + Chill Mafia.

2024.03.19

Keler Gunea, Zurriolako hondartza zoragarrian kokatua, berriro ere, Jazzaldiko gunerik heterogeneoena eta jendetsuena izango da. Uztailaren 24tik 27ra zortzi kontzertu eskainiko dira dohainik, horietako bost emakumeek lideratuak. Talde euskaldunak, estatubatuarrak eta afrikarrak arituko dira bertan, eta askotariko estiloak entzungo dira, besteak beste hegoaldeko rock estatubatuarra, popa, musika urbanoa, teknoa, sustrai musikak, bluesa eta indiea.

Blues Garaikideko Album Onenaren Grammy saria irabazi berri duten Lovell ahizpak, Larkin Poe beren taldearekin batera, Keler Gunean arituko dute uztailaren 24an, Zurriolako hondartzan. Blood Harmony beren albuma Estatu Batuetako hegoaldeak ezaugarri dituen musiken bilduma zoragarria da: bluesa, gospela, bluegrassa edo, besterik gabe, hegoaldeko rocka. Berealdiko zuzenekoetan gorputz eta arima aritzeagatik, eta gitarra eta ahotsen birtuosismoagatik bereizten da Larkin Poe.

Agertoki berean, aurretik, gure hirian maiteen dugun artistetako bat izango da, Izaro. Aukera paregabea Cerodenero gozatzeko, artista kontsolidatu honek, aldi berean eboluzio betean dagoen honek, kaleratutako azken albuma. Abeslari zoragarri honek mundu propio bat du, eta hasieratik erakutsi ditu aparteko sentsibilitatea eta ezohiko nortasuna.

Egun horretan bertan, uztailaren 24an, beste lau kontzertu izango dira Kursaaleko terrazetan, oso bestelakoak elkarren artean eta, horrexegatik, erakargarriak. Hauek dira: BIGYUKI teklista japoniarraren taldea Tomoaki Baba saxofonistarekin; Marcin Masecki pianista poloniarra; Lakecia Benjamin saxofonista amerikarra; Eddie Henderson tronpetista handia, boskotean, Steve Davis tronbonistarekin, eta azkenik, Carolina Katum artista mexikarra, Akitanian ezarria.

Uztailaren 25ean, osteguna, Keler Gunean, agertoki honetan tokiko musika-eskaintza bikaina duen edizio honetan, bi euskal talde izango dira: batetik, Merina Gris, proposamen gipuzkoar garaikide eta bikaina; eta bestetik, Shinova, penintsulan goraldian diren indie taldeetako bat.

Benin, Mali eta Kongokoak jatorriz, Les Amazones D’Afrique taldeko abeslari ikusgarriak, berritasuna ekarri diotenak Afrikako popari, uztailaren 26an arituko dira. Egun berean, El Columpio Asesino taldeak, beren ibilbideari azkena ematen dien biraren barruan, agur esango die Zurriolako hondartzara hurbilduko zaizkien jarraitzaileei. Agur hunkigarria izango da egun horretakoa, publikoak haiekin elkar hartuta dena emango duen kontzertu honetan.

Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, aurreneko egunean hasi genuen estilora itzuliko gara, bluesaren eta hegoaldeko rockaren erreferentziazko North Mississippi Allstars taldearekin, ibilbide luzea, osatua eta askotarikoa egina duenarekin. Agertoki honi azken agurra egiteko Chill Mafia iruindar taldea izango dugu edizio honetan.

Agertoki honi gure babesle nagusi KELERek ipini dio izena: KELER GUNEA. Eta, aurreko edizioetan bezala, hondartzan kokatuko da, Zurriola hondartzan, morruari itsatsita.

Detritus da kartelaren egilea

Margolari, kartelgile eta marrazkilari donostiarrak Arte Ederretako lehen kurtsoa egin zuen Leioan, 1982-83 ikasturtean, eta orduan hasi zen pintzela erabiltzen kartelgintzako estiloarekin, aurretik komikiak marraztuz ikasitakoa jasota. Detritusek gaur arte mantendu eta garatu du estilo hori, obra berean testua eta irudia uztartuz.

80ko hamarkadan Euskal Herriko mugimendu alternatiboan murgildu zen, eta kartel ugari egin zituen hainbat gairi buruz: punka, okupa mugimendua, feminismoa, antimilitarismoa, ekologismoa... Ondoren, Bilboko beste talde artistiko batzuetan parte hartu zuen, tartean Safi Gallery-n eta Las Chamas-en.

Jarduera artistiko pertsonal horrekin batera, Detritus antzerkiko eszenografietan eta hainbat filmetako dekorazio arloan aritua da.

Kartela 59 Donostiako Jazzaldia

59. Jazzaldiko kartela, artistak berak, Detritusek, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran Jazzaldiari buruz dituen oroitzapenetan oinarrituta dago. Urte haietan, Donostiako jaialdi honek hiriaren itxura monokordea aldatu zuen kartel berriekin, kalean jotzen aritzen ziren bandekin, eta bisitarientzako logela handi gisa egokitutako Carmelo Balda pilotalekuarekin. Musikak eragindako emozioak, egun haietan, eten egiten zituen eguneroko betebeharrak, eta artista bera beste erritmo existentzial batean murgiltzen zuen. Arrazoi horiengatik guztiengatik, kartelaren egileak dioenez, “oso atsegingarria zait estilo kartelista, mugimendu alternatiboetan garatua, Jazzaldiaren izaerara egokitzea”.

Detritusek lortu egin du bere kartelak, Jazzaldia iragartzeaz gain, musikaren soinua jasotzea. Horrela, artistak berak azaldu duenez, agertoki urdinxka batean ageri den abeslaria errotulu gorri eta arrosakara bat abesten ariko litzateke; laukizuzen berde azidoek saxoaren tonu altuak irudikatuko lituzkete; eta saxofonista aldi berean izango litzateke abeslariaren entzumena eta belarritakoa, eta, bere soinu horiarekin, abeslariaren masailezurra osatu eta haren ahotsa bultzatuko luke.