2025eko uztailaren 22tik 27ra Donostian garatuko den Jazzaldiaren 60. edizioak ordainpeko bere programazioa aurkeztu du

2024.12.18

Jamie Cullum + Melody Gardot + The Beach Boys + Marc Ribot + Dave Holland + Chief Adjuah (Christian Scott) + Dee Dee Bridgewater + Hermeto Pascoal + Oscar Peterson Centennial Concert + Kurt Elling + The Yellowjackets + Chris Potter + Steve Coleman + Marco Mezquida + Yerai Cortés + Ray Anderson + Kirk Knuffke + Chicuelo + Andrew Bird + Bojan Z + Baptiste Trotignon + Pierre de Bethman

Donostiako Jazzaldiaren 60. edizio hau ospatzeko taxutu den musika-eskaintza kalitate handikoa, askotarikoa, erakargarria eta bizitasun handikoa izango da.

Aurreko urteetan bezala, Trinitate Plazan, Kutxabank Kursaal Auditorioan, FCC Victoria Eugenia Antzokian eta Škoda San Telmo Museoan (Klaustroan) egingo diren kontzertuen aurrerapena da hau.

Abenduaren 19tik aurrera, 10:30ean, salgai jarriko dira sarrerak eta abonamenduak. Erosketak presentzialki (leihatilan) edo online egin ahal izango dira, gure webgunean (www.jazzaldia.eus) eta Donostia Kulturarenean (www.donostiakultura.eus).

Kutxabank Kursaal Auditorioa:

Uztailaren 22an hasiko da guztia Kutxabank Kursaal Auditorioan, Jazzaren eta egungo poparen izar handienetako baten kontzertuarekin: Jamie Cullum britainiarra, Jazzaldian biltzen den publikoaren benetako idoloa, eta Donostian aritu den bakoitzean gailendu izan dena.

Egun horretatik aurrera, Kursaaleko Auditorioak beste 5 kontzertu aurkeztuko ditu, guztiak ere lehen mailakoak. Uztailaren 23an, musikaren historiak eman duen talde mitikoetako bat arituko da, The Beach Boys, bere sorreratik kide duen Mike Love buru dela, eta Bruce Johnstonekin, taldekidea 60ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik.

Ostegunean, 24an, etorkizun handiko gitarrista bat izango dugu gure artean, Yerai Cortés flamenkoa, estiloen gainetik dagoen bere proposamen gazte eta garaikidearekin. Oso denbora gutxian, bere ospea berehala zabaldu eta publiko handiarentzat irekitako era askotako agertoki eta jaialdietan izana da.

Jazzaldia behin baino gehiagotan saiatu da Hermeto Pascoal brasildar bikain, tropikal eta bakana ekartzen. Bere parte-hartzea bertan behera utzi behar izan genuen COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Azkenik, uztailaren 25ean, ostirala, Hermetok kontzertua eskainiko du Kursaaleko Auditorioan.

Uztailaren 26an, larunbata, aukera izango dugu musika garaikidean den figura sailkaezin, moldakor eta originalenetako baten hirukotea, Andrew Bird abeslari eta biolinistarena, ikusi eta entzuteko. Programazio honek dakarren beste berritasun interesgarria.

Kutxabank Kursaal Auditorioko emanaldiak igandean, hilak 28, amaituko dira. Egun horretan, Jazzaren kondaira handienetako baten jaiotzaren mendeurrena ospatuko dugu: 1925ean Montrealen jaiotako Oscar Petersonena. Eta hiru musikari aparten eskutik egingo dugu: Sullivan Fortner, New Orleanseko interpreteen azken belaunaldietatik gailendutako pianista, eta baxuak eta bateriak osatutako duo legendarioa, John Clayton eta Jeff Hamilton (azken hau, Petersonen taldeko bateria urte askotan), ezinbesteko figurak gure musikaren historian.

Trinitate Plaza:

Jazzaldiko agertokirik enblematikoenak, beti bezala, 4 gau eskainiko ditu, eta bi kontzertuz osatutako saio bikoitzaz gozatzeko aukera emango digu. Aurtengo programazioak izen handiak eta proposamen interesgarriak bildu ditu.
Uztailaren 24an, Steve Coleman maisuarekin eta bere Five Elements taldearekin hasiko gara; sutsu eta bizia beti, Coleman egungo Jazzaren eszenako saxo karismatikoenetakoa da. Kurt Ellingekin jarraituko dugu, egungo Jazz kantaririk onenetakoarekin; gogoan dugu oraindik Branford Marsalisekin Trinitate plazan hark eman zuen kontzertu bikaina. Oraingoan, Yellowjackets taldea izango du lagun, edizio honetarako beste berritasun nagusietakoa. Elkarrekin, Kurt Ellingek eta Yellowjacketsek, Weather Report taldearen abesti bikainen bertsioak aurkeztuko dituzte.

Ostiralean, hilak 25, Marc Ribot gitarrista handiarekin eta Hurry Red Telephone bere talde berriarekin hasiko da gaua. Ondoren, Jazz bokalaren dama handienetakoa, Dee Dee Bridgewater, “We Exist!” bere proiektua aurkezten izango dugu bertan.

Uztailaren 26an, Crosscurrents Trio, bi musikari bikain, Dave Holland kontrabaxuan eta Chris Potter saxofoian; Zakir Hussain handiak osatzen zuen hirukotea baina, tamalez, duela egun gutxi hil da eta oraindik ez dakigu zeinek beteko duen bere lekua perkusioa jotzen. Bigarren kontzertua, berriz, artista berritzaile, harrigarri eta ustekabeko batek emango du: Chief Adjuah (Christian Scott) tronpetista, konpositore eta ekoizleak.

Trinitateko azken saio bikoitzean, uztailaren 27an, kalitatea eta hurbiltasuna uztartzen dituzten bi proposamen. Lehenik eta behin, Marco Mezquida pianista eta Chicuelo gitarrista kolider dituen hirukotea; iberiar panoraman sasoi bete-betean dauden musikarietako bi, best seller formatuan. Ondoren, Melody Gardot, The Essential Melody Gardot (2024) bere azken diskoa aurkeztera datorren emakume abeslari bikain eta berezienetakoa.

Škoda San Telmo Museoa:

Hiru pianista frantses, hirurak sormenez gainezka eta piano soloan izugarrizko talentua erakutsiz, Frantziako Jazzaren eszenan beren estilo bereziak bizi duen goraldiaren berri ematera datoz San Telmoko klaustrora. Bertan, goizeko saioetako lehen hiru emanaldien protagonistak izango dira: Baptiste Trotignon, Bojan Z eta Pierre de Bethman.
Uztailaren 26an, Marc Ribot gure gonbidatu bereziaren txanda izango da, eta kontzertu bat eskainiko digu bakarlari gisa, gitarran eta ahotsean. Sortzaile bikain baten nortasunaz gozatzeko abagunea.

Azkenik, uztailaren 27an, solo formatutik aterata, baina eskaintza akustikoari eutsita, Kirk Knuffke kornetistaren laukotea izango dugu, Stomu Takeishi baxuarekin, Bill Goodwin bateria ospetsuarekin eta Ray Anderson tronboi zoragarriarekin batera osatua.

FCC Victoria Eugenia Antzokia (XI JazzEñe):

Jazzaldiaren barruan, bosgarren aldiz jarraian garatuko da JazzEñe, FCC Victoria Eugenia Antzokian. JazzEñeren hamaikagarren edizioa izango da hau, SGAE Fundazioak antolatua, eta, aurreko urteetan bezala, 4 saio bikoitz izango ditu, uztailaren 23tik 26ra, showcase formatuan, Jazz espainiarrak duen onena eskaintzeko. Aukeratutako 8 proposamenen programazioa 2025eko udaberrian emango da ezagutzera.

Uztailaren 27an, Victoria Eugeniak Marc Ribot handiaren hirugarren kontzertua hartuko du 60. Jazzaldian. Oraingoan bere talde irmoenetako batekin: Ceramic Dog. Trio magistrala, jenio honek egiten duen musikaren panorama osatua bezain harrigarria aurkeztera datorkiguna.

Doako kontzertuen programa:

Bihar jarriko ditugu salgai ordainpeko kontzertuak, baina oraindik iragarri gabe dugu Jazzaldiaren programazioaren zati handi bat, aurkeztutakoa bezainbesteko maila duena, edota handiagoa: urtero bezala gure hiria musikaz blaituko duten doako kontzertu guztiena.

Laster, 60. Jazzaldiaren programazioa zabaltzen eta osatzen joango da, baina dagoeneko izen batzuk aurreratu ahal ditugu: Clare Martin eta Jessie Gordon abeslariak; PianoForte pianisten laukotea; Blues Garaikideko disko onenaren Grammy baten irabazle War & Treaty taldea; Lew Tabackin saxofonista mitikoa; Jordina Millà pianista katalan gaztea, ECM zigilu ospetsuak argitaratu berri duena bere zuzeneko diskoa, “Munich”, Barry Guyrekin batera baxuan; Naissam Jalal flautista franko-siriar zoragarria, tradizio indostanikoaren hainbat musikari biltzen dituen talde batekin; Euskal Musikaren gazte eszenako talderik erakargarrienetako bat, Bulego; Crystal Murray abeslari frantsesa, David Murray saxofonistaren alaba; Judith Hill gitarrista eta abeslaria, eta beste asko.

Datozen hilabeteetan iragarriko ditugu doako kontzertu hauek guztiak, besteak beste Keler Gunean, Nauticoolen, Chillida Lekun eta Kursaaleko terrazetan emango direnak.