Bihar hasiko da Jazzaldia, kontzertu handiz eta une magikoz eta ahaztezinez betea egongo dena. Urtero bezala, giro ona eta musika hirian zehar zabalduko dira hainbat egunez.

2024.07.22

Hau posible izan dadin, musika eszenatokietara iritsi dadin, azpiegitura zabal eta konplexu bat dago, pertsona asko helburu berarekin lanean: dena ondo ateratzea eta jendeak zuzeneko musikaz gozatu ahal izatea.

Talde artistikoa:

Musikaririk gabe ez litzateke Jazzaldirik egongo; edizio honetan 391 artista izango dira parte hartuko dutenak, tokikoak zein atzerritarrak. 79 kontzertu eskainiko dituzte, 12 eszenatokitan.

Giza taldea:

Donostiako Jazzaldia aurrera atera dadin 450 pertsona inguru arituko dira lanean: teknikariak, segurtasun-langileak, sarbide-kontrolak, garbitzaileak, eszenatokien muntatzaileak, dendetako langileak, taberna eta kutxetako langileak, DYAko boluntarioak, gidariak, bideo-kamerak, cateringeko langileak, eszenatoki arduradunak, bulego eta administrazioko langileak...

Herritarren arreta:

Jaialdiak 4 denda izango ditu Jazzaldiaren merchandisingarekin, 4 sarrera salmenta puntu, informazio eta herritarren arretarako bulego 1 eta 11 barra.

Gainera, 6 salmenta puntu izango dituzten 4 foodtruck egongo dira:

-La Rodante Pizza - Frigo Gunean
-Q Street Food - Fnac Gunean
-Ama Tolosa - Fnac Gunean
-El Perro Salvaje - Keler Gunea, Frigo Gunea eta Fnac Gunean.

Indarkeria sexistaren aurkako informazio puntu 1: Jazzaldia indarkeria sexistaren aurka dago eta aurten ere, iaz bezala, informazio eta arreta puntu bat egongo da Zurriolako zubian, Kursaaletik hurbilen dagoen izkinan. Uztailaren 24, 25, 26 eta 27an zabalik egongo da 20:00etatik 01:30era.

Sarrerak:

Milaka pertsona etorriko dira kontzertu ordaindutako edo doakoetara, beste askok gure webgunearen eta sare sozialen bidez jarraituko gaituzte.
Sarrera salmenta oso ondo doa eta inoiz baino nazioartekoagoa da, 32 herrialdetatik eta 5 kontinentetatik erosi dira sarrerak. Oraingoz 14.800 sarrera saldu ditugu eta oraindik hainbat kontzertutarako badaude sarrerak salgai.

Gure webgunearen jarraipena:

Bestalde, duela gutxi berritu dugun gure webgunera, www.jazzaldia.eus, 178 herrialdetatik iritsi zaizkigu jarraitzaileak: Espainia, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Suitza, Irlanda, Belgika, Portugal, Herbehereak, Brasil, Suedia, Austria, Norvegia, Argentina, Kanada, Japonia, Mexiko, Polonia, Danimarka, Australia, Finlandia, Hungaria, Txile, Indonesia, Kolonbia, Grezia, Turkia, Txekiar Errepublika, Errumania, Serbia, Peru, Bulgaria, Uruguai, Hego Afrika, Zeelanda Berria, Eslovenia, Hego Korea, Maroko, India, Errusia, Thailandia, Senegal, Kuba, Pakistan, Ukraina, Nigeria, Malaysia, Bermuda, Mongolia, El Salvador, Singapur, Sri Lanka, Kamerun, Jordania, Maldivak, Mozambike, Nepal, Uzbekistan, Jamaika, Monako, Irak, Yemen, Zambia, Kanbodia, Samoa...

Birziklapena eta edukiontziak:

Aurten edalontziak itzuli ahal izango dira. 1 €-ren truke eskuragarri egongo dira eta erabilera amaitzean berreskuratu ahal izango da ordaindutako euroa. Horretarako 3 itzulera puntu egongo dira: Fnac Gunea (Kursaaleko Terrazak), Trinitate Plaza eta Nauticool.
FCC Medio Ambiente-rekin lankidetzan, ontziak eta zaborrak jasoko dira 20 esparrutan kokatuko diren 82 edukiontzi selektiboetan. 12 pertsonako talde batek sortzen den zaborra etengabe jaso eta sailkatuko du.

JazzEñe:

SGAE Fundazioaren eskutik, nazioarteko 10 programatzaile etorriko dira FCC Victoria Eugenia Antzokian, Jazzaldiaren barruan, egingo den X. JazzEñe jaialdira. Europako 8 herrialdetatik eta Senegaldik datozen musika programatzaileek JazzEñe edizio honetarako hautatutako 8 taldeen musika ezagutuko dute, talde hauen nazioarteko birak eta emanaldiak sustatzeko helburuarekin.

Prentsa akreditatuak:

Edizio honetara 67 kazetari akreditatu etorriko dira.