59. Jazzaldia borobila izan da
59. Donostiako Jazzaldiak arrakasta itzela izan du, alde batetik, egundoko maila artistiko eta musikalari esker, eta bestetik, jendearen erantzun ikaragarriari esker, ia kontzertu guztietan gainezka egin baitu, orotara 185.600 entzule izan direlarik.
Doako kontzertuek 165.000 pertsona erakarri dituzte, eta ordainpekoek 20.604, jaialdiaren historian errekorra izanik; 32 herrialdi ezberdinetatik erosi dira sarrerak, 13 kontzertuetakoak agortu dira, eta eskuragarri zeuden zenbakituriko sarreren %88,8 saldu dira. Trinitate plazako kontzertuetako 4tik 3tan “sold out” kartela eskegi dugu, Kutxabank Kursaal Auditorioko 6tik 3tan, eta Škoda San Telmo Museoko 4tik 3tan, Chillida Lekuko 2tan, FCC Victoria Eugenia Antzokiko 1ean, baita Maria Cristina Hotelean egindako ekitaldian ere.
Aurtengo musika kalitatea ezin hobea izan da; artista handiak, bertoko eta nazioarteko izarrak, goraka ari diren artistak, musika estilo ezberdinak… Oroimenean iltzaturik geratuko diren kontzertu eta uneak bizi izan ditugu: John Zorn anitz eta eutsiezinaren 3 saio berealdikoak, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen William Parkerren abangoardia eta sormen askea, Sílvia Pérez Cruzen ahots paregabea, Lakecia Benjaminen indarra, Potter-Mehldau-Patitucci-Blake laukotearen maisutasuna, Scofield Holland Duoren jakinduria, Gregory Porterren ahots sakon eta liluragarria, Larkin Poeren eta North Mississipi Allstarsen hegoaldeko rocka, IZAROren adierazkortasuna, Marcin Masecki poloniarraren sentsualitate latindarra, Júlio Resenderen dotoretasuna...
Jazzaldiak publikoaren erantzuna eskertu eta aintzat hartu nahi du, esparru guztiak betetzeaz gain, beste urte batez, jarrera eredugarriz eta istilurik sortu gabe jokatu baitu. Hiria, Jazzaldian zehar, musikaz blai egon da, jai giroan murgilduta, ospakizunean.
Trinitate plaza
Uztailaren 25ean, sarrera guztiak salduta, izar handiz osaturiko laukote batek eman zien hasiera Trinitate plazako kontzertuei. Chris Potter, Brad Mehldau, John Patitucci eta Johnathan Blakek ezin hobeto ulertu zuten elkar eta maila goreneko Jazza eskaini zuten. Gero, Youn Sun Nahk, kolore eta ñabarduraz beteriko bere ahots hunkigarriaz, Elles (2024) diskaren aurkezpena eta bestelako kantuak oparitu zizkigun.
Uztailaren 26an, berriz ere Trinia lepo, bi kontzertu zoragarriz gozatu ahal izan genuen. Marco Mezquidak, sasoi betean, bere azken proiektua interpretatu zuen, Tornado (2023), baita Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” bezalako zenbait sorpresa gehiago ere. Ondoren Gregory Porterren txanda izan zen, erraldoia zentzu guztietan, bere ahots paregabeaz plaza konkistatuta.
Uztailaren 27an, lehen saioan, John Scofield eta Dave Hollandek osaturiko super bikoteak kontzertu aparta eskaini zuen, jazzaren gaineko jakinduriaz betea. Jarraian William Parker heldu zen bere laukotearekin, eta zenbait unetan inprobisatsaile jeniala eta kontrabaxujole ospetsua alboka jotzera ere animatu zen.
Uztailaren 28an, azken egunean, John Zorn izan zen protagonista absolutua. Aurrekoetan parte hartu izan duen bi Jazzaldietan bezala, musikari estatubatuarrak arrasto sakona utzi du oraingo 59an ere. Bakarra, definitu ezina, oparoa, anitza, menperatzailea, gorgarria, sortzailea eta zoroki jeniala; bere musika eta energiarekin, han egoteko zortea izan genuen guztioi gozarazi zigun, ahozabalik utzi, liluratu.
Kutxabank Kursaal Auditorioa
Kursaala Jazzaldiko protagonista nagusietako bat izan da aurten, maila oso handiko 6 kontzerturekin. Silvia Pérez Cruzek, lehen egunean, publikoa bereganatu zuen bere ahots zoragarriarekin, eta Toda la vida, un día (2023) bere azken lana aurkeztu zuen. Entzuleek gozatu egin zuten Rufus Wainwright kanadarraren ahots adierazkorrarekin eta pianoarekin. 25ean, Marisa Monte brasildarrak ez zien huts egin bere jarraitzaileei. John Zorn bikainak bi kontzertu eman zituen Kursaalen uztailaren 26an eta 27an, eta berriro erakutsi zuen erabateko jenioa dela, jazzaren mito bizia. Bukatzeko, uztailaren 28an, Diana Krallek eserlekuak agortu zituen Kursaalen, artista kanadarraren ahots eta pianoari emana egon zena.
FCC Victoria Eugenia Antzokia
FCC Victoria Eugenia Antzokian JazzEñe jaialdiaren hamargarren edizioa ospatu da. Kontzertu guztietara 570 pertsona joan dira batez beste, eta kalitate handiko 8 musika proposamenez gozatu ahal izan dute: Trinidad Jiménez, Roberto Nieva 4tet, Mariola Membrives Dúo, R.S. Basque Faktor, David Sancho, Juan Saiz, Marcelo Escrich Silent Quartet eta Martín Leiton Quartet.
Uztailaren 28an William Parkerrek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen eta, ondoren, baxu-jotzaile ospetsuak, bere hirukotearekin, edizio honetako hirugarren eta azken kontzertua eskaini zigun, abangoardiako musikari dagokionez erreferentzia eztabaidaezina izaten jarraitzen duela argi utziz.
Keler Gunea
Keler Gunea, Zurriola hondartzan, izan da berriro agertokirik jendetsuena (123.000). Bertan, egunean bi kontzertuz gozatu dugu uztailaren 24tik 27ra bitartean.
Uztailaren 24an IZAROk ireki zuen Keler Gunea eta 45.000 pertsona etorri ziren kontzertuaz gozatzera. Ondoren, 23:30ean, Larkin Poeren txanda izan zen, Lovell ahizpek gaur egungo hegoaldeko rock talde garrantzitsuenetako bat direla erakutsi zuten.
Uztailaren 25ean, Merina Gris donostiarrek ireki zuten eguna zuzeneko indartsu batekin. Ondoren, Shinova bizkaitarrek milaka jarraitzaile erakarri zituzten.
Uztailaren 26an Les Amazones d 'Afrique taldeko abeslariek jendea dantzan jarri zuten bere erritmo afrikar alaiekin. Ondoren, El Columpio Asesino nafarrek beren zaleei, bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidean zehar eureganatutakoei, agur esan ahal izan zieten, modurik onenean, euren musikarekin eta mundu guztia abesten eta dantzan jarriz.
Uztailaren 27a izan zen azken eguna Keler Gunean. North Mississippi Allstarseko Dickinson anaiek hegoaldeko goi mailako rock bluesarekin erakarri zuten jendea. Ondoren, Chill Mafia kolektiboak eszenatoki honetako kontzertuei amaiera eman zien, arrakasta handiz, 12.000 pertsonak euren musika lotsagabe eta dibertigarria dantzatuz.
Frigo Gunea, Fnac Gunea, Nauticool eta Chillida Leku
Milaka lagun izan dira Frigo Gunea eta Fnac Gunea terrazetako doako kontzertuetan, guztira 37.250 lagun. Gustu guztietarako programazio anitzarekin, tokiko taldeak igo dira agertokietara, hala nola: Elkano Browning Cream, Musika eta Dantza Eskola Big Band, Iñar Sastre, Nacho Soto Trio, Oscar Garrido Quintet, Femm & Band, Gregario de Luxe, Les 4 Saxes & Co, Nhil, Alex Haro’s Freedom, Euskal Hot Club, Fran Serrano Quartet 0202 eta Motelas.
Era berean, nazioarteko panoramako izen handiak igaro dira agertoki hauetatik: Lakecia Benjamin, Eddie Henderson & Steve Davis Quintet, Carolina Katun, Bigyuki Band With Tomoaki Baba, Pere Bujosa Trio, Marcin Masecki eta North Mississippi Allstars.
Nautikoa, Jazz kontzertu batez gozatzeko gune pribilegiatua, Carolina Katunen eta The Fake Cousinsen kontzertuetan ere bete da. Paul San Martin eta bere lehengusuak izan dira Nauticooleko protagonistak 4 egunetan zehar.
Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunekin bat eginez, Jazzaldiak 5 kontzertu programatu ditu Chillida Leku museoko lorategietan: uztailak 21ean Iñaki Salvador, 25ean Noa & The Hell Drinkers, 26ean Federica Michisanti Quarter, 27an Carole Alston eta 28an MAC Sashophone Quartet-Rosario Giuliani.
Txikijazz
Bost kontzertu zoragarri izan ditugu Txikijazzaren 12. edizio honetan. Azpimarragarriena, sortu den giroa, gurasoek musikarekiko duten errespetua eta, batez ere, txikienen gozamena. 5 kontzertu oso desberdin izan dira, guztiak egundoko kalitatearekin. Noa & The Hell Drinkersek etorkizuneko blueszaleez bete zuen Chillida Leku, Itziar Yagüek eta Carole Alstonek beren ahots zoragarriekin familiak gozarazi zituzten eta Swingtronicsek eta Elkano Browning Creamek publikoa dantzan jarri zuten, lehenengoak inor gehiago sartzen ez zen Kutxa Fundazioa Plazan eta Elkanok eguzkipean Fnac terrazan. Oso edizio berezia.
Streaminga eta Sare Sozialak
Edizio honetan JazzEñeko 8 kontzertuak streaming bidez doan transmititu ditugu. Kontzertuak gure Youtubeko kanalean zintzilikatuta eta eskuragarri geratu dira.
Sare sozialetan 45.979 jarraitzaile ditugu.
WEBGUNEA
WEB (www.jazzaldia.eus)
Azken 30 egunak:
-54.818 erabiltzaile
-571.000 bisita
-1.393.720 ekitaldi
-2´14″ batezbesteko erabilpenen iraupena
Azken 12 hilabeteak:
-135.076 erabiltzaile
-909.432 bisita
-2.326.325 ekitaldi
-1´50″ batezbesteko erabilpenen iraupena
-Gure orrira 172 herrialdetatik sartu dira
60 Jazzaldia (2025):
Dagoeneko prestatzen eta lantzen ari gara Donostiako Jazzaldiaren hirurogeigarren edizioa, 2025eko uztailaren 22tik 27ra izango da.