2025 uztailak 27 • 11:00

18 €

San Telmo Museoa

©Evy Ottermans

Kirk Knuffke Quartet Featuring Ray Anderson

Kirk Knuffke (korneta), Ray Anderson (tronboia), Bill Goodwin (bateria), Stomu Takeishi (baxua)

Laukote ikusgarria, primeran moldatzen diren lau jenioz osatua. Izar talde hau ikusteko eta entzuteko aukera paregabea agertoki intimo eta hurbil batean, San Telmo Museoko klaustro magikoan.

Kirk Knuffke Coloradon hazi zen eta New Yorken bizi izan da 2005az geroztik. Han inprobisazioa ikasi zuen Ornette Coleman, Art Lande eta Ron Milesekin, eta Butch Morris kornetistarekin ere kolaboratzen hasi zen. Harrezkero, bere izenpean hainbat disko kaleratu ditu, lehenik Clean Feed eta No Business zigiluentzat eta, Jesse Stacken pianistarekin batera, SteepleChase Records-entzat, Charles Mingusen konposizioen album bat barne. Bestetik, Matt Wilsonekin eta Mary Halvorsonekin, Andrew D'Angelo Big Bandekin, Josh Roseman's Extended Constellations taldearekin, eta beste hainbat artistarekin lan egin du, tartean Roswell Rudd, Tootie Heath, Myra Melford, Cécile McLorin Salvant, James Brandon Lewis, Steve Swell, William Parker, Jeff Davis, Federico Ughi, Lisle Ellis, Charlie Hunter…

Sortzaile oparoa eta goraipatua, kornetista eta konpositore honek 20 album inguru ekoiztu ditu lider edo kolider gisa azken bi hamarkadetan. Kirk Knuffke nabarmendu egiten da edertasunaren bere bilaketa nekaezinagatik, berrikuntzarekiko, aniztasunarekiko eta ustekabekoarekiko duen zaletasunagatik, eta bere maisutasun instrumentalagatik, tradizioa eta berrikuntza uztartzeko, inprobisatzeko duen gaitasunagatik, baita bere moldakortasunagatik eta sormenagatik ere. Bere hitzetan: “Musika ederra sortzea interesatzen zait. Musika askea eta abangoardista denean ere, pertsonen bihotzera iristea nahi dut. Azkar, indarrez eta tonu altuetan jotzea gustatzen zait, baina edertasunak du beti lehentasuna, modu preziosista batean ez bada ere; garratza ere izan ahal baita”.

Ray Anderson baliteke izatea bere belaunaldiko tronboi berritzaile eta nabarmenena; Jazzaren tradizioa adierazpide berriekin uztartzeko duen trebetasunagatik eta instrumentuaren mugak muturrera eramateagatik da ospetsua. 70eko hamarkadatik, Andersonek tronboiaren soinu-maila zabaldu du teknika berritzaileen eta nortasun musikal paregabearen bidez. Interprete liriko eta berritzaile ausart gisa deskribatu izan da, doinu nostalgikoak eta inprobisazio ustekabekoak konbinatzeko gai dena, asmamen eta sormen handiarekin.

Hainbat proiekturen buru izan da, tartean Slickaphonics, Pocket Brass Band eta BassDrumBone, eta Charlie Haden eta Anthony Braxton figura mitikoekin kolaboratu du.

2003az geroztik, Anderson Jazz Ikasketetako irakasle eta zuzendaria da Stony Brook Unibertsitatean. Sari ugari jaso ditu, eta grabatzen eta interpretatzen jarraitzen du, entzuleei poza eta emozioa transmitituz, musikak sendatzeko duen ahalmenean sinesmen irmoari eutsita.

Bill Goodwin bateria estatubatuar moldakor eta izen handikoak hamazazpi urte zituela ekin zion bere ibilbide profesionalari, Charles Lloyd saxofonista ospetsuarekin batera. 1960ko hamarkadan musikari gailenekin lan egin zuen, tartean Mike Melvoin, Art Pepper, Paul Horn, Frank Rosolino, Bud Shank, George Shearing eta Gabor Szaborekin, eta horrela finkatu zen funtsezko talentu gisa Jazzaren eszenan.

1969an Gary Burton bibrafonista birtuosoarekin elkartu zen, eta horrek eraman zuen Estatu Batuetako ekialdeko kostaldera. Burtonen ondoan hiru urte oparo eman ondoren, Poconoko mendietara joatea erabaki zuen Goodwinek, eta han jarraitu zuen bere ibilbidea hoteletan eta resortetan jotzen. 1974an garrantzi handiko zeregina bete zuen Phil Woodsen laukote mitikoaren kide fundatzaile gisa. Berrogei urtez, funtsezko figura izan zen talde honetan, baita ekoizle gisa ere, eta hiru Grammy sari irabazi zituen berarekin.

Bere ibilbide arrakastatsuan zehar Jazzaren musikari gailenekin partekatu zituen agertokiak eta grabazioak, batzuk aipatzearren, Bill Evans, Lee Konitz, Dexter Gordon, Jim Hall, Bobby Hutcherson, June Christy, Joe Williams, Tony Bennett, Mose Allison eta The Manhattan Transfer-ekin. Bere maisutasun musikalaren, konpromiso artistikoaren eta Jazzaren munduan izan duen eragin iraunkorraren testigantza da Goodwinen karrera.

Stomu Takeishi (Mito, Ibarakiko prefektura, 1964an jaioa) japoniar baxua trebea eta moldakorra da, Jazzari eta musika esperimentalari egindako ekarpenagatik ezaguna. Bere estilo bereizgarria trasterik gabeko bost sokako baxu elektrikoa eta Klein baxu akustikoa erabiltzean datza, hau ere bost sokakoa. Bi instrumentu horiek manipulazio elektroniko aurreratuekin osatzen ditu, esaterako loopingarekin. Horren bidez, soinuzko paisaia paregabeak eta inguratzaileak sortzen ditu.

Takeishik koto instrumentu japoniar tradizionalaren interprete gisa hasi zuen bere ibilbidea, 1983an Estatu Batuetara joan aurretik Bostongo (Massachusetts) Berklee College of Music ospetsuan ikastera. 1986an ikasketak amaitu ondoren, Manhattanera joan zen bizitzera, The New School-en prestakuntza hobetzea helburu.
1990eko hamarkadan Takeishi musikari berritzaileen artean kokatu zen New Yorkeko Jazzaren eszenan. Goraipamen ugari jaso ditu kritikarien eta lankideen aldetik, soinuaren eta tinbrearen ikuspegi sortzailea eta sentiberatasun aparta erakusteagatik. Bere ibilbidean zehar nazioarteko jazzaldi garrantzitsuetan parte hartu du, eta New Yorkeko, Estatu Batuetako eta Europako agertoki nagusietan aurkeztu da.

Takeishik Don Cherry, Henry Threadgill, Pat Metheny, Bill Frisell, Butch Morris eta Dave Liebman musikari ikonikoekin kolaboratuz eta/edo grabatuz, era askotako estiloetara moldatzeko eta proiektu bakoitza bere arrasto artistiko bereziarekin aberasteko duen trebetasuna erakutsi du.