2025 uztailak 27 • 20:00

50 €

Trinitate plaza

Chicuelo - Marco Mezquida: Del alma

Marco Mezquida (pianoa), Juan Gómez "Chicuelo" (gitarra), Paco de Mode (perkusioa)

Bi musikari itzelek, benetako izarrak bakoitza bere aldetik, 2016an ezagutu zuten elkar, eta konexio sakona sentitu zuten; bat-bateko “maitemin” artistikoa antzeko bi arima musikalen artean (Mezquida Jazzetik eta musika klasikotik, eta Chicuelo flamenkotik). Oreka bikaina iragartzen zuen elkarraldi haren ondorioz, disko zoragarrien trilogia bat dugu gaur egun, zeinarekin konkistatu dituzten mundu osoko entzuleak eta agertokiak, Paco de Moderekin perkusioan, metal eta zurekin. Beren lehen lana, Conexión (2017), egin eta bi urtera, No hay dos sin tres (2019) iritsi zen, sakonagoa eta helduagoa, eta hirugarren album bat iragartzen zuen, Del alma (2024), bi musikariak bizi diren leku zintzo eta pertsonal horretara eramaten gaituena.

Juan Gómez ‘Chicuelo’ flamenkoaren egungo panoramako gitarrista garrantzitsuenetako bat da eta, aldi berean, azken belaunaldietako konpositore emankor eta interesgarrienetako bat. Cornellà de Llobregaten hasi zen, 12 urte zituela, Casimiro González gitarrista eta luthierrarekin. Harrezkero, Chicuelo etenik gabe aritu da sorkuntza eta produkzio lanetan: Tablao de Carmen-en lan egin du artista ugariekin (Mario Escudero, Angelita Vargas, La Tolea, Eva Yerbabuena, Sara Baras, Adrián Galia, Belén Maya, Antonio ‘El Pipa’, Joaquín Grilo…); hainbat musikariren ohiko gitarrista izan da (Miguel Poveda eta Duquende, Enrique Morente, Mayte Martín, Rancapino, La Susi, La Marelu, Chano Lobato, José Mercé, El Cigala, Potito, Carmen Linares…); bestetik, Jazzeko musikariekin lan egin du (Chano Domínguez, Carles Benavent, Jorge Pardo, Jordi Bonell, Raynald Colom…); diskoen produkzioak zuzendu eta artisten lanak grabatu ditu (Ginesa Ortega, Miguel Poveda, Duquende, Mayte Martín, Joan Manuel Serrat, La Vargas Blues Band, Antonio Carmona, Jordi Bonel…); bakarka kaleratu ditu Cómplices (2000), Diapasión (2007) eta Uña y carne (2019) diskoak; musika konposatu du artista ospetsuenen flamenko dantzako konpainientzat (Antonio Canales eta Israel Galván) eta Pablo Bergerren Blancanieves filmarentzat, besteak bete.

Marco Mezquida menorcarra, oraindik 40 urte bete ez dituen arren, musikari ospetsuenetakoa da penintsulako eszenan. Munduko edozein agertoki konkistatzera bideratutako artista. Eklektikoa eta kamaleonikoa, bikaina konpositore, pianista, inprobisatzaile eta zuzendari gisa. Hogei disko baino gehiago grabatu ditu bere proiektuen aitzindaritzan, eta berrogei baino gehiago musikari onenekin batera hainbat proiektutan parte hartuz. Hogeita hamabost herrialde baino gehiagoko auditorium, areto eta jazzaldietan aritu da. Lee Konitz eta Dave Liebman Jazzeko kondairekin lan egin du. Taldeak osatu ditu Chicuelo gitarristarekin, Sílvia Pérez Cruz abeslariarekin eta Sol Pico dantzariarekin. Hainbat proiektutan parte hartu du, tartean Beethoven Collagen, Pieris hirukotean eta MAP hirukotean. Gainera, nabarmentzekoak dira bere piano solo kontzertu goraipatuak, non gailendu egiten den bere inprobisatzaile eta konpositore fazetan. Julio Manriqueren bi antzerki produkzio arrakastatsu eta sarituetarako musika ere konposatu eta grabatu du. Hainbat sari jaso ditu bere ibilbide musikal bikainean zehar: Bartzelona Hiria saria, urteko disko onenaren Enderrock sari bat baino gehiago, Urteko Musikariarentzako saria AMJMk 4 aldiz emana.

Melody Gardot

Artista bakoitzak istorio bat du, eta Melody Gardotena funtsezkoa da bere musika ulertzeko: 19 urte zituela auto batek harrapatu zuen; osatu bitartean terapia gisa erabili zuen musika eta, oraindik ospitalean zegoela, abestiak grabatu eta kaleratu zituen. Irtetean, Filadelfian zehar hasi zen jotzen. Laster fitxatu zuen Universal Records zigiluak, eta harekin kaleratu zuen iraupen luzeko bere lehen albuma, Worrisome Heart (2006). Hala, lan harekin erakutsi zuen berezkoa zuen talentua, Jazzaren eta bluesaren maisulan bokalei ukitu pertsonal eta imitaezina ematekoa.

Bigarren diskoarekin, My One and Only Thrill (2009), Larry Kleinek ekoiztua, 1,5 milioi kopia saldu zituen eta hiru izendapen lortu zituen Grammy sarietara. Heitor Pereirak ekoiztutako The Absence (2012) lanak erritmo exotikoagoekin hedatu zuen bere soinua. Currency of Man (2015), R&Bren, bluesaren eta poparen eraginekin. Bere zuzeneko albumak, Live in Europe (2018), bere emanaldi nabarmenenak ospatu zituen. Sunset In The Blue (2020) eta Entre eux deux (2022) diskoek jarraitu zieten. Argitaratu duen azken lana The Essential Melody Gardot (2024) da. Disko honek, 60. Jazzaldian aurkeztuko duenak, 14 urteko ibilbidea biltzen du, Gardotek berak aukeratu eta antolatutako 25 abestiren bidez.

Melody Gardoti denboraz kanpoko originaltasuna dario, sailkaezina da, eta hala ere, argi eta garbi lotuta dago baretasun giro eta intimitate eutsiaren ahots-tradizio iraunkorrarekin, gutxieneko keinuak eta sotiltasun gorena nagusi diren estiloarekin; izan ere, bere erreferenteen artean daude Billie Holiday, Peggy Lee, Edith Piaf, Blossom Dearie, Chris Connor, Shirley Horn, Astrud Gilberto....

Bere konposizioek maitasunaren, tristeziaren eta galeraren oroitzapen sinesgarriak jasotzen dituzte, baita bere bidaietan hartu dituen eraginak eta iraganean igarotako denbora ere Marokoko basamortuetan, Buenos Airesko tango-tabernetan, Brasilgo hondartzetan, eta Lisboa eta Parisko kaleetan. Ospitale batean hasi zenetik arrakasta globala izan duen arte, bere ibilbideak talentu aparta islatzen du, oraindik eskaintzeko asko duena.